ASTIALDIA. EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Plazaolako natur bidean barna

Plazaolako trena iragan zen bideak Imotz, Larraun eta Leitzaran ibarretako paisaiaz gozatzeko aukera ematen du

IRENE ARRIZURIETA IRUñEA
2008ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Plazaolako bide berdeak Plazaolako trenaren, edo Tren Txikia izenarekin ere ezaguna izan zen trenaren bidea egiten du. Trena joan den mende hasieran hasi zen lanean, 1902. urtean. Gipuzkoa etaNafarroa lotzen zituen, eta mugan zeuden meatzeetako burdina garraiatzeko erabiltzen zuten. Denborarekin, bidaiarientzako trena bilakatu zen, eta Iruñea eta Donostia arteko bidea egiten zuen. 1953. urteko uholdeen ondotik, trenbidea kendu egin zuten, eta egun, bide berde bihurtu dute. Trenak egiten zuen bidea 84 kilometrokoa zen (56 Nafarroako zatian, eta gainontzeko kilometroak, Gipuzkoan), baina bide berde gisa egokitu dituzten kilometroak gutxiago dira, 40 inguru. Bideak Imotz, Larraun eta Leitzaran ibarrak ikusteko eta gozatzeko aukera ematen du.

Plazaolako trenaren bidean egokituta dauden bide berdeetan barna patxadaz ibili behar da, denbora hartu eta paisaiak eta naturak eskaintzen dituen aukerez gozatzea da egokiena. Mendiz eta belazez inguratua da bidea, eta zeharkatzen dituen basoetan haritzak eta pagoak dira nagusi. Egokitutako bidea oso ongi markatua dago. Garai bateko Plazaolako trenaren ibilbidea izanik, tunelak eta zubiak ez dira falta ibilbidean zehar. Belazeen, basoen eta inguruko baserri eta herrien paisaia apurtzen dute noizbehinka, eta trenaren lekuko isilak dira. Ibilbide laburragoak edo luzeagoak egin ditzake bisitariak, oinez, zaldiz edo bizikletaz. Ibiltariak hainbat aukera ditu bidea egiteko. Gipuzkoako zatitik has daiteke, Andoain herritik, Nafarroarantz igoz. Edo bestela, Nafarroatik abia daiteke, Lekunberritik hasita, Gipuzkoarako mugarainoko bidea har dezake.

Hemen bisitariari Lekunberritik Gipuzkoarako mugaraino doan bidea proposatzen zaio. Plazaolako bide berdeko zatiak Lekunberrin du hasiera; Larraungo ibarraren hiriburuan, hain zuzen. Herriko tren geltokian hasten da bidea. Plazaolako trenaren geltokia izan zena zaharberritua dago. Turismo Bulegoa eta Plazaolako bidea kudeatzen duen partzuergoarena ere aterpetzen ditu. Lekunberritik zenbait aukera daude bidea egiteko. Goiz erdia pasatzeko txangoarekin nahikoa duena Mugiroraino joan daiteke. Bi kilometroko ibilbidea du, eta Larraun ibaiari jarraituz eginen du bidea. Erraza da, eta ibiltzeko ohitura handirik ez dutenentzat egokia. Goiz-pasa ibili nahi duenak, berriz, Uitzira doan bidea hartu behar du, bost kilometro egin beharko ditu Uitzira iritsi arte. Bidean Larraun ibarraz gozatzeko parada izanen du. Lekunberriko geltokitik atera eta iparralderantz trenaren bide hartu behar du. Berehala atseden gune batera iritsiko da. Handik Mailoak eta Aralar ikusteko aukera paregabea dago. Mendi tontor guztiak adierazten dituen taula batek erakutsiko dio zein diren inguratzen dituen mendien izenak. Bertako fauna eta landare adierazgarrienak ere aipatzen dira. Putreak, miruak eta zapelatzak ere bidelagun izanen ditu maiz zerutikitzal eginez. Zorte pixka batekin bidearen zati estuenetako batean orkatzaren bat ikusteko aukera ere eduki dezake ibiltariak, duela urte batzuk Imotzen askatu zituztenen ahaidea, ziurrenik Larraungo belazeetako belarra jatera etorria.

Uitzira iritsi aurretik Plazaolako bideak zituen 39 tuneletatik lehenengo hirurak zeharkatu beharko ditugu. Lehenengo biak ongi egokituak daude, eta sartu ahala argiztatzen dira. Hirugarrena, berriz, Uitziko herrira sartu aurretik dagoena, egoera okerragoan dago, eta gurutzatzea baino hobe da ondoko bidetik zeharkatzea. Seinalizatua dago nondik joan behar den, eta 200 metroko desnibela du. Tunelak itaxurrak ditu nonahi, eta ez dago argiztatua. Gainera, oso luzea da, 2.700 metro ditu. Eraiki zenean, 1919an, penintsulako tunelik luzeena izan zen, eta urte franko horrela izaten jarraitu zuen. Plazaolako Partzuergoak aurten hasiko ditu tunela moldatzeko lanak.



UR ISURIEN BANATZAILE. Uitzira iritsi orduko, ibiltariak herri txiki bat topatuko du, Larraun ibarreko beste herri guztiak bezala. XVIII. mendeko harrizko etxe handi eta baserri sakabanatuak dira nagusi paisaian. Uitziko mendatera igoz, Leitza aldera jarraitu behar da, markatuta dagoen bidetik barrena. Mendatea Kantauri eta Mediterraneoko ur isuriak banatzen ditu. Leitzaraino bost kilometroko bidea dago, eta zazpi tunel daude zeharkatzeko. Ibilbidean pagadiak eta hariztiak dira nagusi.

Leitzara iristean, Iturrizarrea izeneko iturrira ailegatuko da bisitaria. Herriko lehen etxea eta eliza ikusiko ditu eskuinaldean.Iparraldera jarraituz, Gipuzkoarako bidea hartuko du, mugaraino zazpi kilometroko ibilbidea du, eta zazpi tunel txiki zeharkatuko ditu. Lehenengoa Telleriko tunela izanen da. Izen bera duen baserri ondoan dagoena da. Tunel horrek ehun metro ditu, eta itxita dago; errepidera jaitsi behar da berriro trenbidera itzultzeko. Handik,Leitzako Plazaolako geltoki zaharrera iristen da. Geltokiaren aztarnak agerikoak dira. Geltokia zen etxea zutik dago oraindik, baina nahiko egoera kaskarrean. Biltegi gisa erabiltzen ziren etxeak, berriz, eroriak daude. Aurrera jarraitu eta zubi bat igarotzen da, behe aldetik Leitzalarreara doan errepidea pasatzen da. Zubia pasatu eta berehala tunel bat dago, egoera onean, baina argiztatu gabekoa da. Beraz, eskuargi bat ematea komeni da. Gipuzkoako mugara iritsi arte pasatu behar diren zazpi tunel txikien artean lehenengoa da. Bidea baserriz eta belazez inguratua dago, eta egun eguzkitsuetan jendea erruz ibiltzen da Gipuzkoa aldera edo Gipuzkoatik Nafarroarako bidean. Gipuzkoara hurbildu ahala, ibarra ixten hasten da, Leitzaran ibarrera iritsi baita bisitaria. Bidea Leitzaran ibaiaren ondotik doa. Bidea aldapa behera hasten da, baina ez da kasik igartzen. Mugara iristeko kilometrobat falta denean, Plazaolako meategiak edo Bikotxekoak izandakoen aztarnak daude. Ez daude bidean bertan. Bidetik kilometro batera-edo daude. Meategiaren tximinien eta zabortegiaren aztarnak ikus daitezke oraindik ere. Meategi horretako burdina garraiatzeko eraiki zuten trenbidea, eta hortxe bukatuko du bisitariak bidaia.



Estraperlorako trena

Gipuzkoa eta Nafarroako muga zeharkatzen zuelarik, 36 Gerraren ondoren kontrabandorako bide bihurtu zen Plazaolako trena.
I. arrizurieta

Iruñea

Plazaolako trena 1902. urtean jarri zuten martxan, eta burdina garraiatzeko sortu zuten, baina 1914. urtean bidaiariak garraiatzen hasi zen, Donostia eta Iruñeko hiriburuak lotuz. Horrela iraun zuen 40 urte, merkataritzarako eta komunikaziorako bide izan zen, eta aldi berean, zeharkatzen zituen herrietara mugimendu gehiago ekarri zuen. 1953ko urriko uholde gaiztoek batetik, eta autobusen eta errepidearen lehiak bestetik, gainbehera eta heriotza ekarri zioten trenari 1958an.

Plazaolak Iruñera egin zuen lehenengo bidaia 1913ko uztailean izan zen, baina ez zen inaugurazio bidaia izan. Trenaren enpresako Administrazio Kontseiluko kideek eta trenbidearen lanetan aritu ziren zenbait teknikarik, ingeniarik eta langilek Iruñeko sanferminetara joateko baliatu zuten trena. Gaztelugibelean zegoen geltokira iritsi zen trenak ez zituen bi hiriburuak batuko hurrengo urtea arte. 1914ko urtarrilean inauguratu zen ofizialki Plazaolako trena bidaiarientzako garraiobide gisa. Egun hartan bi tren abiatu ziren, aldi berean; Iruñetik bat eta Donostiatik bestea, goizeko bederatziak eta laurdenetan. Uitziko geltokian bat egin zuten, goizeko hamaiketan. Bertaraino etorritako tren eta bagoiak tren bakar batean batu ondotik, Iruñerako bidaiari ekin zioten. Harrezkero egunero-egunero zeharkatzen zituen bi hiriburuen arteko hainbat herri. Horrek bizitasuna eta aberastasuna eman zien trenbide ondoan zeuden herri askori. Adibidez, igandeetan, Lekunberrin sekulako festa antolatzen zen trena iristen zenerako. Herritarrak trenari ongietorria eta agurra musika bandarekin egiten zioten. Estraperlorako edo kontrabandorako ere baliatu zen trena. Leitzako edo Lekunberriko zahar askok gogoratzen dute garai hura. 36ko Gerraren ondoren gosea zen nagusi.



CHEVIOT BEROKIA. Janari kontrabandoa eguneroko kontua izan zen askorentzat. Oinarrizko elikagaiak --ogia, patata, babarruna...-- trenari esker iristen ziren herrietara. Modan jarri zen «kontrabandisten berokia». Hiru laurdeneko cheviot artilezko berokia zen, ardi-larruzko lepoarekin. Barnealdean sei poltsiko zituen eta jakiak ezkutuan eramateko jostura bikoitz sendotua zuen. Emakume askok erabiltzen zuten familiarentzat behar zituzten jakiak gordeta eramateko. Haurdun zeudela ematen zuen. Gizonak ere ez ziren atzean gelditzen, eta udan ere, bero handi pasatu arren, berokiarekin igotzen ziren trenera. Guardia Zibila geltokira hurbiltzen zenean, geltokiko buruek eta makinistek abisua pasatzen zieten bidaiariei jakiak ezkutatzeko. Askotan esku hutsik bueltatzen ziren etxera bidaiariak, Guardia Zibilaren zigorraren beldur merkantzia treneko leihotik bota ondoren.

Trenaren gainbehera 1953an hasi zen. Urte hartako uholdeek trenbideko hainbat zubi eta tarte suntsitu zituzten, eta trenbidea hondatuta utzi zuen. Zerbitzua eten egin zen behin-behinean. Neurri hori, luze gabe, behin betikoa izanen zen. Zerbitzua berriro abian jartzeko Nafarroa eta Gipuzkoako diputazioen eta ibilbidean zeuden herrien arteko negoziazioek ez zuten aurrera egin, eta zerbitzua eten egin zen.





JAKINGARRIAK

Nola iritsi: Andoain Irurtzunekin lotzen duen A-15 autobiak Lekunberrira bideratzen du bisitaria. Iruñetik eta Donostiatik zerbitzua eskaintzen duen La Roncalesa autobus konpainiako autobus batzuk gelditzen dira Lekunberrin eta Leitzan.

Non jan: Leitzan, Arakindegia jatetxea. Telefonoa: 948-510052. Sagasti jatetxea. Telefonoa: 948-610636

Non jan eta lo egin: Leitzan, Musunzar ostatua. Telefonoa: 948-510474/510607. Informazio gehiago: Plazaolako Turismo Partzuergoa: 948-507205.

Webguneak: [email protected]; www.plazaola.org.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.