Oporraldietako eten labur baten ondoren, datorren astelehenean hasiko da Egunean Behin jokoaren laugarren denboraldia. Denboraldiaren babeslea Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetza izango da, eta lehen astean euskarari hauspoa ematen hasiko dira, Etxealditik Euskaraldira kanpainarekin bat eginez.
Hirugarren denboraldiaren bukaerako etena berezia izan zen. Ohiko jokoa martxoaren amaieran izan zen, baina astebetez luzatu zuten jokoa, Egunean² egitasmoarekin, BERrogeialdiaren astearekin. Eguneko partida bat, eta zuzeneko emanaldiak Youtuben; apirilaren 8an hartu zuten atsedena, hirugarren denboraldiko final handia ere Youtuben jokatuta —Hiru Damatxoren errealizazioarekin eta Edurne Azkaratek aurkeztuta—. Finalaren irabazlea Eñaut Arretxe izan zen.
Laugarren denboraldia hamar astekoa izango da, eta uztaila hasitakoan amaituko da. Sailkapen orokorra izango du horrek ere, aurrekoak bezala, aurrekoaren logika bertsuarekin: hamar asteetatik, jokalari bakoitzari bost onenak zenbatuko zaizkio. Sailkapen orokorreko onenek finala izango dute. Ez dago argi presentziala izango ote den, baina, bestela, bideoz zuzenean emango dute, hirugarrenean bezala.
Denboraldi honetan galdera sorta berri mordoa estreinatzea espero dute. CodeSyntax enpresan garatu dituzten galderez aparte, ideia mordoa etorri dira EHUrekin eta Informatika Fakultatearekin antolatutako galderak programatikoki sortzeko lehiaketatik, eta sarituak izan zirenak eta gainerakoak aktibatu nahi dituzte asterik aste.
Urtebete pasatu da Egunean Behin sortu zutenetik. Hirugarren denboraldiko azkeneko asteetan, 80.000 erabiltzaile izan zituen jokoak asteko. Baina 100.000 lagunek jokatu dute dagoeneko partidaren bat.