Herriaren bazter batean daude Zugarramurdiko sorginen leizeak, 400 bat metrora. Ederra da barrutik, ikustekoa eta polita, zuhaitz eta zelaiez inguratua. Txoko andana ditu ikusteko, eta guztietara ailegatzeko egoki atondu dute ibilbidea egurrezko hesi eta harriekin. Egurrezko zubiak ere badira, alde batera eta bertzera pasatzeko. Ibilbideak kobazuloa inguratzen du, eta behatoki bat ere badago: Zugarramurdi herria eta inguruko mendiez gozatzeko.
Lehendabiziko eskailerak jaitsi eta Leize Handia dago, tamainaz ere halakoxea, oso handia. Alderik zabalenean 120 metroko zabalera du. Infernuko Erreka ibaiak leizea erdi-erditik gurutzatzen du, indartsu. Urteen joanean leizea industen joan da erreka, kobazuloaren harri karetsua tolestuz eta hautsiz; dagoeneko hamabi metroko garaiera eman dio kobazuloari. Leize Handia hainbat tokitatik ikus daiteke, behetik edo goitik, eta goitik begiratzean koloredun argiek efektu bereziak sortzen dituzte harrietan. Leize Handiaren atarian, XVIII. mendeko kisulabeak ere hortxe dirau. Gose handiko garaietan, karea uzta gehiago ateratzeko oso erabilgarria izan zen herriko baserritarrentzat.
Eta Leize Handiaren barruan, bertze bat: Akelarre leizea. Izenaren jatorria kobazuloaren pare-parean dagoen zelaian dago, akerraren larrean, alegia. Hemen izan ohi ziren garai batean akelarreak; hor biltzen ziren sorginak. Hain zuzen, horiexek dira Zugarramurdi ezagun egin duten kontuak: sorginen kondairak. Sorginak kobazulo hauetan biltzen omen ziren deabruarekin, akerraren itxura zuen deabruarekin, hain zuzen ere. Eta bilkura horiek Akelarre izena hartu zuten. Mitologiari lotutako herria izan da Zugarramurdi aspaldidanik, eta sorginen kondairak eta misterioak ere oraindik bizirik dirau herrian.
Orain dela zortzi urte inguru ireki zituzten jendearentzat Zugarramurdiko kobazuloak. Juan Miguel Ariztegik bertan egiten du lan, arduraduna da, eta urtetik urtera, leizeak gero eta jende gehiagok bisitatzen dituela ikusi du. Herrian ere asko nabaritu dute hori, asko hazi da turismoa. Bost geldialdi ditu bisitak, eta bakoitzean kontu berri bat kontatzen da: bertako landaretza aberatsa, leizearen sorrera, kontrabandoa, kisulabea eta Akelarre leizeari buruzko kontuak. Hiru ordu laurdenez inguru ederraz gozatzeko aukera ezin hobea.
SORGINAK ETA MISTERIOA. Ezaguna da Zugarramurdi Euskal Herrian, eta hori kobazuloko sorginen inguruko misterioagatik da. 1610. urtea. Urte horretan, Euskal Herria menperatzen zuen sorginkeria olde bat hedatu zen Zugarramurdin eta inguruan. Logroñoko (Errioxa, Espainia) auzitegiko Juan del Valle Alvarado inkisidorea eskualde honetara bidali zuten eta zenbait hilabetetako ikerketaren ondoren, salaketa ugari bildu zituen: 300 lagun ingururi sorginkeriak egitea egotzi zien. Horietatik 31 herritar, susmagarrienak, Logroñora eraman zituen. Bertzeak bertze, deabrua jainkotzat hartzea, herritarren arteko tirabirak, ingurumenaren gaitzak eta ekaitzak eragitea, uzta galtzea... leporatu zizkieten atxilotuei. Epaiketak iraun zuen bitartean, batzuk kartzelan zendu ziren. 1610ko azaroaren 7an eta 8an atxilotuek hartu zuten euren epaia: batzuk errugabe utzi zituzten, askok sorginak zirela aitortu zutelako. Bertze hamaika, aldiz, sutan erretzera kondenatu zituzten. Horietatik sei bizirik erre zituzten, eta bertze bortz efigie eran, lehenago hil baitziren.
Zugarramurdin ez dago hori kontatzen duten garai hartako agiririk. Frantziako tropak erre baitzuten herria. Iruñean eta Logroñon, ordea, badaude. Baina Akelarren parte hartzen zuten herritarren izenak badituzte. Eta horiek herrikoak zirela badakite. Herritarrek sorginekin izan zituzten gorabeherak ere gelditu dira. Horien artean daude, alaba bataiatu zuten sorginena, edota sorgin batekin zebilen mutilari gertatu zitzaiona. Eta sorginei zioten beldurragatik, aldentzeko erabiltzen ziren bideak ere ezagun dira herrian: etxeko atean lizarraren bi abartxoz egindako gurutze bat jartzea, eta bere ondoan ereinotz sorta bat sorgina etxean ez sartzeko; etxean sartuta bazegoen, berriz, eskukada bat gatz beheko sutara bota; norbaitek sorginen batekin aurrez-aurre topo eginez gero, aitaren egin eta jesus erratea nahikoa zuen, edota bi hatz erakusleekin gurutze bat irudikatu eta puies erratearekin sorgina bat batean desagertzen zen. Iluntzeko angelusa errezatutakoan, biharamuneko egunsentiko kanpaiak jo bitartean ere ez zen komeni etxetik irtetea. Sorginei zieten beldurra tarteko, Zugarramurdiko bizilagunak, abuztuaren 15 zen batean prozesioan joan ziren leizetara. Apaizak bedeinkaturiko ziape erregu bat sakabanatu omen zuen sorginak desagertzeko. «Eta orduz geroztik, bederen, ez dugu sorgin bat ere ikusi hemengo inguruetan».
Kondaira honen berri izanda, akelarreak non egiten ziren ikusi, eta inguruaz gozatzeko aitzakia ezin hobea, inondik ere.
nola iritsi
Nola: Nafarroatik, N-121A errepidean Oronoz Mugairin atera eta Elizondo aldera hartu (N-121B). Bide horretan aurrera segi Dantxarinea (Urdazubiko auzoa) aldera, Baztan eskualde guztia igaro ondoren, Xaretara ailegatzen da bidea. Urdazubi dator ondotik, hura ezkerretara utzi eta aurrera jarraitu. Biribilgune batean ezkerretara hartu (NA-4401) eta Zugarramurdi herria. Herritik 400 kilometrora dago lezea, seinaleak daude.Iparraldetik, Saran D4 errepidea hartu, eta aurrera jarraituz Zugarramurdi.
Telefonoa: (0034) 948-59 93 05
Ordutegia: Egunero, 09:00- 17:30/18:00. Bisita gidatuak uztailean eta abuztuan bakarrik egiten dituzte.
Webgunea: http://xareta.sare.fr/xaretaeu/
Kontrabandoaren eskualdea
Zugarramurdi eta inguruak kontrabandistentzako leku aproposak izan dira betidanikG.P,Zugarramurdi herria Xareta eskualdean dago. Nafarroa eta Lapurdik muga egiten duten bertze hiru herrirekin batera osatzen dute Xareta. Mugaren bi aldeetako lau herri biltzen dira: Sara, Ainhoa (Lapurdi), Urdazubi eta Zugarramurdi (Nafarroa). Mugan egonik, lanbide berri bat sortu zen inguruan: kontrabandoa. Iparraldera edo hegoaldera, beharren arabera, mota guztietako gauzak garraiatzen ziren: kafea, azukrea, txokolatea, ardoa, tabakoa, oihalak... Baita tresnak, lanabesak, ardiak, behiak eta zaldiak ere. Noiz edo noiz gizakiak ere bai. Hala ere, isilpeko hitzarmen bat omen zegoen kontrabandoan ibiltzen zirenen eta mugazaindarien artean. Horren arabera, mendian topo eginez gero, mugalariek fardelak uzten zizkieten mugazainei. Trukean zaindariek ez zieten tirorik egiten eta ihes egiten uzten zieten mugalariei. Inguru horiek guztiz aproposak ziren horretarako: muga zabala, baso, erreka eta bide zidor ugari, leize eta zulo asko... Hain zuzen, Sara, Zugarramurdi eta Urdazubiko leizeak elkartzen dituen bide bat dago. Garai hartan kontrabandorako oso erabilia zen bidea, gaur egun turismorako egokitua izan da.
LEIZE ARTEKO IBILBIDEA: Urdazubi, Zugarramurdi eta Sarako leizeak elkartzen dituen ibilbidea pottoka baten irudiari jarraituz dago adierazia. Duela ez urte asko arte, kontrabandistek egiten zuten bidea da. Urdazubiko Leorlazi auzoan hasten da txangoa, Ikaburuko leizeetan. Berroberriko leizea (jendearentzat itxita dago) eta San Esteban ermita pasa ondoren, Zugarramurdira iristen da bidea. Zugarramurditik Sarara joateko, berriz, harizti zaharretan barrena dagoen bidea hartu behar da. Ibilbideak, sei kilometro eta 750 metro ditu guztira.