ASTIALDIA. EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Larrun, tren txikia gabe

Lapurdiko mendirik ezagunenak bere altxorrak dauzka. Oinez joateko prest denak ezagutuko ditu istorioak, kondairak eta bertako biztanleen bizimoldea, gailurraren kasko zoragarrira iritsi baino lehen.

XAN AIRE SARA
2008ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Denetarik ageri da. Euskal Herriko probintzia guzietatik. Ez da errana Arabatik ikusten dela. Baina gainerateko mendi eta zelai gehienetarik, itsaso eta portuetatik, bazterretara begiratu, eta hor dago. Osorik, bere mazela erraldoiak agerian. Edo kaskoaren punta, antenak salaturik. Gauaz ere, kaskoko argi gorria ikusten da. Orduan, ez da harritu behar denek ezagutzen baldin badute Larrun mendia. Kanpotiarrek ere hain ontsa ezagutzen dute. Baina hori, Eugenia Montijokoren lana da. Hura zen hasi Larrun kaskora joaten. 1862ko irailean, larunbat batez. Bere gorte guziarekin igotzea erabaki zuen enperatrizak.

Eta garai hartan ez zen tren txikirik. Saratar batzuk gida gisa harturik, gorantz joan ziren jaun-andereak. Gustave Flaubert idazlea ere han zegoen. Bidaia zaldiz egin zutela gehienek azpimarratzen du, berak idatzitako testutxo batean. Emakumeak ahal bezala kokatu zituztela dio Flaubertek, jarlekuak bi zaldiren artean jarriz. «Behin baino gehiagotan erortzera bezala egin zuten gaixoek. Eta Panizzi nire lagunak, txapela eta makila galdu zituen zaldi gainetik. Gure gidarekin hitz egin beharrez hasi zen, ezagutzen zituen hizkuntza guziak baliatuz. Baina gizonak euskaraz baizik ez zekien, zorigaitzez. Itzultzean, gaua zela eta, bertako biztanleek miresten gintuzten, beren argiekin bidea zabaltzen zigutela». Ibilaldiaren ondotik, oroitarria eraiki zuten, gailurraren kaskoan.

Eugenia enperatrizaren bisitaren ondotik, Larrun leku turistikoa izan zitekeela pentsatu zuen batek baino gehiagok. XX. mendearen hasieran, tren txikia abian ezarri zuten. Eta geroz eta kanpotiar gehiago igo zen, San Inazioko geltokitik abiaturik. Denek ezagutzen dute Larrun. Ontsa? Ez da errana. Geltokiaren ondotik doan ibilbidetik joanez, gauza anitz jakiten da.

Mendian gora joan orduko, mendiaren garbitasunaz ohartzen da, oihan gutxi. Larrunen barrena suzkoa dela dio kondairak. Duela aspaldi, herensuge mitikoa bertan bizi omen zen. Mendian, berriz, artzain ume bat. Neska polit batez maitemindu zen mutila. Baina senar boteretsu eta aberatsa baizik ez zuen nahi neskatilak. Bere arima deabruari eskaini ondoan, horrek erran zion aberatsa izateko sekretua: mendiari su eman behar zion. Larrun sutan jarri zenean, herensugea agertu zen, mendian gordetzen ziren urre eta harribitxiak ahotik botatzen zituela. Eta diru biltzen ari zela, berak piztu zuen suak errerik hil zen artzaina. Mendeak zeharkatu zituzten oihanak ere sute horrekin desagertu ziren.

Jean-Louis Gracyk, Sarako Haranederreako nagusiak ez du askorik sinesten kondairetan. «Akelarreak izaten omen ziren, XVII. mendean edo, Arrano Xola eta Ihitzelaia lekuetan. Baina Larrun hain garbia baldin badago, denboran dozenaka artzainek, beren troparekin, nonbait kokatu behar zutelako egonen da», erran du artzainak. «Baina orain ez da gehiago lehengo martxa kasko horietan, eta lekuak berriz zikintzen hasi dira, batez ere otearekin».

Hiru Iturriak deitutako gune berde eta aberatsean aurkitzen dira, funtsean, lehen artzainen aztarnak: harrespilak eta monolitoak. Gizon eta emazte horiek sortzen, hazten, bizitzen eta hiltzen ikusi ditu Larrunek. Neolito garaian, ehiztatzen zituzten behiak hezten hasi ziren; ardiei lotu ziren, berantago. Eta ehorzketa molde berriak sortu zituzten, harrespilekin. Gorago joan ahala, Altxanga eta Koralhandia guneetan, adibidez, beste harri meta batzuk harrapatzen dira. Garai hurbilagoen aztarnak. 1813. urteko udazkenean iragan ziren borrokenak. Napoleon I.aren aurka borrokatu zen Espainiako, Portugalgo eta Ingalaterrako armadek osatu zuten Aliantza. Soult eta Wellington jaunen arteko borroka estrategikoak Larrungo bazterretan iragan ziren. Soult marexalak bertan galdu zuen borroka, Aliantzaren aurka. Gaur egun, satorrek lurpetik ateratzen dituzte garai hartako eskopeten bala zuriak.



POTTOKEN «SARRASKIA» . 1813an baino lasaiago bizi dira Larrungo pottoka famatuak. Tren txikia hartzen duten kanpotiarrak liluraturik egoten dira haiei begira. Eta ez da zaila baten bat harrapatzea, nonahi ikusten ahal baitira, alhapideetan. Eta kanpotiarrek baino ilusio gutxiagorekin ikusten ditu Jean-Louis Gracyk. «Bazterrak pottokez estaliak dira. Geroz eta gehiago daude, diru laguntzak hunkitzen baitira horiei esker. Baina jabeek, udaberrian goiz bidaltzen dituzte mendira, eta apirileko belar guzia, urteko hoberena, jaten dute. Gainera, belarra lehertzen dute, beren zango potoloekin. Zinezko sarraskia da artzainentzat». Urte guzian, Azkaine eta Sara artean, 500 bat pottoka daudela uste du Gracyk. «Zortzi ardien belarra jaten du pottoka bakarrak».

Artzaina ardiaren babesle, nola ez. Baina garai hobeak ezagutu dituztela dio Gracyk. «Lehen, martxo bukaeran joaten ziren artzainak, beren troparekin abendura arte egoteko». Artzain etxola gutxi geratzen da zutik Larrungo mazeletan. Horien ulertzen, gutxi saiatzen da jendea, Gracyren iduriko. «Alta, gauza politak daude ikasteko. Arditegi zaharren inguruetan, adibidez, beti daude lizarrak. Zuhaitz gazteak biltzen zituzten gure arbasoek, gero, hotz egiten zuenean, ardiei jatera emateko». Artzainek berentzat ere baliatzen zituzten lizar hostoak. «Tea baino hobea dela dio gure aitak».

Gaur egun, ordea, lehen baino gehiago bazkatzen dira ardiak. «Eta ez baitezpada naturalki. Orain, ardiek esnea eman behar dute, eta ez dute lizarrondo gazteekin gehiago emanen...», azaldu du Gracyk. «Horregatik, ardiak ez dira lehen bezainbat egoten ahal mendian. Bi hilabete baino gehiago, eta mendian akabatzen zaizkigu ardiak. Artzainen kultura galtzen ari da Larrunen, eta saihetsezina dirudi». Horren adibidetzat, lehen egiten ziren iratze biltzeak luzaz desagertu dira. «Arditegietan ezartzen da, ardiek etzan behar duten lekuan. Iratze biltzea desagertu da, lasto erosten hasi baitira laborariak. Lan zama handia kendu dute horrela! Baina, poliki- poliki, iratzea zela ongarririk onena ohartu dira, eta gazteak berriz biltzen hasi dira. Hobe haientzat, eta mendiarentzat».

Iratzeaz gain, landare anitzen paradisuak dira Larrungo mazelak. Bertan aurki daiteke, oraindik, Drosera rotondifiola arraroa, intsektuak harrapatuz bizi den landarea. Garai batean ehizatzen ziren saiak eta hezurjaleek ere arroketan egiten dituzte habiak. Tren txikitik urrun, haatik.

Bi orduz Larrun ezagutzen saiatu ondoan, kaskora heltzean baizik ez da dena ulertzen. Benta zoko batera ez baldin bada sartzen, haatik. Begiratu bazterretan. 360 graduko panorama zoragarria. Euskal Herri osoa ikusten dela erran daiteke. Baina Iruñea eta Donostia bai aurkitzen dituztela begiek. Eta ozeanoa, Gipuzkoako eta Lapurdiko itsasbazterrak. Landetako oihan ilunak. Inguruko mendiak: Aiako Harria, Jaizkibel... eta Pirinio erraldoiak. Mugarik ez den lekua. Naturak eman ostikoa. Saia bezala airatzeko gogoa ematen duen ostikada. Baina gizakiak hori dena menperatu nahi duela oroitarazten du tren txikiak. «Eta laborariek ez dute etxerik erosteko dirurik aski, gaurko prezioekin», oroitarazi du Gracyk. «Ondorioz, geroz eta ardi gutxi dago hemen. Eta mendia zikinduz doa. Ez dakit nork zainduko duen».



Trenak ere, bere xarma

San Inazio lepotik doan trena turistak eramatera usatua da. Baina familia guzia, haurrak buru, ibilaldi polita egitera gonbidatzen du.
X.A.

Sara

Ibilaldiaren prezioa eta jendetza ahazteko indarra egiten baldin bada, Larrunera eramaten duen tren txikiak bere xarma dauka: ikuspegi zoragarria eskaintzen du, eztiki, XX. mende hasierako trenen erritmoan. San Inazioko lepotik, 35 minutu behar ditu kaskora heltzeko, eta beste hainbeste itzultzeko. Gaur ez du iduri, baina bere denbora eman zuen trenaren proiektuak gauzatzeko: 1859ko Eugenia Montijoren ibilaldi historikotik, trenaren lehen bidaiara, 1924an. Obrak 1912. urtean hasi ziren.

Hiru Iturrietaraino egin zuten bidearen lehen partea. Ez zen beti erraza izan trenbidearen eraikuntza. 1924ko urtarrilaren 7an, estreinaldiaren egunak geroz eta gertuago iduri zuen unean, istripu larria izan zen, itzulgune batean. Makina bat-batean abiatu zen, fiteegi, eta errailetatik atera. Maldan beheiti segitu zuen, 75 langile gainean zituela. Gizonek ahal zuten bezala jauzi egin zuten tren erotik. Baina langile bat hil zen, eta 30 bat larriki zauritu. Geroztik, urte guziz egiten diote azterketa trenari, horrelakorik ez gertatzeko.

Gaur egun, garaiko tradizioari oraindik atxikiak dira arduradunak. 1996ko maiatzean, bi bagoi berri jarri zizkioten trenari. Ez hain berriak, funtsean: 1924an Bagneres de Bigorre herriko (Biarno) Soule Lantegiak eginak izan dira. Zurezko bagoi horiek, parkeko bagoi guziak bezala, lehengo modura zaharberrituak izan dira. Tokiko bi enpresak egin dituzte obrak : Barland eta Telletxea. Baionako Barland mekanikaenpresa bagoien jatorrizko planoak oraindik dauzkan bakarra da. Errodadura-organoen eta bagoien txasisen zaharberritzea bere gain hartu ditu, erran nahi baitu artisau lan espezializatuko mila ordu baino gehiago.

Lan erraldoi horren errespetuz ere, Larruneko tren txikiak behin hartzea merezi du. Eta ibilaldia... Mendiak, zelaiak, ardiak, pottokak, denak ikus daitezke jarlekutik. Mailaz maila doa tren txikia. Galardiko errekaren aurpegi basatiena agertzen da, arroka eta erroitzen artean. Gero, larreak zabaltzen ditu bere zelaiak. Haritzak, iratzea, udazkenean, laborariek biltzen dutena.

Tartean, txartelak kontrolatzen dituen gizona agertzen da... Leihotik! Kanpotik egiten du bere lana, eta haur guziak karkailaka hasten dira hura ikustean. Athekaleuneko gailurretarik, mendi kaskoa agertzen da, arroken erdian. Iturri ederreko ibarra, eta bere haritzak. Iparraldeko mazelako pottokak. Eta kaskora iristen da. Jende gehienak korrika doaz bentetara. Nahiz eta Larrun mendia ez den azaletik baizik ikusten, familia guziarentzat ibilaldi polita eskaintzen du tren txikiak.





JAKINGARRIAK



Nola iritsi

San Inazio lepora: Donibane Lohizunetik, Azkaineko norabidea hartu, Xantako etorbidean barna. Gero, D918 errepidea hartu. Hamar bat minuturen buruan, joan eskuin, D504 bidetik, eta Azkaineko herrian sartu. Ezker doan D4 bideari segi, San Inazio lepora. Sarara iritsi gabe heltzen da lepora. Eskuinean, aparkalekua, tren txikiaren geltokia, eta oinezkako bidearen abiapuntua.

Dantxarineatik: Sarako norabidea hartu, ezker, D4 bidetik. Hamar bat minuturen buruan, Sarara iristen da. Bertan, San Inazio --Azkaine norabidea hartu, beti D4 bidetik. Berriz hamar bat minutu, eta San Inazio lepora iristen da.

Larrun kaskora: Tren txikiarekin, San Inazio lepotik abiatuz (13 euro joan-etorria). Oinez, lepo beretik, bidea biziki ontsa egina da, seinale berdeak segitzea baizik ez da (bi orduko bidea da, aski zaila). Azkaineko ola zaharretarik ere joan daiteke, bai eta Sarako Lehenbizkai deitutako lekutik ere.



Non lo egin

Saran

Petite Rhune kanpina. Txikia, lasaia, udako beroetan bertako itzala estimatzen da. 0033 (0)5 59 54 23 42.

Ttakoinenbordako ganberak. Larrungo zolan, leku lasaia, leizeetatik hurbil, Arrieta familiaren ongietorria. 0033 (0)5 59 47 51 52.

Baratxartea hotela. San Inazio lepoko bidean. Leku lasaia, etxe xume eta ederrean, ikuspegi paregabea. 0033 (0)5 59 54 20 48.

Arraya hotela. Herriko plazan, Sarako hotel ederrenetakoa. Ganbera handiak, altzari zaharrekin. 0033 (0)5 59 54 20 46.



Non jan

Larrun kaskoan

Les Trois Fontaines jatetxea. Tren geltokitik hurbil dago ostatua. Udan baizik ez da zabaldua, eta menu bat baino gehiago eskaintzen dituzte, 13 eta 23 euro bitartean. Jendez gainezka izaten da. Beraz, ogitarteko batzuk, edatekoa, eta mendian jartzea hainbat hobe, ikuspegi zoragarria dastatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.