Iritsi da gereziak biltzen hasteko garaia baserritarrentzat, eta hori ospatzeko, festa egunak antolatu dituzte Barakaldon (Bizkaia) eta Itsasun (Lapurdi).
Gereziak saltzeko azoka antolatzeko ideia ez da berria Barakaldon, aspalditik datorren ohitura da, nahiz eta hainbat urtetan bertan behera geratu zen. 2006an hasi ziren berriro gereziaren bueltan azoka antolatzen, baserritarrek bildutakoa saldu ahal izateko.
Larunbatean egingo den azokan, ordea, ez dira gereziak bakarrik izango. 24 postu jarriko dituzte, eta inguruko baserritarrek bildutako gereziez gain, txakolina, gazta, ogia, barazkiak eta euskal pastela ere salduko dituzte, besteak beste. Elikagaiak ez ezik, eskulanak ere egongo dira erosleen eskura.
Bestelako ekitaldiak ere prestatu dituzte, egun osoko egitaraua osatzeko.10:30ean zabalduko dute nekazaritza eta eskulangintza azoka. Eta ondoren, goizean, txistulariak, argazki erakusketa, pilota partida, trikitilariak eta Barakaldoko musika bandaren kontzertua izango dira.
Eguneko ekitaldiei amaiera emateko, herri kirolen saioa egingo dute, 18:30etik aurrera.
Itsasun, igandean
Igandea aukeratu dute Itsasun gereziari gorazarre egiteko. Tradizio handiko produktua da gerezia herrian, eta sona handia lortu du, baita herritik kanpora ere. 5.500 gereziondo dituzte Itsasun, eta batez ere, hiru gerezi mota ekoizten dituzte haietan: xapata, beltxa eta pelua. Euskal Herriko aroaren gorabeherak gainditzeko duten gaitasuna da hiruren ezaugarri nagusia.
Gereziaren festa eguna lagungarria zaie oso herriko ekoizleei; baina ez haiei bakarrik, herriko elkarteentzat ere diru iturri handia da.
Eguna mezarekin hasiko dute, eta, ondoren, Atharri ezker paretan pilota partida jokatuko dute, 10:30ean. Ordu berean izango da Itsasuko gereziekin egindako marmeladen bigarren lehiaketa.
Eguerdian, dantzak hartuko dio lekua pilota partidari. Mutxikoak dantzatuko dituzte, eta aperitifa egingo dute ondoren, Ezpeletako txarangak animaturik.
Herri bazkariaren ondotik, euskal dantzen ikuskizuna eta herri kirolen saioa egingo dituzte. Egun osoan, gereziak eta bertako produktuak saltzeko azoka egongo da.
GEREZIAREN EGUNAK
Non. Barakaldon larunbatean (Bizkaia); Itsasun igandean (Lapurdi).
Asteburuko proposamenak
Asteburua, gorriz jantzita
Barakaldo-ItsasuGereziak dastatzeko eta erosteko aukera eta festa egun osoa izango dute bi herrietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu