ASTIALDIA. EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Historiaren Pasabidea

Belaten dagoen ondarea ezagutuz, Baztango, Ultzamako eta, oro har, Nafarroako historiari buruz ikas daiteke, Kalkolito arotik hasiz joan den mendea arte.

XAN HARRIAGUE BELATE
2008ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Leku batzuek oso ondare aberatsa dute beren kokapenagatik. Historian zehar, Belate Pirinioak zeharkatzeko mendiko pasabide nagusietariko bat izan da, Orreagarekin batera. Gaur egun iraganaren aztarna anitz bertan daude oraino, nahiko egoera onean. Urteetan, Irun eta Iruñea arteko errepide nagusia hortik iragaten zen, baina duela 10 urte tunelak zabaldu zituzten, eta mendiakbakea berreskuratu zuen.

Mendeetan pasabide nagusia izaki, Belateko lepoa kontrol gunea ere izan da. Historia hurbilari dagokionez, oraindik hor dago, errepide bazterrean, karabineroen etxea. Arkitektura aldetik, ez da ikusgarria, baina merkataritzaren hara-honako gune garrantzitsua zela adierazten du. Historian barna urrunago joanez, hor dago Nafarroako Erreinuko gotorleku bat ere. Behe Erdi Arokoa da, eta bere garaian helburua bertzelakoa zen, bidaiariak lapurretatik babestea, alegia.

Gaur egun pareta batzuk besterik ez da gelditzen, baina ederki asma liteke zer-nolako forma zuen. Karabineroen etxolatik mendebalderantz begiratuta, kaskoan dago, Baztan haranari so. Duen neurriagatik ez dirudi garrantzi handia zuenik, baina 1512an famatua egin zen, bertan gertatuko borrokagatik. Nafarroako erregeak Joan Albret III.ak berreskuratu nahi zuen aitzineko urtean galdu zuen Iruñeko hiria, baina, porrota jasota, Baztanera itzultzea erabaki zuen. Itzultzerakoan Fernando Katolikoaren Gipuzkoako tropek Belaten eraso zieten. Nekea zela eta, nafarrek ez zuten erresistentzia anitz egin, eta sakabanatu ziren, etsaien esku hamabi kanoi utzita. Hortik aitzinera, eta 1979. urte arte kanoi horiek Gipuzkoako ikurran agertzen ziren. Baina geroago horien ezabatzea erabaki zuten, nafarren eta gipuzkoarren arteko harremana ez hondatzeko.



KRISTO AITZINEKO AZTARNAK. Aspaldiko gotorlekua bada ere, ez da Belaten gizakiaren presentzia frogatzen duen aztarnarik zaharrena, Urdanbidegiko lepoan, errepidearen ekialdean, trikuharriak eta tumuluak baitaude. Hilobi kolektibo horiek Kalkolito eta Brontzezko aroetakoa dira. Hau da, K. a. 2500. urte eta K. a. 1000. urte artekoak. Sei eta hamabi metro arteko diametroa dute, eta bertan ehorzten zituzten hildakoak, haien aberastasun guziekin, hala armak, nola apaingarriak edo zeramikak. Dirudienez, horrela egiten zuten bertze bizi baten esperantzan. Bertan gelditzen direnak nahiko hondatuak dira, baina miatuz gero, erraz ikus daitezke, kontuan hartuz denak ekialdera begira daudela.

Burdin Aroan, jendeen ehorzteko manera zertxobait aldatu zen, baina lekuak ez hainbertze, metro gutxira harrespilak eta tumulu txikiak baitaude. K. a. 500. urtetik 0 urte arte, ez zituzten gorputz osoak lurperatzen, baizik eta haien errautsak, eta bi lagun baino gehiago ez. Kasu horretan harriek osatzen duten borobilaren diametro txikiagoa izaten ahal zuen; bi eta hamabi metro artekoa, hain zuzen ere. Hilobi horiek zutarriekin nahas daitezke, baina horiek handiagoak dira, eta bakarka doaz. Botere ekonomiko eta militarraren adierazleak ziren, eta Kalkolito Aroan hasi ziren horien erabiltzen; beraz, zaila da Urdanbidegiko lepoan daudenak noizkoak diren jakitea.

Historian jauzi bat eginez, erromatarrek utzitako ondarearen aztarnak ikus daitezke, trikuharri, harrespila eta tumuluen artean, horien artean pasatzen baita Lapurdum (Baiona) eta Pompaleo (Iruñea) lotzen zituen galtzada. Hori ere nahiko hondatuta dago, baina gizakiak egindako lana dela argi ikusten da.

Erromatarrek galtzada salerosketarako erabili zuten, eta mende batzuk geroago erromesek ere baliatu zuten. Done Jakue bideetan ezagunena frantsesa da, baina Baztangoa ere badago. Baiona eta Iruñea lotzen zituen, izenak dioen bezala Elizondoko harana zeharkatuz, eta Ultzamara Belaten barna pasatuz. Gaur egun jende gutxik egiten du, gehienek nahiago baitute Donibane Garazitik abiatu eta frantses bidea egin.



SANTA MARIA BASILIKA. Badirudi garai batean fama handiagoa zuela, Belaten Santa Maria Basilika eraiki baitzuten XII. mendean. Ultzamako eraikin zaharrena da. Urdanbidegiko lepotik ehun metro beherago dago, eguraldi txarretik babestua. Erromesen aterpea izateaz gain, haien eta pobreen ospitalea ere bazen. Gaur egun, bi eraikin besterik ez da gelditzen, basilika eta ospitalea. Duela guti berritu egin badituzte ere, ez dira deusetarako erabiltzen. Urdanbidegiko lepoan, ermita baten pareten aztarnak ikus daitezke, oso egoera txarrean. Hortik dator bertako jendeak lepoari ematen dioten izena, Ermitaren lepoa alegia.

Done Jakue bideaz gain, anitz dira bertatik pasatzen diren oinezkoentzako bideak. Nagusia, dudarik gabe, GR12a da, Euskal Herriko ibilbide luzea alegia. Lizarrustiko lepoan hasten da, eta Zurizan bukatzen. Guztira 192 km eta bederatzi etapa ditu. Horietariko bat Belaten barna pasatzen da.

Urte osoan leku lasaia da, baina udazkena iristean ehiztariek isiltasuna hausten dute, Euskal Herriko Pirinioetako hainbat menditan bezala hemen ere usoen pasaera itxoiten baitute. Mendebaldetik ekialdera gailurrak postuz josiak daude; batzuk lurrean, bertze batzuk berriz zuhaitz gainetan. Gehienak ikuspegi zoragarria dute, aitzinean Baztan harana dutelako, eta gibelean, berriz, Ultzama.

Ehiztariek urtero-urtero jarraitzen dute, baina karabineroak Maastrichteko hitzarmena sinatzean desagertu ziren, 1992an. Dena dela, ez ziren joan den mendean Belaten izan zen presentzia militar bakarra. 36ko gerra bukatzean, Francok Perez izeneko babes lerroa eraikiarazi zien gerlako presoei. Aliatuek beregana joko zuten beldur, Nafarroa eta Lapurdi arteko muga indartu zuen, bunkerrak eraikiz. Gehienak Hendaia eta Izpegiren artean daude, baina Belaten ere aurki daiteke horren aztarnarik. Gotorlekutik 100 metro hegoaldera bunker batek Belateko lepoa menperatzen du. Gaur egun hormigoizko paretak besterik ez dira ikusten sasien artean, eta udan, oso zaila da horretaz ohartzea, hosto eta larreen artean gordetzen baita.

Mendi kaskoan bada ere, harrigarria da hain leku hezea izatea. Iturriak nonahi daude, eta han ibiltzeko ezinbestekoak dira mendiko botak. Horrek aberastasun ekologiko paregabea ematen dio, eta bertan aurki daitezke oso bakanak diren landare eta loreak. Horretaz ohartuta ingurua Europako Garrantzi Komunitarioko Tokia izendatu zuten duela urte batzuk. Bisitarientzako debekurik ez dago, baina kontuz ibiltzea eta bazterrak ez hondatzea eskatzen da.



KABALEN MARKATZEA. Belateko oihanak nortasuna gorde du urteetan. Euskal Herriko bertze hainbat lekutan ez bezala, pinu gutxi landatu dira, eta oraindik bertako zuhaitzak dira nagusi, batez ere astigarra. Ihizien babesleku egokia da, eta ez da batere ezohikoa aztarnak aurkitzea. Baina anitz errazago ikus daitezke kabalak. Baztango komunalen zati bat bertan dago, eta udan zein neguan behorrak, ardiak edo behiak egoten dira. Urtean bi aldiz haien markatzeak ikusgarri paregabea eskaintzen du. Ekainaren 1ean, baserritarrek behiak ekartzen dituzte Belaten dagoen saroira, eta komunaletan sartu baino lehen banan-banan markatzen dituzte lehengo moduan. 'VB' (Valle Baztan) forma duen burdina suan berotzen dute, eta ondotik behiaren mazalean ezartzen. Udalari sos kopuru bat ordaindu eta baserritarrak behiak hor uzten ahalko ditu unaiaren zaintzapean ondoko irailaren 21a arte. Orduan, lekutzen dituzte, eta behor eta ardien txanda izaten da. Aurten markatzeko bi egun horiek aitzinatuko dituzte, igandearekin tokatzen direlako, eta maiatzaren 30ean eta irailaren 20an eginen.



JAKINGARRIAK

Nola iritsi: Belateko leporaino autoz joanez gero, hango itzulia oinez egin daiteke, ikusi beharrekoak bat bertzetik oso hurbil daudelako, baita mendian ibiltzeko ohiturarik ez dutenentzat ere. Iruñetik abiatuz, Irungo norabidea hartu behar da, N-121 errepidean barna. 27. kilometroan Arraizko Bentak pasatu eta ondoko maldan errepide nagusitik atera, eskuin hartuz. Belateko mendatera igo eta hiru kilometroren buruan dago gaina. Irundik etortzean, Iruñerantz jarraitu N-121 errepidetik. Malerreka gibelean utzi eta malda gora hasi. Lehen tunela baino lehen, errepide nagusitik atera Almandozen, eta mendatean gora jarraitu. Gaina hortik 5 minutura dago.

Zer ikusi: Errepidearen mendebaldean, gotorlekua, saroia, bunkerra.

Errepidearen ekialdean, trikuharriak, tumuluak, harrespilak, galtzada erromatarra, Santa Maria basilika.

Bi aldeetan, kabalak, ikuspegiak, ehiza postuak eta oihana.

Non lo egin edo jan: Bi aukera daude Belateko Lepotik kilometro gutira.

San Blaseko Bentak, Almandozen, Belateko lepoaren Baztango aldean.

(0034) 948 585 016 edo

(0034) 626 198 455

Ultzamako Bentak, Arraitz Orkin, Belateko lepoaren Ultzamako aldean

(0034) 948 305 138

www.ventadeulzama.com

Informazio gehiago: Bertiz Partzuergo Turistikoa

(0034) 948 592 323

www.consorciobertiz.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.