'Egunean behin'-en zazpi final jokatuko dira datorren astean

Egun bakoitzeko 50 onenak eta beste ehun gonbidatu lehian arituko dira arratsaldero Youtuben

Egunean Behin euskarazko jokoak 80.000 erabiltzaile inguru ditu. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Otsaileko lehen astean hasi zen Egunean Behin jokoaren hirugarren denboraldia, eta berez igandean zen amaitzekoa. Baina datorren astera luzatuko dute, eta «esperimentu berezi bat» prestatzen ari direla iragarri du Luistxo Fernandez Codesyntaxeko sortzaile eta lantaldeko kideak: Egunean BER bi. Lehia berezi bat izango da arratsaldero, egun bakoitzean final berezi bat.

Fernandezek asteko lehiaketaren dinamika zertan izango den azaldu du: «Egunero, lehiakide guztiek partida bat jokatuko dute, ohiko moduan. Eguneko sailkapena aintzat hartuta, adibidez asteleheneko 50 onenak, eta zozketaz gonbidatuko diren beste 100 lehiakide inguru, astearteko finalean arituko dira jokoan». Jakinarazpen bat bidaliko diete goizean finalean arituko direnei. Final hori zuzeneko telebista saio moduko bat izango da, aurkezle batekin, eta zuzenean Youtuben emango dute, 19:00etan —errealizazioa Hiru Damatxok egingo du—. Formula bera errepikatuko dute hurrengo egunetan; hau da, astearteko 50 onenak eta beste gonbidatuak asteazkeneko finalean arituko dira. Horrela, igandera arte. Egunotan jakinaraziko dute aurkezlea nor den.

Formulak funtzionatzen baldin badu, denboraldiko finala ere Youtubetik emango dute. Hori Aste Santu partean izango da. Fernandezek azaldu duenez, datorren asteko sariak «sinbolikoak» izango dira. Aldiz, denboraldiko finaleko sariak «handiagoak» izango dira, babesle bat lotua baitute aspalditik. Denboraldiko finalistak, bestalde, sailkapen orokorreko puntuazio onenak lortu dituztenen artetik aterako dira. Baina sailkapen orokorrean egoteko ez dira zertan zortzi asteotako partida denak jokatu.

Egunean Behin jokoa fenomeno bilakatu da euskaldunen artean. Lehiakide kopuruak gorantzegin du azkeneko hilabeteetan. Fernandezek azaldu duenez, denboraldi honetan 98.000 herritarrek jokatu dute partidaren bat. Azkeneko asteetan, bestalde, 80.000 lehiakide inguru ari dira batez beste jokoan.

Galdera sistemako garailea

Beste alde batetik, Egunean Behinerako galdera-erantzunen lehiaketako irabazleak zein diren jakinarazi dituzte: Xabi Arbulu informatika ingeniariak aurkeztutako Erloju-orduak proiektuak Egunean Behin jokorako galdera-sistema automatikoak sortzeko lehiaketako lehen saria eraman du —500 euro—. Lehiaketa EHUko Informatika fakultateak eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzak bultzatu dute, Codesyntax enpresarekin elkarlanean.

Halaber, epaimahaiak bost accesit eman dizkie honako proiektu hauei —100 eurorekin—: Euskal Herriko eskualde mapak (Javier Cabau Laporta eta Olga Ibañez Sole), Labirintoa (Gorka Urbizu), Elhuyar hiztegiko definizioak (Mari Susperregi), Kubo kontaketa (Ander Salaberria) eta Japonierazko hiriak asmatu (Cecilia Domingo). Sustatu-n ikus daitezke adibideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.