Arbasoek ez zuten lan biziki izan leku horren izena harrapatzen. Zokoa ez baita, Larrun mendia bezala, denetarik ageri. Donibane Lohizuneko badiaren izkina-izkinan da. Bertatik eta Ziburutik joanez, azken itzulgune baten ondotik baizik ez da agertzen. Zokoa. Txoko txiki eta xarmagarria. Ez da zelai zabal eta berdea. Alta, hainbat gatazken lekukoa izana da. Lapurdiko bi herrien arteko borrokak. XVII. mende hastapenean, Ziburu herria ofizialki izendatu zuten, Donibane Lohizuneren menpe baitzen ordura arte. Zokoako auzoa, garaian Urruñakoa, Ziburukoa izanen zela adierazi zuen Enrike IV. Frantziako erregeak. Eta gotorlekua eraikiarazi zuen, bai eta portua egokitu. Urruñarrak kexu agertu ziren, erregearen faboreak ikusiz. Eta ziburutarrekin borroka bortitzak iragan ziren. 1625ean, bi herrien eta Donibane Lohizuneren artean zatitu zuten Zokoa, bazterrak lasaitzeko.
Nehork ez zuen berriz asaldatzeko astirik izan, Espainiak Enrike IV. erregearen gotorlekua txikitu baitzuen 1636an, Frantziaren aurkako gerra abiatuz. Bazterrak ez ziren mende bukaera arte konpondu. 1680. urtean, Vauban arkitekto ospetsuak gaur duen itxura eman zion gotorlekuari. Frantziako armadaren leku garrantzitsua bihurtu zen Zokoa: XVIII. mendean, 300 bat soldadu zeuden bertan. Ura falta zutela eta, iturri eder bat, oraindik ere ikus daitekeena, eraikiarazi zuen Descolins komandanteak.
Nahiz eta txikia izan, lekuari garrantzia ematen zioten, XVIII. mendean, Zokoako portuari. 1777an, Ipar Euskal Herrian izurriak kutsatu zituen abereak. Garaiko apezpikuak 300 behi oparitu zizkien laborariei, eta Zokoako portura helarazi zituen itsasontziz. Mende bukaeran, Espainiako armadak berriz hartu zuen lekua, eta Britainia Handiko soldaduak egon ziren 1814tik goiti. Geroztik, ez dute gatazka handirik ezagutu Zokoako biztanleek.
ERLAITZEAN BARNA. Eta gaur, zeren itxura du Zokoako biziak? Lasaitasunaren portua. Ibilaldi politak egiteko mentura. Bertara iristeko ere. Donibane Lohizunen autoa utzi, eta Zokoara oinez joateak balio du. Ziburuko kirol portuari begirada bat, eta aitzina. Bidea zizelkatua dute, oinez joateko gisan. Lehenago aipatutako itzulgunetik agertzen da Zokoa, bai eta Donibane Lohizuneko badia osoa. Etxe zuri eta gorriak, Santa Barbarako puntaraino, itsasontziak bare-bare, horrelako leku polita utzi nahi ez balute bezala.
Zokoako portuan, ez da, ekain hastapenean, mugimendu ala sukar gorririk. Ontziak bertan daude, itsasoaren erritmoa segitzen. Marea beheran, lurrean lokazturik. Itsasgoran, ozeanoa desafiatzeko prest. Portu zaharraren itxura du, lanean higatua den lekua. Portuaren erdi-erdian, burdinbidearen zati zahar bat, garai hobeen lekuko. XVIII. mende bukaera, trenbidea eraiki zuten, itsasontziak errazago betetzeko. Merkatu leku garrantzitsua zen Zokoa.
Arrantzale anitz ere bertatik abiatzen ziren, batez ere balearen atzetik ibiltzen zirenean. Eta Zokoako aterbeetan, hainbat altxor ezkutaturik dauzka Itsas Begia elkarteak. Urte hastapenean, belaontzi bat eskuratu dute Azoreetatik, euskal tradizioan oinarrituta eraiki zutena. «Tresna pedagogikoa bihurtu behar luke ontzi horrek», azaldu du Antton Goikoetxeak elkarteko bozeramaileak. «Euskal arrantzaren museoa egin nahi genuke, egiazko ondarea baita horren inguruan. Baina gure haurrek eta belaunaldi gazteek ez dakite deus gai horretaz. Hori aldatu behar da». Oraingoz, ordea, lehor ilunetan daude altxorrak, kanpoan ikus daitezkeen ontziak bezala ez hondatzeko.
Eguraldiak ez baitu oparirik egiten leku horretan. Itsasoaren indarrak beharturik, barradera sendoak eraiki zituzten. Bat Donibane Lohizuneko badiaren erdian, eta bestea Zokoako gotorlekuaren jarraian. Bertan lehertzen dira olatu eroak, daukaten indar guzia emanez. Barraderan ibilaldi polita egin daiteke, olatuekin jolastuz. Baina politena erlaitzera buruz joatea da. Bide batez, Zokoako itsasargia ere ezagutzeko aukera dago. Kasu, etxe bat da, eta ez da barnetik ikusten ahal. Baina beharrezkoa geratzen da, bere argi zuri eta gorriarekin, marinelak ez arrokaren kontra lehertzeko.
Hortik jarraituz, Zokoa gibelean utziz, Lapurdi itsasbazterreko lekurik basatiena zabaltzen da, gero Gipuzkoan jarraitzen dena. Haizeak eta itsasoak etengabe higatzen dituzten arrokak. Hendaiara doan bideari segi joanez ikus daiteke naturaren opari hori. Kasu eginez, haatik, ozeanoak egunero jaten baitu lurra, eta luiziak ardura gertatzen dira. Bide hori zirkulazioari ixteko xedea daukate, naturari bere oparia itzultzeko xedearekin. Udazken guziz, funtsean, egun batez hesten dute errepidea, erlaitzaren besta antolatzeko. Ikerlariak kezkaturik agertzen dira, urtero ozeanoak leku gehiago hartzen duelako.
Zokoa arriskutan dago, beraz? Ez dirudi, eraiki dituzten hesiak ez direlako keinu batez suntsitzen ahal. Eta, uda guziz, turistek baliatzen dute txoko hori egun lasaiak iragaiteko. Haur eta gazteentzat leku paregabea geratzen da, bela eta eski nautiko eskolak daudelako Zokoan. Eta, portuan, lasai ibiltzeko eta jateko aukerak, bertako biztanleak, eta enpresa txikietako langileak gurutzatuz. Baina, Lapurdiko leku anitzetan bezala, etxebizitzaz estali da Zokoa. Lehen, Untxin ibai txikitik ontzitxoak joaten ziren barnealdera, Urruñara. Bakean, naturak emandakoa errespetuarekin baliatuz.
Itsasoa
dastatu,
bazterrak gozatuz
Ibilaldiak antolatuak dira itsasontziz, arrantzara joateko, ala Lapurdiko itsasbazterra ezagutzeko; euskaraz ere bai.
X.A.
Ziburu
Donibane Lohizuneko badia ez da handia, baina xarma baduela ezin uka. Eta horretaz ohartuak dira bat baino gehiago. Lekua itsasotik ikusteko aukera eskaintzen dute hainbat itsasontzik. Horien artean, Le Passeur txikiak badia osoan ibiltzeko parada eskaintzen du. Ziburutik abiatu, Donibane Lohizunen gelditu, eta Zokoara heltzen da. Haize goxoak ferekaturik, badia guzia keinu batez zeharkatzen da, asti guzia hartuz. Goizetan, 09:00etan abiatzen da ontzitxoa, uda bete-betean. Azken bidaia 19:00etan egiten du, Zokoatik Ziburura.
Nivelle III ontzitxoak, berriz, ateraldi originalak antolatzen ditu, batez ere goizetan. 08:00etatik 12:00ak arte, arrantzara gonbidatzen du profesional talde batek, 30 euroren truke. Zokoako inguruetan, bisigua, lupia, zapoa, ala erreboiloa harrapatzeko aukera eskaintzen dute. Zorionak eginen du gaineratekoa... Arrantzako materiala guzia ere eskaintzen dute. Arratsaldez, Lapurdiko itsasbazterra ezagutzeko parada dago. Nivelle III ontziaren motorrak eramanik, ibilaldi askotarikoak daude: ordu erdikoak, Donibane Lohizuneko bazterretan; ordubetekoak, erlaitza hurbiletik ikusteko. Bi ordukoak, Txingudiraino joateko, Hendaia eta Hondarribiko bazterrak ikusiz. Hainbat prezio dira, ibilaldien araberakoak: 5, 9, ala 15 euroan, lagun bakoitzarentzat. Lekuak atxikitzeko: 0033 (0)6 09 73 61 81.
Baina goiko itsasontziek ez dute baitezpada euskarazko zerbitzurik eskaintzen. Horretarako, Amaiur Alfarorekin antolatu behar dira ibilaldiak. Aitzinetik deitu (0033 (0)6 72 39 42 26), eta edozein lekura eramanen du itsasturiak. Motorrik ez, haatik, belaontziz egiten baititu ibilaldiak, bazterrak eta denbora gozatuz. Askatasunaren lema: Lapurdiko itsasbazterra, Euskal Herriko portuak ezagutu, ala haratago joan. Zokoan eta Ziburun ditu abiapuntuak, han baitaude Uhartza eta Uhartz II itsasontziak. Euskaraz hitz egiten dutenei, prezio bereziak. Belaontzien teknikaren oinarriak ere azaltzen ditu, eta maniobratzen uzten ere. Bainujantzia eta ogitartekoa aski direla erraten ohi du. Bainuak, itsasoaren erdian, Lapurdiko lurraldeari begira...
JAKINGARRIAK
Nola iritsi: Baionatik, N10 errepidea hartu, Donibane Lohizuneraino. Bertan, D912 errepidea hartu, Ziburura buruz. Hor, zuzen jarraitu, Zokoa seinaleei jarraituz. Hendaiatik, erlaitzako bidea, D912 errepidea, jarraitu, Donibane Lohizunera buruz beti, edozein biribilgunean. Zuzenean heltzen da Zokoara.
Non jan: Chez Margot jatetxea, Zokoako portuan bertan, kanpoan jateko aukera. Arrain mota guziak lantzen dituzte. (0033 (0)5 59 47 18 30). Ispeguy sagardotegia, sagardoa ez dute berek ekoizten, baina sagardotegiko menu klasikoa eskaintzen dute, besteak beste. (0033 (0)5 59 47 40 64).
Non lo egin: Juantcho kanpina, Urruñako bidean, itsasbazterrean, bazterretako mendien ikuspegiarekin. (0033 (0)5 59 47 11 97. Hotelak badaude Ziburun.