ASTIALDIA. EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. ASTIALDIA

EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Ur hotsaren barean. Mandubiko mendatearen iparraldean Azpeitiko Urrestilla auzoraino egiten du bidea, urtegian geldialditxoa eginez, Ibai-Ederrek, uraren kantua barreiatzen.

Irune Lasa.
2008ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Kilometro gutxi eginda urrutira joateko aukera ezin hobea ematen du Gipuzkoaren bihotzean ezkutatzen den txoko honek, Ibai-Ederren gora mendi artean zabaltzen den bailara itxiak bazter ederrak gordetzen ditu eta. Azpeititik Beasainerako errepidean Manduabiko mendatetik iparraldera daude Nuarbe eta Aratz-Matxinbenta auzoak, eta bien artean Ibai-Eder urtegia.

Izarraitz mendiaren handitasuna bizkarrean nabaritzen da Azpeititik, Urrestillan aurrera gero eta gehiago estutzen den errepidean barna. Berehala iritsiko da bidaiaria Nuarbera. Sokatiraren ikurra den auzoa da Nuarbe. Sokatiran bezala, Nuarben ere bi alde daude, Azpeitiko Udalari dagokiona bata eta Beizamari tokatzen zaiona bestea. Bat da auzoa, dena den, eta ezaguna oso herri kirol bati esker. Sokatiran itzalik badu norbaitek, Nuarbeko taldeak du. Horren maitea duten kirolaren eta euren lorpenen lekukotzarekin Sokatiraren Museoa ikusgai dago eskola zaharrean, apaizaren etxea zenaren ondoan.

Errepidean aurrera, minutu gutxi barru bailarako paisaia erabat aldatu duen urtegira iritsiko gara. 1991. urtean egina, joan den uztailetik oinez, edo bizikletaz, inguratu daiteke. Ibilbide oso laua da, ura alde batera eta basoa bestera. Haritzak, pagoak, lizarrak, eta batez ere pinuak. Izan ere, eskualde osoan bezala, bailara honetan ere pinuak gero eta toki gehiago hartu du basoetan. Eta horri igarri diote Matxinbentan. Han daude bailaran gelditzen otargile bakarrak, zehatzago, bizibide otargintza dutenak. Eta haiek ikusi dute zuzenean pinuak nola joan diren gaztainondoei tokia kentzen.

Ibai-Ederko urtegiaren hegoaldean dago, hain zuzen Aratz-Matxinbenta auzoa, Matxinbenta izen soilez gehiago ezagutzen dena. Auzo txikia da, hiru udalerriren artean banatuta egoteko. Gaur egun, Azpeitia, Beasain eta Ezkio-Itsaso udalerrien artean dago banatuta Matxinbenta.

Eta ez da hainbeste urte, laugarren batek, Beizamak, ere partea zuela auzoan. Horren lekuko Ibai-eder eta Zaraia errekek bat egiten duten tokian, auzoaren erdigunetik oso gertu, altxatzen zen den lau aldeko mugarria. Urtegiak estali zuen Beizamaren lurretan gelditzen zen Matxinbentako azken baserria. Eta kontutan izan behar Ezkio eta Itsaso ere udalerri banatan bereizita zeudela.

Ur hotsaren bakea da nagusi astegunetan, errekak zeharkatzen duen auzo txikian. Asteburuetan, aldiz, jendea erruz biltzen da tabernan bazkaltzeko, edo azpeitiarren hainbeste maite duten frontoitxoan jolasteko.

Loinazko San Martinen elizatxoa ere ikus daiteke, tabernan giltza eskatuta. Hori bai, tradizio handieneko santua, ezbairik gabe Santa Ageda dute Matxinbentan. Otsailean ospatzen den santaeske ezaguna da horren adierazle.

Ibai-Eder urtegia, zortzi herriren hornitzailea paseorako ere aproposa

Joan den urteko uztailetik zabalik dago urtegi osoa inguratzen duen 8,5 kilometroko ibilbideaI.L.

Lehortea bazen, udan batez ere, Urola Kosta eskualdeko hainbat herritan ur mozketak ia ohikoak ziren duela ia 16 urte Ibai-Eder errekako urak biltzen zituen urtegia eraiki zen arte. Bizpahiru baserri gelditu ziren urpean. Eta orain, handik edaten dute zortzi herritako 65.000 biztanle inguruk (gehiago dira udan): Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaian.

11,3 hektometro kubo ur har dezake, baina urte batean batez beste 18 hektometro kubo bildu ohi ditu; 6,5 -6.500 milioi litro ur- doaz etxeetan banatzera eta beste sei emari ekologikora.

Joan den urtera arte, paseoan ibiltzeko bideak urtegiaren alde bakarra hartzen zuen eta bestean errepidea soilik zegoen. Orain ordea, itzuli osoa egin daiteke eta ibilbide horrekin, Nuarbetik Matxinbentaraino ia bide guztia errepidea alde batera utzita egin daiteke.

Oinez, bizikletaz... gero eta gehiago dira, batez ere Azpeititik, Ibai-Ederrera hurbiltzen diren bisitariak. Gomendioa: begiratu noizean behin zerura ere, hegazti harrapariak ikusi nahi izanez gero.

Aratz-Matxinbentan tradizio luze baten azken eskulangileak

Otargintza bizibide dute oraindik hiru lagunek duela ez hainbeste 40 'xextero' zituen auzoanI. LASA

Aratz-Matxinbenta

«Batzuetan galdetzen diot neure buruari gu izango ote garen azkenak». Belaunaldiz belaunaldi familian ezagututako ohitura lanbide dute orain, eta Jose Azurmendieta bere anaia Patxik orduak egiten dituzte lanean otarregintzatik bizitzeko. «11-12 ordu sartuko ditugu». Haien familiarena da baita auzoko taberna ere.

Haiez gain, bada Aratz-Matxinbentan beste artisau bat ere otarregintzatik bizi dena: Iñaki Agirrezabala. Hark bailaran 40tik gora otarregile ezagutu ditu, «eta ez naiz horren zaharra».Badira izan otarregile gehiago, ondoko Nuarbe auzoan, baina ez dute otarregintza bizibide, erretiratuta baitaude.

Azurmenditarrek bezero gehienak finkoak dituzte eta asko saltzen dute, ekoizpenaren erdia edo, Frantziara, «han nekazaritzan eta erabiltzen dituztelako oraindik».Lanik gogorrena materiala prestatzea dela uste du Jose Azurmendik, baina otarregile izatearen alderdi zailenetakoa, hain zuzen, ekoizpena merkaturatzea da Iñaki Agirrezabalaren ustez. bera asko mugitzen da, artisau azoketara eta halakoetara, eta Azpeitin ere badu denda. Dantza taldeak, erakusketak, eta perretxiko biltzaileak ere ditu bere bezeroen artean.

Izan ere, urte gutxitan, plastikoaren hedapen izugarriarekin, otarreen eta halakoen erabilera asko murriztu da, eta eskaria gutxitzearekin otarregileak ere bai. Jose Azurmendi 13-14 urte zituenetik ari da otarregintzan. Iñaki Agirrezabalak ere, txikitatik ezagutzen du lan hori, bere etxean zortzi urte bete zituenetik zigortu behar bazuten otarreak egitearekin zigortzen baitzuten. Erremontean bost urtez profesional moduan aritu ostean erretiratu zenean, etxean baliabide guztiak zituela konturatu zen, eta otarregintzan hasi.«Eskua hartu arte, lehen bi urteetan gogorra izan zen, baina orain oso gustura nabil».

Etxera hurbiltzen zaion edonori bere lana erakusteko beti prest dago Iñaki Agirrezabala. eta eskoletako haurren txangoekin hainbatetan egin. Azurmenditarrek bezala, otarreak salgai dituzte euren etxeetan ere. Biak pauso eskasetara daude Matxinbenta erdi-erdian.

Egia esan, ulergarria da otarregintzak halako tradizioa izatea bailaran, gaztainondoak eta ura soberan baitaude. Dena den, gero eta gaztainondo gutxiago daude, pinuen mesedetan.

«Batzuetan galdetzen diot neure buruari gu izangogaren Euskal Herrikoazken otarregileak»

Jose Azurmendiotarregilea«Eskua hartu arte, lehen bi urteetan gogorra izan zen, baina orain oso gustura nabil otarregintzan»

iñaki agirrezabalaotarregilea

Nuarbe auzoa, sokatiraren ikureta zaindari, bere museo eta guzti

Sokatira taldearen garaikur eta argazkiez gain,kirolaren teknikak eta historia ikusgai eta ikasgaii.l.

Herri kirolen artean ezagunenetakoa da sokatira, eta Euskal Herrian sokatira eta Nuarbe hitzak batera doaz gehienetan. Azpeitiaketa Beizamak partekatzen duten auzoaren nolabaiteko bihotza Loreto taberna zen, eta sokatira taldeak hantxe zituen ikusgai urteetan bildutako garaikurrak, dominak, oroigarriak, argazkiak...

1993. urtean suak erreegin zuen Loreto taberna eta museoa egiteko ideia jaio zen sokatira taldean. Esan eta egin, Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin, 1995. urtean inauguratu zen Sokatiraren Museoa. Garai batean auzoko eskola hartuzuen etxea, apaizaren etxearen ondoan, baliatu zuten museoaren egoitza izateko. Auzotarrak izan ziren guztia atondu zutenak. Taldearen historiaz gain, sokatira kirolaren nondik norakoak, mota desberdinak, teknikak ezagutu daitezke 100 metro koadroko erakusketan; baita, esaterako, sokatira kirol olinpikoa zen garaiko sailkapenak ere.

Edozeinek bisita dezake museoa, baina ezinbestez aldez aurretik hitzordua eskatu behar da Azpeitiko Udaletxera deituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.