Pixkanaka aldatzen omen da natura, gizakiak ikusteko gai ez den moduan, baina Urdaibaiko paisaiak oso bestelakoak dira horretan; izan ere, itsasgora eta itsasbeheraren arabera aldatzen ditu jantziak babesguneak; hondartzak erakutsi edo ezkutatu egiten ditu, eta hezeguneak ureztatu edo azalarazten ditu egunero.
Biosferaren erreserbak 230 kilometro koadroko eremu zabala hartzen du, eta, horregatik, aberatsa da oso landare zein animalietan. Guztien artean, alabaina, hegaztiak dira jaun eta jabe. Europako iparraldetik eguraldi epelagoen bila ihesean bidaiatzen duten txori migratzaileen babesgune bilakatzen da Urdaibai. Horietako asko nahiko bitxiak dira, branta, eider edo zerra kasu. Horiekin batera, ohikoagoak diren lertxun hauskarak, ubarroiak eta kurlintak daude.
Kostaldean eta itsasoan ere ematen die ostatu hegaztiei Urdaibaik; izan ere, Ogoño lurmuturra eta Izaro uhartea belatz handien eta, batez ere, kaioen erresuma dira. Babesguneak itsasoan duen gotorlekuak, alabaina, bestelako biztanleak izan ditu iraganean. 1422an Izaro uhartean sortu zuen komentua frantziskotarren anaidiak, eta denbora luzez aritu ziren han, 1719ra arte. Fraideen bizimodua errazteko, azkenean, Forura eraman zituzten XVIII. mendean.
Arrantzaleen historiaren berri ere ematen du itsasoak, babesguneak Bizkaiko Golkoarekin bat egiten duen tokian, hain zuzen ere. Matxitxako eta Ogoño artean balea arrantzan aritu ziren euskaldunak XVIII. mendera arte. Balea arrantzari aspaldian utzirik, zetazeoak ikusteko talaiak dira orain lurmutur horiek. Kostaldean, halaber, gero eta kirol portu gehiago daude arrantzaleen sareak konpontzen zituzten kai berberetan. Mundakako hondartzetan, bestalde, surflariak azaltzen dira, olaturik ospetsuenak azaltzen direnetan behintzat. Hala ere, turistek portuko kaleak betetzen ez dituztenean, lasaitasuna da nagusi herriko portuan eta Laida zein Laidatxuko hondartzetan.
GIZAKIAREN ESKU. Naturak ez ezik, gizakiak ere moldatu ditu Urdaibaiko bazterrak historiaren bilakaeran. Busturialdeko lehenengo gizakien aztarnak dira, seguruenik, eskualde osoko ezagunenak, Santimamiñeko leizean ageri direnak, Kortezubin. Duela 13.000 urte baino gehiago egin zituzten margolanak, baina egungo gizakiak XX. mendearen hasieran topatu zituen. Bisitek kalte handia egindiote leizeari, eta, horregatik, Santimamiñe ixtea erabaki zuten 2006an. Kalte horiek aztertu ondoren, bisitak egiteko aukera zabaldu berri dute, baina aurrerantzean bisita birtualak bakarrik egin ahal izango dira.
Kobazulotik gertu, gizakiak eraldatutako beste toki bat bisita daiteke, Agustin Ibarrola artistak margotutako Omako basoa, hain zuzen ere. Aspaldi egin zuen eztabaida handiak sortu zituen obra. Duela urte gutxi zaharberritu zuten, eta oraindik murgildu daiteke bisitaria zuhaitzek eskainitako giro magikoan. Animaliak nahiago dituztenek basabereen babeslekua topatuko dute Basondoko baserrian. Xabier Maiztegi fundazioak kudeatutako aterpetxean, Bizkaiko basoetan galtzear diren espeziak zaintzen dituzte, basurdea, azeria, basakatua, orkatza eta igaraba, besteak beste.
Erdi Aroko altxorrak ere ezkutatzen ditu Urdaibaik, Arteaga gaztelua bezalakoak, Gautegiz-Arteagan. XIII. mendean eraiki zuten bertan lehenengo gotorlekua, egungoa XIX. mendean eraberritu zuten arren. Hotela da gaur egun.
Urdaibaiko
harribitxiarenaurpegiak
Burdinbideak eskaintzen dio bisitariari Urdaibai ezagutzeko modurik onena, Edorta Jimenez Mundakako idazlearen ustez.m. carramiñana
Bilbo
Adjektiborik ez, trenbideak azal diezaioke kanpotarrari edozein hitzek baino hobeto Urdaibai zer den, «trenez etortzera aholkatuko nioke, Zornotzatik eta horrela ikusiko luke Urdaibairen zain nagusia, ibaia bera eta bere bilakaera mendietatik itsasoraino», horixe da Edorta Jimenez (Mundaka, 1953) idazleak babesgunea ezagutzeko asmoa dutenei plazaratzen dien iradokizuna, «trenez etorrita, dena esanda egongo litzateke».
Ez da nolanahiko gidaria, izan ere, Urdaibai herriz herri, basoetan zehar eta bere jaioterriko portutik itsasoratzen ezagutzen du. Bidaia literarioetan ere aritu da inguruetan, Hemingway idazlearen atzetik, besteak beste.
Bigarren sarbide bat ere proposatzen du, autoz hurbildu behar direnei, Mungiatik Arrietaraino egitea eta, handik, Busturiarantz abiatzea, «ikusiko luke beste modu batez Urdaibaiko arroa eta mendi lerroa, arrano begirada batetik». Badira beste sarrera batzuk, «Gipuzkoatik etorrita Markinatik Gernika-Lumora egitea zoragarria da ere».
Jimenezen ustez, «Urdaibai batzuk» daude eta, azkeneko horiek «postaletan sekula agertzen ez» diren horietakoak dira, «Bizkaia sakona» deritzonaren eremuan. Izan ere, biosferaren erreserba udalerri ugarietara zabaltzen da, «osorik hartzen ez dituen arren». Itsasoko argazkia da inguruneari lotutako irudi nagusia, baina «badira bestelako paisaiak berton, egin ohi ez diren bideetan».
ALDE TXARRAK ERE. Idazlearen «begietako ninia» izan da urte luzez Urdaibai, baina, urteotan, gauza «mingarriak» ere ikusi ditu babesgunean: «Fisikoki Urdaibai bi ikusten ditut nik, biosferako erreserba izendapena merezi izan zuen hori, batetik, eta espekulazioarena, bestetik, ingurune pribilegiatu hau modu pribatuan eta klasistan erabili nahi duen jendearena ere». Bien arteko kontrastea «gero eta nabarmenagoa» dela ikusten du eta, dagoeneko, bigarrena salatzeko garaia heldu dela dio.
Kritikatzen duen hori edozeinek egiazta dezake, ibilbide desberdinak eginda: «Lehenengoa, benetan zoragarriak diren leku horietara, Mendata, Errigoiti, Mundakako portua, Laga hondartza, Gaztelugatxe, nahiz eta erreserbako mugan egon». Bigarren bidaia «jasanezinak» diren beste toki batzuetara egitea proposatzen du mundakarrak, «baimenik gabe aritzen diren industrietaraedo urbanizazio basatietara».
Urdaibai, oraindik ere, harribitxia da, «batzuek modu pribatuan gozatu nahi duten harribitxia». Gehienek, aldiz, «denontzat nahi dugu, publikoa eta zabala izan behar dela diogu». Babesgunera bertaratzen den bisitaria horretaz guztiaz berehala jabetzen dela pentsatzen du Jimenezek, «harribitxiak dituen aurpegien distirarekin harrituko da, baina, era berean, bertan egiten dituzten gehiegikeriekin ere».
JAKINGARRIAK
Nola iritsi: Bilbotik autoz joateko A-8 autobidea hartu behar da, Donostiarako bidean, Zornotzara heldu arte. Handik, N-634 errepideari jarraitu behar zaio Gernika-Lumoraino. Donostiatik A-8a jarrai daiteke Zornotzaraino edo kostaldeko errepideari jarraitu, Gautegiz-Arteagatik sartzeko Urdaibain. Bilbotik trenak eskaintzen du garraio publikorik onena Urdaibai ezagutzeko, Bilbotik Bermeora doan ibilbidean. Burdinbidea hezegunetik igarotzen da, eta Gernika-Lumo, Busturia, Forua eta Mundaka zeharkatzen ditu. Hiriburutik, ordubete luzeko bidaia da.Non lo egin: Gernika-Lumon eskaintza zabala dago, Akelarre ostatua kasu, Barrenkalen, (34 946 27 01 97). Errigoitin Elizetxe ostatua dago, Zendokiz auzoan, (34 946 25 61 94). Landa turismoa nahiago dutenek Aristietara jo dezakete, Ajangizen (34 946 25 85 00).
Non jan: Mundakako Erreka erretegia izen bereko kalean dago eta ospe handikoa da, (34 96 17 72 19). Kanala jatetxea, berriz, Gautegiz-Arteagan dago, Bastegiekan (34 946 25 33 90). Gernika-LumonZimela jatetxea dago, Carlos Gangoiti kalean, (34 946 25 10 12)
Interneten: Urdaibaiko erreserbako webgunea www.urdaibai.org. Urdaibai fundazioaren web orria: www.fundacionurdaibai.com. Hegazti zaleek ikusi beharrekoa, www.urdaibai-hegaztiak.com . Abenturarako eskaintzak, www.urdaibai.comweb orrian.