«It's crazy». Festa eroa da. Halaxe laburbiltzen dituzte sanferminak Ron eta Jun gazte australiarrek. Lehen sanferminak izanagatik eta atseden gutxi hartuagatik, berriro itzultzeko irrikan daude. Txupinazoaren eztanda, festetako gaueko giroa, entzierroa eta zezenketaren bat bertatik bertara ezagutu dituzte, eta asteburuaren ostean, Bartzelonarantz doaz. Zazpi orduko autobus bidaia dute aurrean. «Hurrengo egunetan lo eta lo egiteko asmoa besterik ez dut», erantsi du haien adiskide batek. Ronek eta Junek gutxienez etxebizitza batean lo egiteko tokia topatu dute, eta adiskideak baino aurpegi hobea antzematen zaie.
Ugari dira egunotan Iruñera etortzen diren kanpotarrak. Mexikarrak, estatubatuarrak, espainiarrak, frantsesak eta, batez ere, urrutitik etorriagatik, australiarrak. Amaia Floresek Orreaga etorbideko turismo bulegoan lan egiten du: «Ez dakit zergatik den, baina entzun izan dut australiarrek urtebeteko urte sabatikoa hartzen dutela eta Europan ezagutu beharreko festak dituztela sanferminak». Fanatics izeneko bidaia agentzia baten bitartez etortzen dira Iruñera. Municheko Oktoberfest eta Sienako Palioaren gisara iragartzen dituzte sanferminak agentzia horretan.
Aurtengo sanferminek bi asteburu izango dituzte. Garai batean, horrek jendetza erakarriko zukeen Iruñera. Aurten, ordea, jende asko egonagatik, ez da duela urte batzuetako jende uholderik egon. Iruindarren pertzepzio orokor hori berretsi dute bisitariekin harreman zuzena dutenek.
Adibidez, Luis Felipe Correak. Asteburuaren ostean, bestondoa etorri da hirira, eta nabarmen nabaritu da autobus geltokiko kontsignan. Astelehena izaki, Correak besoak gurutzatuta dauzka, eta asteburu honetan lan gehiago egin badu ere, baieztatu du azken lau urteetan lan erritmoa jaitsi dela: «Nire lehen urtean, asteburuetako egun guztietan txandako orduetan gelditu gabe egoten nintzen. Beherakada nabaritu egiten da».
Ondorio berera iritsi da Mirentxu Asin. San Frantzisko plazako kontsignaren kanpoaldean dago, zigarroa erretzen, lasai. Lehen bi egunetan izan dute jende gehien. Hala ere, duela lau urteko joan-etorriekin, zerikusirik ez. «Orduan, kanpoalderainoko ilarak egoten ziren», adierazi du.
Juanjo taxilaria da, eta ideia bera nabarmendu du. Egunotan, batez ere, kanpinetara joaten diren atzerritarrekin lan egiten du, eta, ohi baino lan gehiago izan arren, erritmoa jaitsi egin da. Juanjok, gainera, «zorte txarra» izan duela adierazi du. Asteburuan egindako bidaietan «hiru aldiz» egin diote oka bezeroek taxi barruan. Horrek aditzera ematen du zer baldintzatan egin behar duten lan auto gidariek. Haien orduaren prezioa nabarmen jaitsi da; taxilariak haserre daudela nabari da. «Sanferminak bukatzen direnean, Iruñea hil egiten da».
Maissonave hoteleko arduradun Ester Sanz kontentuago dago. Hotela guztiz beteta egon da, eta orain, %90ean. Erreserbak egunetik egunera egiten dira. Horretan ere ohiturak aldatzen ari dira, eta, sanferminak izanagatik, azken orduko bezeroek lekua topatu ohi dute.
Sanferminak Iruñean
Asteburu ondoko bestondoa
Kontsignetako langileek baieztatu dute asteburuan Iruñera jende asko etorriagatik aurreko urteetan baino gutxiago etorri delaJendearen joan-etorriak nabarmen gutxitu dira autobus geltokian eta taxi gidarien artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu