Gipuzkoako ipar-ekialdean dago Errenteria, Donostiatik zazpi kilometrora, Oarsoaldea eskualdean. Eskualde hori Errenteria, Oiartzun, Pasaia eta Lezo herriek osatzen dute. Udalerriak 31kilometro koadro dauzka, eta 39.000 biztanle inguru. Biztanle kopuruari dagokionez, Gipuzkoako hirugarren herria da.
Azken hogei urteetan, aldaketa handiak izan ditu Errenteriak. Berrikuntzak batez ere industrian izan dira, hirigunetik urrundu eta industrialdeetan jarri baitira gehienak. Bertako industria mugimenduaren ondorioz, XX. mendearen hasieran Manchester txikia deitzen zioten Errenteriari.
IZEN UGARIKO HERRIA. Alfontso XI.ak Donostiako Forua jaso zuenean eratu zen Errenteria, 1320an, Villanueva de Oiarso izenarekin, Orereta herrixka zegoen tokian. Garai hartan, Lezo, Oiartzun eta Pasaia sartzen ziren bertan, Oreretarekin batera, baina laster, 1456an, Errenteria izena hartu zuen, portuko merkataritza jardueraren ondorioz. Izan ere, han ordaintzen ziren Pasaiako portuan deskargatutako itsas merkantziak, beraz, hortik dator izena: errenta herri. Gainera, 1453an, Oiartzundik guztiz bereizteko, izen ofiziala Renteria hartzea erabaki zuten.
Azken hamarkadetan, Errenteriaren euskal izenak Orereta izan beharko lukeela aldarrikatu dute bertako zenbait alderdi sozial eta kulturalek. Helburu horrekin, Orereta, izena eta izana azterketa aurkeztu zioten Euskaltzaindiari, baina hark Errenteria hobetsi zuen, eta horixe da egun herriaren izen ofiziala.
HIRIGUNE HISTORIKO GARRANTZITSUA. Erdi Aroko hirigune historikoa Oarsoaldeko zabalena da, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzak ondasun historiko izendatu du.
Hirigune historikoak, antzinako herriaz gainera, XV. mendeko zabalgunea du, «deigarria da, zabalgune gehienak XIX. mendekoak baitira», azpimarratu du Marisa Fernandez Oarsoaldeko turismo teknikariak. Goiko kaleak, Andre Mariaren elizaren eskuinera, Eliz kaleak, Erdiko kaleak eta Beheko kaleak osatzen dute hirigune zahar harresitua. «Hogei etxe garrantzitsu baino gehiago daude katalogatuak, beraz, bisitariarentzat onena, alde zaharreko kalexketatik ibiltzea da, oso gauza interesgarriak aurkituko baititu», dio Fernandezek.
Harresien aztarnarik ia ez da gelditzen. Hala ere, Goiko kalean Torrekua eta Morrontxo dorretxeak daude. Horiek harresiaren zati ziren, eta Nafarroako ateko sarbidea kontrolatzen zuten. Azpimarragarriak dira harmarriz osatutako zenbait oinetxe, bereziki, Zubiaurre jauregia, Arranbide etxea eta Kapitain-Enea etxea.
Alde zaharraren erdigunean dago udaletxea, 1603an eraikitakoa. Euskal udaletxeen tipologia du; hala ere, eraikinaren aurrealdean ez ezik, alde batean ere armarria du. Errenteriako armarrian dorre bat ageri da itsas olatu batzuen gainean, itsasoari lotutako lehenaldiaren oroigarri moduan. Horren gainean, erramu batzuk daude, orreak izan daitezkeenak, hortik dator Orereta izena, orrea tokia. Udaletxearen aurrean Jasokundeko Andre Mariaren parrokia elizadago. 1523an hasi ziren eraikitzen, eta 50 urte pasatu ziren eliza bukatu zuten arte. Merezi du bisitatzea, baina orain ezin da barnera sartu, zaharberritze lanetan ari baitira. Euskal estilo gotikokoa da, eta atarian lau ebajelarien irudiak ikus daitezke.
Elizaren eskuinera, aldapan behera jarraituz, Mikelazulo pasabidea dago. 1527an ur zikinak botatzen zituen hodia zegoen bertan, eta auzokoak kexatu egin ziren. Eskaileretan behera zikinkeria guztia joaten zen, eta jendea irristatu eta erortzeko arriskua zegoen. Azkenean hodia kendu egin zuten bertatik. Bi metro inguruko garaiera du pasabideak, eta Eliz kalera ematen du. Kexa asko jaso zituen garai batean, jendeak ezin zuelako zaldiekin bertatik pasatu. Gaur egun, Mikelazulo Errenteriako kultur elkartearen izena ere bada.
Herriko jaien zaindaria Madalena da; hala ere, erdigunetik urrundurik dago Santa Mari Madalenaren ermita. Eraiki zenean, XVI. mendea baino lehenago, legena zuten gaixoentzako ospitalea izan zen.
SAN MARKOKO GOTORLEKUA. Oinez, bizikletaz, autoz edo zaldiz igo daiteke San Markoko gotorlekura. Handik ikus daitekeen paisaia ikaragarria da, Donostiako badia eta ingurua. Gotorlekua 1888an eraiki zuten, Nieva kapitainaren aginduz. Eskualde osoa babesteko egin zuten batez ere: Donostiako, Pasaiako eta Txingudiko badiak.
Gotorlekua urte osoan dago irekia. Udan, bisita gidatuak 10:00etatik 21:00etara egiten dira, eta neguan, 10:00etatik 17:00etara. Haurrentzako parkea eta mahaiak daude, baita jatetxe bat ere. Gortorlekuaren barnean, Oarsoaldeko interpretazio gunea dago. Golaren koartelaren barnean, eskualdearen baliabideak ikusteko aukera ematen duen maketa bat dago. Ibilbide homologatu guztiak ikus daitezke bertan; bisita gidatuak, euren hirigune historikoekin; informazio zerbitzua eta turismo bulegoen kokapena. Eraikineko bigarren pisuan, inguruko mendi guztien interpretazio panela dago, eta Oarsoalde guztiaren panel panoramikoa. «Gotorlekuaren gainaldetik 360 graduko paisaia zoragarria ikus daiteke. Gainera, turistentzat oso egokia da, Gipuzkoa osoaren erradiografia egiteko oso egokia baita: Gipuzkoako hiru badia garrantzitsuenak ikusten dira, alderdi monumentala, eta baita alderdi naturala ere», dio Fernandezek.
AIAKO HARRIA PARKE NATURALA. 1995. urtetik naturgune babestua da Aiako Harria parke naturala. 7.000 hektarea inguru ditu, eta horietatik 1.600 inguru Errenteriarenak dira. Urumea eta Bidasoa ibaien arteko mendietan dago, eta Gipuzkoako ekialdeko bost udalerriren goi lurrak hartzen ditu barnean: Donostia, Hernani, Errenteria, Oiartzun eta Irun. Gainera, parke naturala GKL Garrantzi Komunitarioko Leku izendatua dago, eta Natura 200 sarean sartua dago, hau da, bioaniztasuna kudeatzeko eta natur ingurunea kontserbatzeko Europako sarean.
Iazko apirilean, parke naturaleko lehen arreta eta informazio bulegoa zabaldu zuten, Errenteriako Listorreta-Barrengoloian. Udan naturgune horretako informazioa zabaltzen dute bertako langileek, eta ibilbide gidatuak antolatzen. Bestetik, karabanentzako egokitutako zerbitzugunea ere badago, eta gaua bertan pasatzeko aukera dago.
Listorretako informazio gunean ari da lanean Gidaide taldeko Araitz Olaiz , eta haren hitzetan, landa turismoan dagoen jendeari asko interesatzen zaio bertara joatea. «Jende askok lan egiten dugunez, taldeetan ez dugu gutxieneko kopururik eskatzen bisitak egiteko, eta bi euro besterik ez da kostatzen», dio Olaizek. Bost bisita gidatu antolatzen dituzte: Añarbeko hariztia, Añarbeko pagadia, Aizpitarte edo Landarbasoko haitzuloetako aztarnategi paleolitikoa, Malbazarko hezegunea baso-anfibioen bidetik eta Ibaietako basoa. «Bertako hariztia Gipuzkoa eta Bizkai osoko zabalena da, beraz, oso garrantzitsua da», ohartarazi du Gidaideko langileak. Familiei ibilbide laburra, atsegina eta erraza interesatzen zaiela dio Olaizek, «horietako bat haitzuloetako bisita da, haurrei asko gustatzen zaie kobetara sartzeko aukera izatea, abentura txiki bat da, eta gurasoak ere oso gustura geratzen dira azalpenekin». Ordu edo ordu eta erdi inguru irauten du bisitak, beste ibilaldiak hiru ordu ingurukoak dira. Lau kobazulo daude jendearentzat irekiak. Hirugarrena itxia dago, ikerketak egiten ari direlako, baina, beste guztietara erraz sar daiteke linterna on baten laguntzarekin. Landarbasoko kobak Euskal Herriko historiaurreko aurkikuntza garrantzitsuenetarikoa dira. 1960tik 1964ra aita Barandiaran bertara joan zen indusketak egitera, eta, ondorioz, garrantzi zientifiko garrantzitsuago hartu zuten.
Aiako Harria GKLren kontserbazioa eta lehengoratzea izeneko Life-Natura proiektua 2005-2009 epean egiteko laguntza eman du Europako Batasunak.
ETORKIZUNEKO ERRENTERIA. Herriaren berrinkuntzen artean Niessen saltoki gunea aipatu behar da. Horren ondoan duela bi urte jarritako Errenteriako ateko arkua dago, Iñaki Ruiz de Eginoren eskultura. N-1 dago ondoan, eta Lezora egindako desbideraketari esker, Nafarroa hiribidea bulebar bihurtu dute, eta, gainera, bidegorria jarri dute Fanderia auzotik Pasaia aldera.
«Etorkizunera begira industria guztia pabiloietan egongo da, jada gehienak dauden moduan», esan du Fernandezek. «Errenteriako jendea ez ezik, inguruko herrietako jendea ere bertaratzen da merkatura. Gainera, aipagarria da zein politak daudenlorez betetako biribilguneak».
ErrenTerIaKo GIDa
Nola heldu: Donostiatik Irunerako bidean dago Errenteria, bai A-8 autobidea hartuta, baita N-1 errepidea hartuta irits daiteke. Euskotren eta Renfeko trenek geltokia dute bertan.Zer ikusi: Alde zaharra, Eusko Jaurlaritzak ondasun historiko gisa kalifikatua dauka. Bertan dagoen Andre Mariaren eliza parrokiala kanpotik eta barrutik ikustekoa da.
San Markoko gotorlekua. Handik paisaia zoragarriaz gozatzeko aukera dago.
Aiako Harria parke naturala. Txoko ugari ditu parke horrek; esterako, Aitzpitarte edo Landarbasoko kobazuloak ikusgarriak dira.
Biztanleak: 30.000 inguru.
Hedadura: 32, 26 km koadro.