ASTIALDIA. EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Durangaldeko arbasoen hilerrian

Erdi Aroko hilobiak, hilarri misteriotsuak eta baseliza ugari; horiek dira Elorrioko auzoetan aurki daitezkeen altxorretariko batzuk, Argiñetako nekropolian batez ere.

MIKEL CARRAMIñANA ELORRIO
2008ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Heriotzak, pertsonak ez ezik, aroak ere berdintzen ditu, norberaren fedeak agindutakoak alde batera utzita, betiereko atsedena ekarri izan duelako beti. Hilobiak dira, hain zuzen ere, gizarte eta garai gehienetan, historiak etorkizunari laga dizkion ondarerik garrantzitsuenetako bat. Sinesmenik ez da behar hilerri batean errespetu berezia sentitzeko, are gutxiago aurrean dauden hobiak iraganak utzitako aztarnak direnean. Arkeologo, antropologo edo historialari izan gabe ere, liluragarria da iraganeko nekropoli batean sartzea, hilarri eta hilobien artean ibiltzea. Horixe bera eskaintzen du Argiñetako nekropoliak, Elorrion (Bizkaia), naturak inguratuta, Erdi Aroko arrastoak biltzen dituena, Euskal Herri osoko garrantzitsuenetarikoak.

Arte eta arkitekturaren historian, ezinbesteko garrantzia izan du erlijioak Euskal Herrian, baita Elorrion ere. Horrexegatik antolatu dute asteotan, Apasionarte izeneko jardunaldiak, Elizaren inguruan herrian eta inguruetan sortutako ondarearen berri emateko. Gaurkoa izango da Elorrioko altxorra erlijioan erakusketa ikusteko azken eguna, Iturri kultur etxean. Herri txikia bada ere, zazpi mila biztanle ingurukoa gaur egun, duela mende bi 25 baseliza zituen Elorriok, baina horietatik 19 baino ez daude zutunik orain.

Baseliza horien artean, Mendraka auzorako bidean dagoen Argiñetako San Adriangoa da bereziena. Bertan, Erdi Aroko hainbat hilobi eta hilarri batu zituzten XIX. mendean, egungo Argiñetako nekropolia sortzeko. Toki txikia da, tenis zelai baten tamainakoa, baina herriko altxorrik preziatuena gordetzen du, Elorrioko hiribildua bera baino askoz zaharragoa delako, besteak beste.

Herriko erdigunetik kilometro batera dago nekropolia, eta ondare historiakoaren seinaleak aurki daitezke bidean. Argiñetako Etorbideari jarraituta, erraz iristen da bertara, oinez zein autoz. Errepideko bihurgune batean ageri zaio San Adrian baseliza bisitariari. Baselizako ate nagusia haritz enborrekin eginikoa da eta, alboko atean, 1666. urtekoa dela irakur daiteke. Edonola ere, zaharberritutakoa da. Argiñetako San Adrian abuztuaren lehenengo igandean ospatzen da, meza eta erromeria egiten dituzte bertan, eta gero herritar guztiek elkarrekin bazkaltzen dute. San Adriango Kofradiaren ohiturak dio bakoitzak bere sardexka, koilara eta ogia eraman behar duela egun horretan.

Hogei sarkofago daude Argiñetan, eta bikoitza da horietako bat; senar-emazteentzat egindakoa, ikerlariek diotenez. Hobion artean, berriz, bost hilarri daude. Guztiak batu zituzten baselizaren ondoan Elorrioko apaizaren aginduz, XIX. mendeko bigarren zatian. Oiz mendiko harrobietatik ateratako harriekin egin zituzten hilobiak, IX. mendean. Guadaleteko borrokaren ostean, 711. urtean, musulmanengandik ihesi zihoazen bisigodo kristauek eurentzat egin zituzten. Guztien artean, sarkofago bi dira garrantzitsuenak, latinezko inskripzioak dituztelako. Ez dira oso ondo ikusten, eta zaila izan daiteke hilobi zuzenak topatzea. Baselizatik begiratuta, ezkerreko ilarako bigarrenean eta hirugarrenean irakur daitezke, estalkietan.



BAINUETXEA ETA BESTE HAINBAT LEKU. Hilarriak dira, ordea, nekropoliko elementurik zaharrenak, inguruetan kristautasuna ezarri baino lehenagokoak baitira. Horiek ere Oiz mendiko hareharriarekin egin zituzten, lau borobilak dira eta bestea, berriz, hiruki formakoa da. Guztiek ageri dituzte astrologi ikurrak. Adituek diotenez, VII. eta IX. mende artean sortutakoak dira.

Argiñetako nekropoliak Otto Pette edota Erdi Aroan oinarritutako misteriozko eleberriak ekartzen ditu gogora, ikurrak, hilobiak eta inskripzioak dituelako. Elorriora hurbiltzeko aitzakia ona da, eta batez ere gainerako auzoetatik osteratxoa egiteko. San Adriango baselizatik gertu dago, esate baterako, Mendrakakoa, San Tomasi eskainitakoa. Bertan, beste nekropoli batekin egiten du topo bisitariak; Argiñetakoa baino askoz txikiagoa. Miotako baselizak ere aspaldiko hilobiak ditu, eta Santa Eufemiakoak, berriz, X. mendeko hilarri bat dauka.

Erlijioa alde batera utzita, bestelako bitxikeriak topa daitezke bidean. Argiñetatik gertu, Zenita auzoan, garai batean bainuetxe izandako ikastetxea dago, esate baterako. Elorrioko uretan bainua hartzeko jende ugari joaten zen XX. mendearen hasieran; sulfuroa zuen horko urak; osasunerako oso ona, usain txarrekoak baziren ere. Berriozabaleta iturria ikustea ere merezi du, izen bereko auzoan eta Santa Katalina baselizatik ehun metrora. Manuel Berriozabaleta indianoak eraiki zuen, XVIII. mendean, inken iturrien antzera. Perun ibilitakoa zen, eta hangoa zuen emazteari eskaini ei zion. Berriozabaleta Elorriok dituen bazter berezi horietariko bat da; beste bat.



JAKINGARRIAK

Nola iritsi: Kotxea ia ezinbestekoa da Elorriora joan eta inguruko auzo eta baselizak, Argiñetakoa kasu, ezagutzeko. A-8tik erraz joan daiteke, Durangoko irteeratik. Handik hamar kilometro ingurura dago Elorrio, BI-632 errepidetik jarraituta. Argiñetako Etorbidetik aurrera eginda, herritik kilometro batera dago baseliza eta nekropoli ezaguna. Autoaren menpe egon nahi ez dutenak, autobusez joan daitezke Elorriora. Bizkaibus konpainiak orduro lotzen du herria Bilborekin (A3923 ibilbidea), eta Pesak, bestalde, Donostiatik joateko aukera eskaintzen du, egunero bidaia bi besterik egiten ez badu ere. Behin Elorrion, denbora izanez gero, oinez ibiltzea aukera ona da.

Zer ikusi: Erdi Aroko aztarna ugari ikus daitezke Elorrion, Argiñetako nekropolia eta San Adrian baseliza kasu. Handik gertu dago San Tomas baseliza, Mendraka auzoan, eta beste nekropoli txiki bat. Antzekoak daude Miota, Gazeta eta Elorrioko gainerako auzoetan. Herrian, berriz, Tello kaleko Erdi Aroko harresi zatia edota Sortzez Garbiaren basilika ikustea merezi du.

Non lo egin: Eskaintza handirik ez badago ere, San Agustin auzoan Elorrio hotela dago (34 946 23 15 55, www.hotelelorrio.com).

Non jan: Herrian taberna eta jatetxe asko daude.

Guria da ezagunenetarikoa, Arkitekto Kapelastegi kalean (34 946 23 17 95).

Kale berean, Tanger dago (34 946 82 00 52) .

Elorrioko informazioa: Udalaren webgunea www.elorrio.net.

Turismo Bulegoa: Turismo Bulegokozenbakia: 34 946 82 01 64 da.

Durangaldea:www.durangaldea.com





Sei mendeko historiaren aztarna ugari gorde ditu Elorriok

Duela bi urte ospatu zuten elorriarrek hiribilduasortu zuteneko650. urteurrena
m. carramiñana

Elorrio

Elorrioko auzoetako baselizek iraganeko aztarnak dituzte, eta Elorrioko erdiguneak berak ere baditu Erdi Aroko arrastoak; izan ere, ia zazpi mende bete dira herria sortu zutenetik. Modernotasunak, gainera, Durangaldeko bazter honek naturarekin duen ezinbesteko lotura ez du hautsi. Solairu gutxiko etxeek osatzen dute erdigunea eta, horri esker, ikusgarri azaltzen zaizkio bisitariari inguruko mendiak, Memaia, Amitar, Santa Mariñazar, Erdella eta, batez ere, Udalatx mendiak. Haien babespean bizi dira elorriarrak. Udalatxen bertan sortzen den Zumelegi ibaia da herria zeharkatzen duen errekarik handiena. Ahate ugari ikus daitezke erdiguneko kaleetan, nahikoa da zubi eta ubideetara gerturatzea hegaztiak ikusteko.

Tello Bizkaiko jaunak sortu zuen hiribildua, 1356. urtean, gipuzkoarren erasoetatik babestearren. Orduan, garai hartako borroka bortitzak zirela medio, harresiz inguratu zuen herria, gaur egungo aztarnek egiaztatzen dutenez, baina Elorrio handitu ahala, harresiaren mugatik kanpo zabaldu zen. Gaur egun, Tellori berari eskainitako kalean dago iraganeko harresi handiaren aztarna bakarra, garai hartako sei ateetatik zutik iraun duen bakarra da Arezpakotzaga jauregiaren ondoan dagoena. Ateak hiru metroko altuera dauka eta 2,5 metroko zabalera. Almenak ere zutunik ditu, eta kanoi bat du gainean.



JAUREGIEN HERRIA.Erdi Arotik hona zeharo aldatu da Elorrio, baina Erdi Aroko eraikinak ez dira erabat desagertu, ez guztiak behintzat. Ordukoak dira oraindik ere bisita daitezkeen jauregi ikusgarrietako batzuk, harresiarekin batera babeserako eraiki zituzten dorretxe asko. Hala eta guztiz ere, egungo jauregi gehienak XVII. eta XVIII. mendekoak dira. Zenbaitek monumentu izendapena dute, baina herriko erdigune historiko osoa ere monumentu multzoa izendatu zuten 1964an. Denborarekin, hainbat erabilera izan dituzte eraikin horiek, etxebizitzak sortzeko zenbaitetan eta ikastetxe bat hartzeko ere bai, Txintxirri ikastola kasu. Espainiako Felipe IV.aren estatu idazkari Juan Bautista Arespakotxagak eraiki zuen Txintxirreren egungo egoitza .

Sortzez Garbiaren basilika eta Etxebarriko San Agustin eliza dira Elorrioko arkitektura erlijiosoaren erakuslerik onenak. Basilikako erretaula barrokoa eta Balendin Berriotxoa zaindariari eskainitako aldareak ikusgarriak dira. Horiekin batera, margolan eta bestelako artelan ederrak daude eraikinean, Krutziagako gurutzea kasu, 1522. urtekoa. Etxebarriko San Agustin eliza are zaharragoa da, XI. mendean eraiki zuten eta XVI. mendean zaharberritu, elizatea Durangoko merindadeko parte zenean. 1630. urtean banandu zen, Elorriorekin bat egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.