Jose Ignacio Mendizabal. Giasel elkarteko presidentea

«Astoa mantentzeko dirua behar da, baina laguntzarik ez dago»

Giasel Gipuzkoako astozale elkarteko presidente da Jose Ignacio Mendizabal. Urtero Gipuzkoako Enkarterri astoen lehiaketa antolatzen dute Lazkaoko Astotxo Egunean. Astoaren egoera hobetu bada ere, ez dio etorkizun onik ikusten Mendizabalek.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2012ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Errege egunaren ondorengo igandea da gaur, eta urtero legez, Astotxo Eguna ospatuko dute Lazkaon (Gipuzkoa). Familia Sakratuaren Egiptorako ihesaren oroitzapena da festaren jatorria, baina badira urte dezente euskal astoari omenaldia egiteko baliatzen dutela eguna. Gipuzkoako euskal arrazako astoen lehiaketa egingo dute gaur eguerdian Euskadi plazan. Nahiz eta gaur ezin izango duen Lazkaon izan, urte askoan Jose Ignacio Mendizabal (Amasa, 1964) lehiaketako epaimahaikide izan da. Gipuzkoako astozale elkarteko (Giasel) presidentea ere bada Mendizabal.

Noiz hasi zineten Lazkaoko Astotxo Egunean Gipuzkoako euskal arrazako asto txapelketa antolatzen?

Giasel Gipuzkoako astozale elkartea2002. urtean sortu genuen. Aurretik astoaren erakusketa egiten zuten Astotxo Egunean. Hasierako helburua herriko plazan dauden zuhaitz bakoitzari asto bana lotzea zen. Hasieran kostata, baina lortzen zuten egitea, handik eta hemendik astoak ekartzen. Ondoren, Giasel sortutako garaian, euskal astoarekin erakusketa formalagoa egiten hasi ginen. Lehenago asto dotoreena aukeratzen zen edozein asto arrazaren artean. Ondoren hasi ginen euskal astoan zentratzen.

Zein helbururekin sortu zenuten orain hamar urte Giasel elkartea?

Euskal astoaren arraza berreskuratzeko sortu genuen astozaleen elkartea. 2002. urtean Gipuzkoan hiru asto kalifikatuta zeuden, hau da, Enkarterriko asto gisa errekonozituta.

Zein da zuen lana?

Euskal astoa ahal bezainbeste ugaltzen saiatzen gara. Lan nekeza eta zaila da. Kontuak atera, ar baino eme gehiago daude. Gurutzatzeko garaian, agian hamar eme dituzu ar bakarrarentzako. Eta ezin dituzu gurutzatu ar berdinarekin. Ondoren, jarraipena egin behar duzu. Ar honekin ezaugarri honetako kumea ateratzen bada, ikusi behar duzu ea komeni zaizun ala ez eme gehiagorekin gurutzatzea.

Zein da astoaren egungo egoera?

Hobetu egin da, 80 bat eme eta 10 bat ar daude egun Gipuzkoan.

Zergatik utzi da astoa erabiltzeari?

Bere garaian astoak baserri guztietan zeuden. Mekanizazioak astoa gehiago behar ez izatea bultzatu du. Orain astoak belazea garbitzeko eta herriko festetan umeak paseatzeko erabiltzen ditugu.

Zer etorkizun ikusten diozu euskal astoari?

Etorkizun onik ez du. Astoa edukitzeak dirua kostatzen du. Gainera, arraza mantentzeko dirurik ez dute ematen. Egoera oso larria da. Bagaude pertsona talde bat arraza zaintzeko lanean, baina animo gutxi dago. Herrietan esaten digute ea asto erakusketa antolatuko dugun. Baina herri gutxi daude astoak eramatearen truke dirua ordaintzeko prest. Desanimua ematen du.

Astotxo Eguna bezalako ekimenak ongi etortzen al dira?

Bai, ondo etortzen dira. Baina Lazkaoko Udala ez da tartean sartzen. Hara joateko dietak eta garraioa ordaindu behar dira, eta udalak ez du dirurik eman nahi. Dirurik ez badago, eta zuk zerorren poltsikotik ordaindu behar baduzu dena, azkenean esaten duzu: 'baina zertan ari gara'.

Zer hartzen da kontutan lehiaketan astoasaritzerako orduan?

Gorputza orokorki begiratzen dugu. Ilajea ere kontutan hartzen dugu; txukun samar eduki behar du. Ilea motz eta garbi egon behar du. Garbitasuna oso garrantzitsua da. Azkazalak motzak eta txukun-txukun zainduak izan behar ditu. Horrez gain, arrazaren ezaugarriak %100ean bete behar ditu: kapa beltza edo marroi iluna, burua proportzioan, belarri txikiak, begi eta mutur bueltak zuriak behar dute izan, tripa azpia ere zuria, eta isatsean ile asko behar du. Asto arren kasuan perfektua izan behar du kasik. Kumea jaiotzeko orduan arrak egiten du ekarpenaren ehuneko handiena. Arra oso ona baldin bada, kumeak onak aterako dira kasu gehienetan.

Zein da jendearen erreakzioa horrenbeste asto batera plazan ikustean?

Arraza galtzeko zorian dago, eta horrenbeste asto plazan batera ikustean jendea harritu egiten da. Asto gutxi daude, baina denak hara eramaten saiatzen gara, eta plaza beti betetzen da. Aurten 80 bat asto izango dira.

Haurrek ere izango dute astoaz gozatzeko parada.

Bai, asto ibiltariak jartzen ditugu haurrentzako. Gurdi bati lau edo bost asto lotzen dizkiogu, eta plazari buelta emanez umeak paseatzen dira.

Jendeak nola jarraitzen du lehiaketa?

Beste urteetan mikrofonoan aritzen nintzen ni, astoaren ezaugarriak-eta jendaurrean azaltzen. Horrela, jendeak lehiaketa jarrai dezake. Astoak bueltaka jartzen ditugu, eta hasieran bost ar eta bost eme onenak aukeratzen ditugu. Zergatik aukeratu ditugun azaltzen diogu ikusleei, lehiaketan parte hartu eta jarrai dezaten. Horrela, ezer ez dakienak epaimahaiaren erabakiak uler ditzake.

Lehia estua izaten al da?

Normalean ez. Aurrena, gainetik batzuk aukeratzen ditugu, bai emeak, baita arrak ere; hamar esaterako. Emeak gehiago izaten dira. Nik uste 60 bat edo gehiago izango dira. Arrak, ordea, lau edo bost izango dira. Emea izaten da zaila aukeratzen, asko baitira. Arrak erraz aukeratzen dira.

Zer jasotzen du asto irabazlearen jabeak?

Eme ederrenak 300 euro eta zintzarria, eta arrak beste horrenbeste. Emeak ernaltzeko arra behar dutenek jabeekin harremanak egiteko egokia izaten da lehiaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.