Jaiak. Bermeo

Asteburuan, jaietako egun handiak

Gaur eta bihar egun handiak izango dituzte kostako herrian: Andra Mari eguna eta Arrantzale Eguna

Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Asteburu handia edo itsosupetekue izango da honakoa, Bermeon(Bizkaia) esaten duten bezala. Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan murgilduta dago herria joan den domekatik, baina ez da amaitu festa eta parranda Bermeon. Izan ere, bi egun handi ospatuko dituzte asteburu honetan kostako herrian: Andra Mari eguna gaur, eta Arrantzale Eguna bihar. Ekitaldiz betetako egunak izango dira, beraz, umore on eta giro jatorrez josiak.

Asteburuko lehen ekitaldia 10:00etan hasiko da, gaur: Bermeoko Udalaren Plater Tiraketako39. Txapelketa egingo dute Arronategi auzoan, Atxurra hotelean. Ordu berean, udalbatza kontzejupean batuko da, Alkate soinua entzuteko. Ondoren, Almikako Andra Mari elizarantz abiatuko da udalbatza, Alkartasuna dantza taldeko dantzariekin, erraldoiekin, Kankinkabara txistu taldearekin eta Aiarako musika bandarekin batera. Behin hara iritsita, meza nagusia egingo da elizan, 11:00etan. Zeremonia amaituta, erraldoiek ekitaldi berezia egingo dute, eta, horren ondoren, auzoan zehar triki-poteoa egingo dute bertaratzen direnek.

Kirolak ere izango du txokorik. Izan ere, eguerdian Haur eta Gaztetxoen II. Akuatloia egingo dute. Portuan igeriketa eta korrika saioak egingo dituzte parte hartzaileek. Ordu berean, Itsas Gane futbol zelaian, Bermeo eta Portugaleteko taldeak aurrez aurre arituko dira. Baina izerdirik egin nahi ez duenak musika izango du. Horretarako, emankizunak egongo dira herri osoan. Esaterako, 12:30ean hasi eta 20:00 arte kantu lehiaketa egingo da hainbat tabernatan. Eta 13:00etan, Aiarako musika bandak kontzertua emango du Sabino Arana plazan.

Arratsaldean, kirol gehiago. Lehenengo, esku pilotako partidak izango dira Artzako pilotalekuan, eta idi probak 18:00etan Almikako probalekuan. Ordu berean, haurrak danborradan aterako dira. 22:30ean, Valecea piroteknia etxearen su festa izango da. Baina bolbora gehiago ere erreko da su festaren ondoren, zezensuzkoa aterako baita Sabino Arana plazan. Eguna amaitzeko, Ramonetarrak eta Gansos Rosas omenaldi taldeak arituko dira Lameran parranda giroa alaitzen.

Jaiaren jarraipena

Batek baino gehiagok biharamuna izango dute bihar. Bada, ajea pasatzen hasteko, 23 urtez azpiko elite mailako txirrindulari lasterketa egingo da Bermeon, hau da, LII. Sollube Zirkuitua. 11:00etan, arrantzaleen omenezko meza egingo da Santa Eufemia elizan, eta hortik aterata, txistulariekin kalejira egingo da, eta lore eskaintza Alkartasuna dantza taldearekin. Saregileak eta makinistak omentzeko beta ere egongo da. Eta Galerna elkarteari esker ona azalduko zaio.

Goizeko ekitaldiak amaitu, eta arratsaldean, 15:30ean, euskal preso eta iheslarien aldeko herri bazkaria egingo da portu zaharrean. Baina horren aurretik herriko kaleetan jai giroa zabaltzeko ardura izango dute El Despiste, Los Incasables, Guretzat eta Patxaranga fanfarreek. Aurreskua egingo dute lehenbizi Sabino Arana plazan, eta handik abiatuko dute jaitsiera, 13:00etan. Ordu erdi geroago, Taraskari lore eskaintza egingo diote San Frantzisko plazan. Baina fanfarreen lana ez da hor amaituko, arratsaldean ere Bermeon ibiliko baiti- ra.

Musika eskaintza gehiago ere egongo da. Batetik, bilbainadak entzun ahal izango dira, Los Cinco Bilbainos taldearen eskutik. 21:30ean, leku berean, Akerbeltz taldeak dantzaldia eskainiko du, eta gauerditik aurrera txosnetan DJ bat egongo da. Jaiak ez dira hor amaituko, ordea, datorren astea luzea izango baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.