Gorbeiako natur parkearen magalean du baserria Gabriel Vazquezek (Zeanuri, Bizkaia, 1956), eta txikitatik gustatu izan zaio inguruko basoetako belarrak biltzea eta aztertzea. Sendabelarretan aditua izanik, liburu berria plazaratu du: Ezinbesteko sendabelarren eskuliburua.
Nondik edan duzu sendabelarrak hain ondo ezagutzeko?
Apurka-apurka ikasiz joan naiz. Beti izan dut maite natura, eta beti izan dut interesa landareekin. Berba asko egin dut adineko jendearekin; bai ingurukoekin, bai beste toki askotakoekin. Gazte hasi nintzen irakurtzen, eta, geroztik, hitzaldi asko eman ditut. Leku horietan, batez ere Euskal Herrian, jende asko ezagutu dut, eta asko lagundu didate. Informazio ugari bildu dut.
Jende horrek liburuetan aurkitzerik izan ez duzuna irakatsi al dizu?
Hori da. Landareen erreferentziak bildu ditut, eta horietatik heren batjendearen ezagutzari esker lortu ditut. Ez zeuden katalogatuta. Ahozko transmisioaren bidez gorde dira.
Ezagutza hori galtzeko arriskuan al dago?
Arriskua badago. Jende zaharra desagertuz doa, eta hirietako jendeak ez ditu ezagutzen landareok. Hitzaldien eta liburuen bitartez, arbasoen ezagutza gorde nahi dugu.
Zer motatako gaitzekin jotzen dute zuregana laguntza eske?
Harriak, gibel edo xixkuko arazoak, urduritasunak, azukre maila altuak... Gisa horretako arazoekin etortzen dira gehienak.
Urrutira joan behar izaten al duzu belarren bila?
Gorbeiaren magalean bizi naiz. Lorategi aromatikoak ditut, ortu handi bat ere bai. Hamar metroren bueltan behar dudana daukat.
Zer landare mota, adibidez?
Malbak, asunak, lizar hostoak... Ahalmen izugarria dute, baina ez dugu behar bezala baloratzen hurbil eta ugari dagoena.
Basoko belar asko onak dira jateko. Hainbat adibide bildu dituzu liburuan.
Bai, hazkurri balio handia dute. Txikoria belarrak, algak eta asunak oso ezagunak dira. Bakar bat aukeratu beharko banu, asunak aukeratuko nituzke. Euskal Herrian asko daude; burdin eta kaltzio asko dute, eta baita ahalmen energetiko handia ere. Espinakak bezain onak dira.
Nola prestatu asuna daraman plater bat?
Entsalada batean, adibidez, kimu batzuekin. Ordu batzuetara ez dute azkurarik ematen. Ohikoena barazkiak bezala jatea da; asunak ere espinakak bezala jan ditzakegu. Adibidez, erregosi batekin, tortilla batean, zopan... Infusioa, esaterako, oso indargarria da.
Aurreko liburuan, Zuhaitzen gaitasun sendagarriak, esaten zenuen ona dela zuhaitz batekin harreman bat hastea.
Energia handiko izakiak dira, ahalmen energetiko handikoak. Baita landareak ere. Hori landuz gero, homeopatiaren adarretik emaitza onak lor daitezke. Adibidez, bizkarra enborraren aurka jarrita.
ATZEKOZ AURRERA. Gabriel Vazquez. Sendabelarretan aditua
«Asunak ere espinakak bezala jan ditzakegu»
Oso gertu aurki daitezkeen belarrek sendatzeko ahalmen handiak dituztela dio Vazquezek: malbak, asunak, lizarrak... «Ez dugu behar bezala baloratzen hurbil eta ugari dagoena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu