Biriatun, lau haizeetara goxoki airatzeko parada dago. Lapurdiko herri txiki horren bazterretan, mendiak eta oihanak daude, Bidasoa ibaiak laztandurik. Zelaiak mendi kaskoetan dira. Biriatuko xokotik hurbil daude autobidearen zarata, Txingudi badiaren joan-etorri etengabeak. Baina autobidearen azpitik pasatu, Biriatuko norabidea hartu, herria pasatu, kasko-kaskora igo, aparkatu, eta autotik jaitsi: naturak du azken hitza. Herria bera bisitatzen ahal da, bertako ostatuetako mozkinak dastatzen ahal. Baina gorantzago joan, eta ikuskizunak gehiago balio.
Errazena, Kalbarioko tontorrera joatea da. Aparkalekuaren parean dagoen mendi mazelari segituz, untxien zulo txikiei jarraituz, eta batez ere bertan dagoen bidea hartuz, poliki-poliki igotzen hasten da. Bi aukera daude: zizelkatua den bidetik joatean, malda ez da zaila, baina denbora gehiago behar da. Bestela, mazela zuzenki hartzen ahal da: laburrago baina gogorrago. Udazkenean, iratze gorriz eta larre ubelez janzten dira mendiaren mazelak... Goizean, argi hastean joan, eta imajinatu ikusgarria.
Urtarrilean, bazterrak ilunago dira. Baina Kalbarioko tontorrean dago ikuskizuna. Edo ikuspegia, hobeki erran. Ezker, Lapurdiko itsasbazterraren xarmak, Zokoako gotorlekua, Donibane Lohizune, zuri-zuria, eguzkia hartzen, Miarritzeko faroa... Eskuin, Larrun mendia, zorrotz-zorrotza. Eta kaskoan, lehen istorioa. XVIII. mendean, Frantziako Iraultza garaian, kalbario bat, kapera bat eta ermita baten egonlekua txikituak izan ziren, 1793. urte inguruan. Harri meta bat baizik ez zen geratu. Duela hogei bat urte, ordea, konponketa lanak abiatu eta, kapera bat eta zurezko sei metroko gurutze bat eraiki zituzten, lauki formako harri pisuez inguraturik, abereez babesteko. Urruñarrek eta biriatuarrek oraindik ere prozesioak egiten dituzte Kalbariora.
Kalbarioko itzulia egin gabe, Xoldokogaina mendiaren norabidea dago. GR-10, Ozeano Atlantikoa eta Mediterraneoa batzen dituen bidearen hasiera. Baina, Pirinioak zeharkatu gabe ere, ibilaldi polita eskaintzen du Xoldokogainaren igoerak. Oihan txiki batetik pasatu, eta pixkanaka-pixkanaka hasi da malda gogortzen. Eta lehen pottokak agertu dira. Urtarrileko belar latzarekin egin behar dute neguko garai honetan.
PANORAMA PAREGABEA. Udareondoen Lepora iristean, Larrun mendiak hautsi du zerumuga. Haratago, Osingo Lepoa, eta Aiako Harriak du zerua zizelkatu. Ordu laurden bat berantago, Xoldokogaina. Kaskoko harria, eta bere panorama paregabea. Eguraldi ederrarekin, Lapurdiko kostaldea baino urrunago ikus daiteke, Landen puntaraino, eta lurraldearen bihurgune forma bitxia deskubritu. Lehen aipatutako mendiak ere hor daude, bai eta Txingudi, Donostialdea ere. Bidasoako ibar iluna ere agertu da. Biriatu, sekula baino txikiago.
Xoldokogainera igo gabe ere, ibilaldi lasaiagoaren bidea zabaltzen da, mendiaren erdian. Ibardingo lepora eta bentetara eramaten duen bidea. Ihien lepoa pasatu ondoan, Munhoara arribatzen da. Gizona aspalditik mazela eta zelaietan badabilela salatzen dute bertako megalitoek. Eta, Munhoa eta Oneaga tontorren artean, Xoldokogaineko aintzira dago. Urruñako eta Hendaiako zati baten ura hornitzen du aintzirak. Aintziraren inguruan gordetzen omen dira betizuak, ala betisoak, Lapurdin erraten den bezala. Lapurdiko behi basa bakarrak dira Xoldokogaineko mazeletakoak. Bestalde, historia iluneneko elezahar batek dio akelarreak antolatzen zituztela mendi horien artean ezkutaturik. Baina ez dute Larruneko ala Zugarramurdiko osperik sekula izan Biriatukoek.
Ibardingobentetara joateko bideaz kanpo, Biriatuko oihan erraldoian sartzeko aukera ere badago, Bigarren Mundu Gerrako erresistentziako kideen aztarnetan segi joanez. Comete deitutako sarearen errepide bilakatuak ziren Xoldokogaineko inguruak. Florentino Goikotxeak hamaika iheslari, aliatuen hegazkinlari pasarazi zituen bertatik. Lizarlan baserriaren bazterretik, oihan erraldoian barna, Bidasoa zeharkatzeko. 1943. urteko abenduaren 24an, ordea, gaizki iragan zen operazio bat: Guardia zibilek tirokatu ondoan, ibaian ito ziren iheslariak, uraren indarrak eramanik.
Gaur egun, oihanean galtzeko aukera dago oraindik, baina plazerez, haatik. Udan, berde-berdeak izaten dira bazterrak, eta ardi franko ikus daiteke. Udazkenean, bazterrak gorri-gorriak, eta usoak. Neguan, haritzak eta gaztainondoak biluzik. Orkatzak eta basurdeak ikusteko aukera gehiago.
ONDARE HAUSKORRA. Bestalde, oihana Biriatuko ondare garrantzitsua geratzen da, Lehen Mundu Gerran, ikatz erabiltzearentzat txikituak izan baitziren zuhaitzak. 1.103 hektarea dauzka orain basoak, zuhaitz mota anitzekin. Haritzak dira aipagarrienak, 200 hektarea, 1930eko eta 1940ko hamarkadetan landatuak. Herriko Etxeak, bi urte guziz, zozketa baten ondotik, arbolak oparitzen ditu biztanle zortedunei, etxeko egurra egiteko. Gainera, bide anitzek zeharkatzen dute oihana, suhiltzaleei lana errazteko gisan, eta ondare hauskorra ahal bezala salbatzeko gi-san.
Xoldokogaineko aintziran barna itzuli luzea egin ondoan, basoan barna, Bidasoara berriz jaistean, errepidea dagoela ohartzen da. Mendizale alferrek ere bidea daukate, ibaiaren bazterretan baizik ez baldin badute ibili nahi. Biriatuko herrira joateko ordez, jarraitu zuzen bidean, eta zelai batera iristen da, ibai bazterrean lasai egoteko, mahai eta aulkiekin. Bazkari goxoak antolatzeko aukera dago, batez ere udako beroetan, freskuraren bila dabiltzanak. Neguan, beharbada hotzegi dela ibai bazterrean siestatxo bat botatzeko... Arrantzaleek ere beren zoriona aurkitzen dute ibaian. Naturazaleentzat, hainbat hegazkin eta abere gurutzatzen ahal dira: bisoiak eta lertxunak, arrantzaleak horiek ere. Bide horri jarraitu, eta baserri politen ikusteko aukera dago. Txirrindularientzat leku polita da, zelai eta maldekin, auto gutxirekin. Historiazaleentzat, Lizarlan, Bigarren Mundu Gerrako baserri ezaguna, bidearen puntan dago. Nafarroan, berriz, raftina egiteko zirkuitua dago. Berako bidean abiatzen da, gero Biriatuko parera heltzeko.Autoz, bizikletaz, ontziz ala oinez, lau haizeetara ttur-ttur ibiltzeko aukera guziak daude, zaratatik eta etengabeko mugimendutik urrun, Lapurdiko xokoan.
Biriatu, Lapurdi xokoko herria
Biriatun geratzeko usaia, jende gutik dauka. Beharbada bazterrean daukan autopistarengatik. Edo Behobiako bentek eta saltokiek egiten duten itzalarengatik. Liburuek ere Hendaiako itsasbazterrera errazago eramaten dituzte kanpotiarrak. Mendiek ere behar bezala zaintzen dute Biriatu, oihan ikaragarriak ala Bidasoa ibai ilunak lagundurik.1305. urtean Saint Martin de Biriatou, Biriatuko San Martin izena agertu zen lehen aldikoz, erjilioko dokumentu batzuetan. Luzaz Urruñako auzoa izan zen, baina 1603. urtean lortu zuen herri independentea izatea. 2003an, gertakariaren 400 urteen omenez, oroitarria jarri zuten herrian. Geroztik, historiak ferekatu du Biriatu, Frantziako Iraultza denboran eta Inperioan, batez ere, borrokak iragan baitziren hortik hurbil. Bigarren mundu gerran, iheslariak gorde zituzten Bonnet ahizpek, Les Jardins de Bakea hotelean.
Gaur egun, giroa lasaiago da Biriatun. Herri txiki eta xuri bat, hertsia, Xoldokogaina mendiaren mazelan. San Martin eliza bisita daiteke, eta haren kontra dauden hilarri borobilak ere bai. Herriko bestak azaroaren 11 inguruan iragaiten dira. Eta, urtero, antzara jokoa egiten da. Gazte batzuk parte hartzen dute zaldiz, soka batetik zintzilikatua den antzara bateri lepoa kendu behar diote. Lehena, erregea, ezpata batekin ibiltzen da, besteak heien besoen indarraz ari dira. Antzara jokoa gazteen sarbiderako errituala da. Ohitura hori Euskal Herrian zabaldua zen toki anitzetan, baina orain herri gutxitan, hots Lapurdin baizik ez da egiten: Saran, Zuraiden, Oletan (Urruñako auzoa), Ainhoan eta Ahetzen.
Pilotak ere leku garrantzitsua dauka Biriatun, plaza laxoan urtero egiten baita esku huska txapelketa, eta Xoldo ezker-pareta berri modernoa baita. Lehen laborari herria baldin bazen ere, orain auzoko herrietan lanean ari direnen pausaleku bihurtzen da. 850 bat biztanle ditu Biriatuk. Naturaren menpe jarraitzen baldin badu ere, mendi eta oihanekin, lur on gehienak etxez estaltzen hasi dira, Lapurdiko beste herrietan bezala. Hala ere, atseden hartzeko leku paregabea izaten jarraitzen du, mendi zolan, Lapurdi xokoan.
JAKINGARRIAK
Nola iritsi Biriatura:Baionatik: A63 autobidetik, 1. irteera arte jarraitu, hogei bat minutuz. Hendaye -- Biriatou irteeran, bidegurutzean ezker hartu. D258 bidean jarraitu, autopistaren azpitik pasatu, eta eskuin joan. Beste bidegurutzean ezker hartu, herrira buruz, goiti. Donostiatik: A-8 autobidearen azken irteera arte jarraitu, Irunera buruz, hogei bat minutuz. Iruñea - Irun -- Behobia irteeran, Behobiako bidea hartu, ezker. Behobiako bentetan, zubi txikira buruz joan, eskuin, Lapurdira buruz. Pausuko biribilgunean eskuin hartu, N111 bidean. D258 bidean jarraitu, autopistaren azpitik pasatu, eta eskuin joan. Beste bidegurutzean ezker hartu, herrira buruz, goiti. Iruñetik: Oronoz - Mugaireko norabidea hartu, N -- 121 --A errepidean. Ordu eta erdi baten buruan, Behobiara heltzen da. Behobiako bentetan, zubi txikira buruz joan, eskuin, Lapurdira buruz. Pausuko biribilgunean eskuin hartu, N111 bidean. D258 bidean jarraitu, autopistaren azpitik pasatu, eta eskuin joan. Beste bidegurutzean ezker hartu, herrira buruz, goiti.Nola iritsi Biriatuko bazterretara: Kalbarioa eta Xoldokogainaren abiapuntuak herriaren kasko-kaskotik egiten dira, autoa aparkalekuan utzirik. Bidasoa bazterrera eta Biriatuko oihanera joateko, D258 errepidean, ezker, herrira buruz joateko ordez, zuzen jarraitu, eta gozatu.
Non lo egin: Les Jardins de Bakea: hiru izarretako hotela, 25 ganberekin, araberako jatetxea, Bidasoa ibaiaren parean. Xehetasunak: 0033 (0)5 59 20 02 01.
Ganberak eta apartamenduak alokatzeko, urte osoan. Xehetasunak Herriko Etxean: 0033 (0)5 59 20 71 24.
Non jan: Hiribarren ostatua: etxeko eta lekuko mozkinak dastatzeko aukera. Xehetasunak: 0033 (0)5 59 20 61 83.
Camino Berri sagardotegia: Urruñako bidean, etxeko sagardoa eta mozkinak dastatzeko aukera. Xehetasunak: 0033 (0)5 59 20 66 25.
Pintxoak Xoldo tabernan, ezker-paretan. Xehetasunak: 0033 (0)5 59 20 37 51.
Bestelako plana: ogitarteko bat, ur botila bat edo xahakoa hartu, eta mendietan pausatu, jateko, ikuspegia gozatuz. Bidasoa bazterrean ere mahaiak daude.