ASTIALDIA. EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Urdoze, Baigorriko herrixka

Betidanik berezia izan da Urdoze, Baigorriko auzoa (Baxenabarre). Herritik nahiko aparte, bere nortasunak eramanik zeharkatu du historia, Iparlako gailurrek babesturik.

XAN AIRE BAIGORRI
2008ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ez da nehondik ageri. Donibane Garazitik, Baionatik ala Iruñetik etorri, berdin du: ez da ikusten. Baigorriko herriak ere ez du begiekin harrapatzen bere auzoa. Bide txiki batek baizik ez du salatzen Urdoze deitzen den eskualdea. Baigorri eta Arrosaren (Baxenabarre) arteko bidean, Eiheralde auzoko arditegi baten ondotik abiatzen den bidetxoak eramaten du Baigorriko herrixka horretara.

Baina bide horren gora-beherak jasan behar dira helmugara arribatu arte. Bidea ez da luzea, ordea, eta begiratzea merezi dute bazterrek. Pentze xumeetan, ardiak neguko belar fina harrapatzen. Etxeak, handi eta zabalak, horma potoloak xuriz tindaturik, leiho gorriek apaindurik. Autoa gurutzatzean, ez arroiletan sartu behar. Baina bertako biztanleek usaia dute. Gibelatu, baztertu, agurtu, eta segi aitzina.

Ttotte Errotabehere betidanik Urdozen bizi izan da. Gaur egun Berroa etxeko nagusi, bere auzoko berezitasunak aipatu ditu. «Nortasun berezia izan da betidanik, urdoztar izateko sentimendu hura». Duela hogei bat urte arte, bere eskola ere bazuen Urdozek. Errotabehere han ibili zen txikitan, eta bere haurrek haren itxiera ikusi zuten. «Guti gurutzatzen ginen Baigorriko bertze haurrekin. Berant arte, kasik batere ez. Katexima ere hemen egiten zen». Igandetan, urdoztarrak ez ziren Baigorriko elizara joaten mezara, edo guti, auzoko kaperan geratzen baitziren.

Eskolak, kaperak, eta Jauregiak zizelkatu dute Urdozeko nortasuna. Hiru erakundeak han daude, auzoko bihotzean, zutik, nahiz eta beste garai batean prestigio gehiago ferekatu zuten. Baina Jauregia nork eraiki zuen, ez da sekula argi izan. 1366. urteko idatzi batean agertzen da lehen aldikoz Lassalle Durdoz izena, Orpustan ikerlariak aurkitu zuenez. XVI. mendean, berriz, Joana Albretekoa Jauregiko jabea agertzen da. Nafarroako erreginak ehizako pausaleku omen zuen Urdozeko etxea. XVII. mendean, Urdozeko Kaxton deitutakoaren izena agertzen da. Horrek eraikiarazi zuen oraindik zutik dagoen kapera. G UR 1666 zizelkatua da atarian. Garai horretan, Jauregiko jabea zen Urdozeko Kaxton deitutakoa, noblea. Horrek duke Urdozeko auzoaren nortasuna ere eraiki. XIX. mendean, berriz, baserri handi eta zabala bihurtu zen Jauregia. Gaur egun ere hala dago, bertan lo egiteko aukera ere eskainiz.

Dena den, laborantzaz bizi dira urdoztarrak, gaurko egunean ere. Ardiekin eta behiekin bizi dira laborariak. «Garai batean baino gauza gutxiago ekoizten ditugu», azpimarratu du Errotabeherek. «Lehen, Urdozeko etxe bakoitzak bere mozkinak ekoizten zituen. Artoa, mahastia, orain ikusten diren baino baratze handiagoak egiten ziren orduan. Bakoitzak zuen bere arnoa, ogia. Bertze lekuetan, behi troparen arabera neurtzen zen etxe baten balioa. Urdozen, ogi boltsa kopuruaren arabera egiten zen».

Geroztik, garaiak aldatu dira. Mahats landare batzu debekatu zituen legeak, eta hortik abiatu zen etxe bakoitzeko mozkinen ezeztatzea. Eta Urdozeko lurrekin bizitzea, ez da gauza erraza. «Pentze txiki eta barreiatuak ditugu. Inguruko mendia ere pobrea da, zikina, dena iratze eta harri. Lau edo bortz artzain baizik ez dira gelditzen, mendiko alhapideak baliatzen dituztenak. Etxeetan belarra baizik ez da egiten, neguak azindak bazkatzeko».



KONTRABANDA, OLAK. Alta, abentura bat baino gehiago bizi izan dituzte Urdoze inguruko mendiek. Kontrabanda gune garrantzitsuak izan ziren bazterrak. «Harrietako lepotik baizik ez zen pasatzen ahal», jakinarazi du Errotabeherek. «Garai horretan, aduanako lau guarda ziren Urdozen. Eta, Harrietako lepoan, elkarren barrandatzen pasatzen zuten denbora kontrabandistek eta zaintzaleek». Ekonomikoki, garrantzitsua zen kontrabando, Urdozeko etxeentzat. «Hastapenean, paketeak pasarazten zituzten. Ez zekiten zer zen barnean, kontrabandoko sariak baizik ez zituen interesatzen». Gero, haatik, agertu ziren pasarazi beharrekoak: nylona, gomak; berantago, zaldiak eta mandoak, Marokotik heldu zirela. Azkenean, txahalak eta ardiak. «Jenderik ez», azpimarratu du Errotabeherek. «Baina leku zaila zen gauazko lanarentzat. Erratzura (Nafarroa) joan behar zen, eta hori Urdozetik urrun da». Badu, orain, dozena bat urte kontrabandoa bukatu dela xoko horretan.

Gaueko lana baino lehen ere, bertze abentura bat bizi izan dituzte Urdozeko bazterrek. Historaurreko garaian, kanpoko harriak lantzen hasi ziren gizonak. Lekuko lehen burdin olak izan ziren. «Ustelegiko olak deitzen ziren. Han labe txikiak ezarriak zituzten, harria lantzeko. Gero, Arrosara eramaten zituzten mineralak, han gehiago lantzeko, labe handiagoetan», azaldu du Errotabeherek.

Gero, ordea, luzaz itzali ziren olak. XVIII. mendea arte. «Orduan, berriz, mandoz eramaten ziren harriak Bankako (Baxenabarre) burdin oletara». 1905 eta 1912 bitartean, berriz abiatu ziren Ustelegiko olak. «Hari batekin jaisten zen minerala Arrosara, eta handik trenez joaten, Bokalera (Lapurdi) ala Lot et Garonne eskualdera (Frantzia)». Baxenabarreko xoko horren une industriala hori izan zen. «Baina olak agortu ziren, eta dena horretan utzi zuten».

Dena den, Ustelegiko mugimenduak bizia ekarrarazi zuen Urdozera. Batez ere XVIII. mendean berriz abiatu zirenean. «Etxe gehienak garai horretakoak dira, nahiz eta zaharragoak izan; horien artean, Jauregia», ohartarazi du Errotabeherek. 50 bat etxe daude orain Urdozen, lau eskualdetan banatuak: Auzo Ttipi, Urdoze, Bastida, Aritzalde, eta Kaskoin Karrika. Etxe klase berdinak dira auzo guzian. «Baigorrin, Baztanen eta Saran ere, mota bera harrapatzen da». Urdozeko gazte belaunaldiak auzoko etxe gehienak berritzen hasi dira, hamar bat urte honetan. Nortasuna dute urdoztarrek, baina herriaren amodioa ere bai.



Iparlako gailurretan barna

Urdozetik abiatuz, ibilbide luze eta aberatsa dago lekuko mendi nobleenera iristeko, Iparlako tontorrera.
X.A.

Baigorri

Urdozeko mendiek ez diete aberastasun handirik eskaintzen hango laborariei. Arrokak ematen ahal zuena eman du garai ezberdinetan, burdinolak itzulikaraziz. Mendizaleari anitz eman dezakete oraindik, Baigorriko xokoko tontorrek. Horien artean, Iparla eta bere gailurrak dira ospetsuenak. Urdozeko auzoa babesten bezala dute, kanpotik ikusiz behintzat.

Kasu, haatik, bazter basatiek apaintzen baitute lekuko ingurumena. Nahiko mendizale aditua izan behar da, beraz, Iparla kaskora igotzeko. Baina haraino joan gabe ere, basatiaren edertasuna eskaintzen dute Iparla zolako mazelek. Arroken artean, saien kabiak gordetzen dira. Hegaztiak berak erraz gurutzatzen dira lekuetan, airean ala lurrean, bai eta beste harrapari franko. Horien artean, aztoreak, bai eta geroz eta arraroago bilakatzen ari den hezur-jalea. Lekuko harri zorrotzak baliatzen ditu harrapariak hezurrak hausteko, zeruan dabilenean bota ondoan. Saiak elkarteak antolatzen ditu txori arraro horien ezagutzeko ibilaldiak. Familia guzia interesatuko dituen saioak.

Mendizaleentzat, aldiz, oparia da Iparlako tontorrera igotzea. Urdozetik abiatuz, ibilaldi politak daude, hango mendiak, errekak, larreak eta arditegi bereziak ezagutzeko. Urdozeko karrikatik abiaturik, mendebaldera buruz, Zahastoiko eskualdera heltzen da, errekatxo batekin egindako korapiloei esker. Hortik, Harrietako lepora, kontrabandako gune ezagunera iristen da. Handik, Tutulia kaskora joan behar da. Malda aski zaila da, baina Iparlako ikuspegi paregabea eskaintzen du.

Tutuliatik, ibilaldia lasaiago bihurtzen da. Lehenik beherantz, eta berriz gorantz, Iparla tontorreraino. Gora egin, eta 1.044 metrora iritsirik, harria, eta ikuspegi zabala: Artzamendi, Irubelakaskoa, Goramendi, Nafarroa Garaiko eta behereko tontor eta zelaiak. Hortik, gailurrak segituz joan daiteke. Euria eta haize azkarra denean, lekua ez da biziki gomendatua. Bideak ikaragarriko sentsazioa eskaintzen du, erroitzaren bazter-bazterretik pasatuz. Hortik gibelera itzul daiteke, udan ahabi goxoak dastatuz. Baina aitzina segituz ere, eskuineko bidexka hartuz Urdozera itzulzeko parada dago. Bestela, zuzen joanez, Bidarraiko herrira (Baxenabarre) heltzen da, GR 10 mendizaleen bide famatuan barna.

Malda berde batera iristen da, baina, hor ere, kontuz ibili behar da: lekua aski lerrakorra da, eta erroitza polita ere dauka bazterrean. Idokolepoa deitua den lekura heltzean, beti aitzina joanez, Galarzeko lepora heltzen da. Hortik, mendi zati xume eta politena ikus daiteke, erreka txikien bazterretan barna, zubi xarmegarria zeharkatu, eta Abrakuko zolatik segitu. Berroa etxera iristen da. Baserritik ere abia daiteke Iparlara buruz. Baina Berrotik Urdozera bada bide polita oraindik. Nahiz eta nekatuak izan, Urdoze ezagutzeko aukera hoberena da.





JAKINGARRIAK

Nola iritsi Urdozera. Baigorrira buruz, D948 bidetik. Baigorriko Eiheralde auzoa pasatu gabe, eskuineko bide txikia hartu, Manexenea ostatura buruz. Mendiko bide txikietan barna, ezker hartu 160 metroren buruan. 640 metroren buruan, berriz ezker. Kilometro baten buruan dago Urdoze.

Nola iritsi Iparlara. Autoa Urdozen utzi, xoko batean. Mendebaldeko norabidea hartu, Zahastoira buruz. Marka zuri eta gorriak gidatzen du bide osoan. Oren bat eta erdiren buruan, Arditegi batera heltzen da. Han, ezker joan, beti mendebaldera buruz. Oren erdi batez iristen da Harrietako lepora. Han, eskuin joan, iparra buruz, Tutulia mendira buruz. Malda aski zaila da igotzeko. Tutuliatik, beherantz, eta berriz goiti, Iparlako tontorrera arte. Han, jarrai daiteke gailurra zeharkatzera. GR10 mendi ibilbidearen etapa izaten da Iparla.

Non lo egin. Jauregia: Urdozeko auzoaren erdi erdian, etxerik ezagunenean, lo egin daiteke Hargain familiaren etxean. Lau ganbera daude, zabal-zabalak. Nagusiak ibilaldiak antolatzen ditu. Xehetasunak: 0033 (0)5 59 37 49 72.

Non jan eta non lo egin. Manexenea ostatua: Urdozera iritsi baino lehen, xoko xarmegarri batean dago Manexenean ostatua. Erreka baten bazterrean, zuhaitzen azpian, arratsalde goxoak pasa daitezke. Lekuko mozkinak eskaintzen ditzute. Aingirak dira etxeko berezitasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.