ASTIALDIA. EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Tximinien artean, harea

Muskiz eta Zierbena artean dago Arenako hondartza, Bizkaiko kostaldeko lehenengoa, eta Petronorreko findegiaren tximinien ondoan dagoelako ezaguna.

MIKEL CARRAMIñANA MUSKIZ/ZIERBENA
2008ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Bizkaian sortutako lantegi gehienak,industrializazio garaitik, hiri handien aldamenean ezarri zituzten, Ibaizabaleko Itsasadarraren inguruan batez ere. Badira, alabaina, salbuespenak, horietako bat, Muskizen eraiki zuten Petronorreko findegia. Somorrostroko haranean sortutako industriagunea, urteak pasatu ahala, paisaiaren parte bihurtu da, Bizkaian sartzeko edo Kantabriarako (Espainia) bidean A-8 autobidetik igaro diren milaka gidariek egunero ikusten dutena. Handik gertu, Barbadun ibaia itsasadar bilakatzen da, eta Kantauri itsasoarekin egiten du topo, Arenako hondartzaren ondoan, hain zuzen ere.

Muskiz eta Zierbena. Bizkaiko udalerri biren artean banatuta dago hondartzak duen kilometro eskasa, eta bi herrietakoek haiena bakarrik dela erantzungo dute galdetuz gero. Kokapen geografikoagatik, Muskizetik itsasora luzatzen diren paduren jarraipena dirudi, baina, distantziak aintzat hartuz gero, Zierbenako Arena auzoaren ondoan dago hondartza. Udako hilabeteetan hara hurbiltzten diren gehienek, ordea, trena eta autobusen ibilbidearen izenarekin lotzen dute Arena, eta, horregatik, Muskizen dagoela uste dute.

Tximiniak eta erregaien edukiontzi handiak paisaiarekin nahasten badira ere, eguraldi beroarekin batera jendez gainezka egoten da Arena, besteak beste, hondartza batek izan ditzakeen zerbitzu gehienak eskaintzen dituelako: salbamendu taldeak, komunak, dutxak eta jatetxe ugari. Horrez gain, hare finak eta inguruko mendiek, atsedenerako lekurik egokiena bilakatzen dute.

Hondartzari begira bazkaltzeko aukera ugari dago Arenan, hareatzaren atarian aspaldi sortu zuten kale moduko batean jatetxe ugari dagoelako. Horietako batzuk asteburuko bisitariei begira ireki zituzten ateak, baina, gainerakoetan,egunero dago itsasoaren ondoan menu on bat dastatzeko parada.

Kirolari ugariren helmuga izaten da Arenako hondartza, surflarienak, batetik, eta txirrindulariena, bestetik. Itsasoko olatuen bila joaten dira lehenengoak, eta, bigarrenek, Bizkaiko Ezkerraldeko herrietatik hondartzaraino luzatzen den bidegorria jarraituz hurbiltzen dira. Portugaletetik 11 kilometroko ibilbidea egin dezakete bizikletazaleek, errepide eta autoen arriskuak erabat ahaztuta. Bidean, gainera, ikusteko moduko tokiak bisita daitezke, Quintana dorretxea izandakoaren aztarnak, Erdi Aroko harresiak eta hainbat kobazulo. Bidegorriaren azken lau kilometroak Zierbenan bertan dira eta hondartzaraino luzatzen dira. Horregatik, erraza da bizikletarekin bertaratutako jendea egunero topatzea Arenan.

Udan bainua hartzeko asmoz biltzen diren gehienak, alabaina, Muskizetik egiten dute Arenarako bidea. Izan ere, Bilbo eta inguruko udalerrietatik askoz ere garraio gehiago abiatzen dira kostaldera. Renfek trenez joateko aukera eskaintzen du, eta Bizkaibuseko ibilbide ugarik Arenako hondartzan dute azken geltokia.



ERDI AROKO AZTARNAK. Herri zaharra da Muskiz, XIV. mendeko agirietan ageri baita Muskizko San Julian izenarekin. Bizkaiko Enkarterri osatzen zuten hamar errepubliketako bi haran horietan zeuden, eta gobernua Urrestietako juntetxean zuten. Garai hartakoak dira, hain zuzen, gaur egun zutik dauden eraikin zaharrenetariko batzuk, Muñatoizko gaztelua eta Pobaleko dorretxea. Azken hori XIII. eta XIV. mende artean eraikitako burdinola babesteko egin zuten.

Duela mila urte inguru eginiko eraikin baten gainean sortu zuten, Lope Garcia Salazar jaunaren aginduz, Muñatoizko gaztelua, XIII. mendean. Muñatoizko San Martin baselizarekin batera, gaztelua monumentu historiko artistiko izendatu zuten 1944an. Handik bost urtera,1949an, gotorlekua zaharberritzeari ekin zioten. Pobaleko burdinola uraren energia erabiltzen lehenetarikoa izan zen eta, zaharberritu badute ere, gurpil bertikala gorde izan duen Bizkaiko burdinola bakarra izan da. Egun, dorretxearekin batera, burdina lantzeko modu zaharrak azaltzen ditu museoak.



Naturaren garaipen txikia

CLH enpresak Somorrostroko biltokiak eraitsi izanak, padurak berreskuratzeko aukerari ateak ireki dizkio.
M. C.

Bilbo

Hamarkada luzez, muskiztarrak Petronorren tximinia garaien eta CLH enpresaren biltegi erraldoien aldamenean bizi behar izan dute. 60ko hamarkadatik aurrera jaiotakoek, gainera, inoiz ez dute ezagutu Somorrostroko harana industriarik gabe. Edukiontzi borobilak autobidetik ere ikus zitezkeen, orain dela gutxira arte behintzat, izan ere, azken hilabeteetan egindako lanekin, 40 bat urtez padurako errege izandakoak eraitsi egin dituzte. Hamar urte baino gehiago behar izan ditu enpresak aspaldi egin behar zuen lana bukatzeko, baina, oraingoan, eta, aspaldiko partez, naturak lekua ebatsi dio asfaltoari.

Egunotan, hondakinak besterik ez dira gelditzen CHLren biltegi izandakoaren lekuan, baina etorkizunari begira lurzoru horretan egingo dutena ez dago batere argi. Askok Barbadun ibaiaren iraganeko itxura berreskuratzeko egitasmoa eskatu dute, Somorrostroko paduran landare eta animalien aniztasuna berreskuratze aldera. Izate talde ekologistak hala eskatu du dagoeneko, eta, dirudienez, Udala hegaztien behatoki bat bertan jartzeko aukera aztertzen ari da.

Arenako hondartzak ere ikuspegi berria irabazi du edukiontziak desagertu direnetik eta, seguruenik, bisitari gehiago izango ditu udako denboraldian. Aurrerantzean, hareatza kutsatuta dagoela uste dutenek beldurrak uxatu ahal izango dituzte, hein batean behintzat, izan ere, CLHren biltegien bizilagunak, Petronorrek, zutik dirau handik gertu.



PLANTA BERRIA. Petronor enpresa duela 40 urte sortu zuten, 1968an eta, hasieran, Muskizko ikur bat aukeratu zuen konpainiaren irudia ordezkatzeko, Muñatoizko gazteluarena, hain zuzen ere. Horregatik ageri da dorre bat erregai enpresaren logotipoan. Bitxia bada ere, ordezkapena irauli egin da denborarekin eta, udalerriaren banderan ageri ez bada ere, Petronor Muskizeko ikur nagusietako bat bilakatu da.

Zazpi mila biztanleko herrian, askok bertan lan egiteko aukera izan dute, baina, betidanik, findegian gerta zitezkeen istripuengatik kezka handia izan dute bizilagunek. Behin baino gehiagotan piztu da sua lantegiko eraikinen batean, eta, halakoetan, gertutik sentitu dute arriskua aldameneko herrian, 2002ko urrian izandakoaren modura.

Azkenaldian, gainera, eztabaida berria sortu du Petronorrek, koke planta bat Somorrostron egiteko asmoa iragarri baitu. Muskizko, Abanto-Zierbenako eta Ortuellako hainbat herritarrek koke plantaren kontrako plataforma osatu dute, eta, dagoeneko, hiru mila sinaduratik gora bildu dituzte egitasmoaren aurka egiteko. Muskizko Udalak ere, azpiegitura herrian jartzearen kontra egin du. Duela astebete onartu zuen udalbatzak plantaren aurkako mozioa, besteak beste, etxebizitzetatik 2.000 metrora baino gutxiago egonda, herritarren osasunari kalte egingo diolakoan.





JAKINGARRIAK

Nola heldu: Renferen Bilbo-Muskiz ibilbidea herrira hurbiltzeko baliagarria da, eta, handik, oinez egin daiteke hondartzarako bidea. Bizkaibuseko autobus ugarik lotzen dute hiriburua Arena hondartzarekin, besteak beste, A3336 eta A3337 (Muskiz-Bilbo) eta A3345 (Bilbo-Castro). Autoz, azkenik, Bilbotik Santanderrerako A-8 autobideak Muskizen du sarbidea.

Lo egiteko: Hondartzatik gertu Apart-Hotel izeneko ostatua dago, (0034) 94-636 54 54. Muskiz Hotela, berriz, herrian dago, (0034) 94-670 76 34.

Jatetxeak: Hondartzako sarreran, jatetxe ugari dago: Itxas Gane (0034) 94-636 53 67, Aitona (0034) 94-636 51 57 eta Hondartza (0034) 94-636 55 18, besteak beste.Informazio gehigarria: Enkarturreko Turismo Bulegoa (0034) 94-680 13 56. Interneten www.turismomuskiz.com , www.muskiz.org eta www.zierbena.net webguneak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.