Astoen antzera, basobidetik

Landa eta gastronomia turismoa egiteko era berri bat eskaintzen dute Arre eta Oronoz Mugairiko Burricleta zentroek; bizikleta elektrikoak alokatu eta zazpi ibilbide proposatzen dituzte.

Bizikletak alokatzeaz gain, hamakak ere eskaintzen dituzte Burricleta zentroan. BURRICLETA.
Lohizune Amatria.
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Asto baten eta bizikleta polit baten arteko maitasun istorioaren emaitza da Burricleta. Hori diote Regina Casas eta Joan Sales Burricleta izeneko bizikleta elektrikoaren sortzaileek. GPSa duen bizikleta elektrikoa da, eta hura alokatuta natur, landa eta gastronomia ibilbideak egiteko sortu zuten 2009an, Lluçanesen (Herrialde Katalanak).

Aurten, Nafarroara iritsi da turismoa egiteko proposamen hori. Bi Burricleta zentro ireki ditu natur ikerlanetan espezializatutako Basartea enpresak. Arren eta Oronoz-Mugairin (Nafarroa) daude, eta bakoitzean Bidasoako lurraldea eta Iruñerria ezagutzeko zazpi ibilbide eskaintzen dituzte. Bertako landetxe, hotel, kanpin, eta turismo bulegoetara jendea erakartzea da asmoa. Enpresak baieztatzen duenez, ekonomiari ere mesede egingo dio proiektuak.

Asfaltotik urruntzeko eta naturara hurbiltzeko eskaintza egin nahi du Burricletak. Horregatik, bezeroari nora joan behar duen esaten dion GPSa dauka e-bike deituriko bizikleta horrek. Azalpenak euskaraz, katalanez, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ematen dituen audio gida bat dauka, eta horri esker lurralde bakoitzeko kondairak, kultura, historia, fauna eta flora ezagut ditzakete bezeroek.

Nafarroako zentroek hainbat ibilbide prestatu dituzte. Gustu eta zailtasunaren arabera sailkatu dituzte, eta maila baxu, ertain eta altuko ibilbideak osatu dituzte. Oronoz-Mugairin dagoen Bertiz zentroak maila baxuko bakarra eskaintzen du: Elgorriaga ibilbidea. Maila ertain eta altukoen artean, ordea, aukera zabalagoa da: Mugairi-Hendaia, Sunbilla-Elgorriaga, Lesaka, Irurita-Etxaideko errota eta Burlatxiki ibilbideak. Arreko zentroak, bestalde, Iruñerria ezagutzeko aukera ematen du. Iruñea eta Arga ibaia, Ultzama eta Argako ibaietako ibilbidea, Egulbatiko jauregia, Zolinako urmaela, Ezkabarteko harana, Oteiza eta Nagizko jauregia ibilbideak prestatu ditu. Horrez gain, tokiko gastronomiaz gozatu nahi duenarentzat, menu bereziak ematen dituzten jatetxeak gomendatzen dituzte zentroetan.

Menditik «ahaleginik egin gabe» joateko aukera da Burricletak eskaintzen duen berrikuntza. Estilo klasikoa duen bizikleta beltza da, eta basobideetatik astoek eramaten zituzten bastak ditu atzealdean. Hainbat kasko modelo homologaturekin batera alokatzen dute bizikleta, eta nahi izanez gero, atseden hartzeko hamaka batzuk eta piknika egiteko beharrezko guztia ere eskaintzen dute zentroek.

Turismo eramangarria

Casas eta Salesek proiektua abiatu zutenetik, asko zabaldu da Burricleta, eta egun bederatzi zentro ditu Herrialde Katalanetan, Burgosen eta Madrilen (Espainia) eta Nafarroan. Kudeaketa independenteko enpresak dira, baina natura eta ingurunea zaintzeko konpromisoa dute denek. Bizikletak alokatzeaz gain, saldu ere egiten dituzte. Hirirako nahiz mendirako 60 e-bike modelo dituzte. Burricletaren webgunean ere eros daitezke (www.burricleta.com).

Turismo ekologiko eta eramangarriaren hazkundea ikusita, Burricleta Bidaiak bidaia agentzia ere ireki du Burricleta enpresak. Proiektua nazioartera eraman eta haien zikloturismoari buruzko ikuspegia zabaldu nahi dute egitasmo horrekin, eta horretarako, ekokultura soslaieko bidaiarientzako eskaintza multzoak dituzte webgunean. Hotela, jatetxeak eta jarduerak aukeratzen ditu enpresak, eta gustuko bidaia aurkitu ezean, pertsonalizatuak ere sortzen ditu, bezeroa astoen antzera mendiko basobideetatik joan dadin Burricleta hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.