Repsol Gidaren Eguzkiak banatzeko gala Donostian egin lehenengoz dute gaur iluntzean. Eta, eguzki printza ugari utzi ditu Euskal Herrian: Bilboko Atelier Etxanobe eta Getariako (Gipuzkoa) Kaia-Kaipe jatetxeak bina Eguzkirekin saritu dituzte. Haiez gain, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako beste bederatzi jatetxek ere eskuratu dute Eguzki bana.
Bilboko Atelier Etxanobe jatetxeak bi urte betetzeko ditu oraindik; Fernando Canales sukaldariaren Etxanobe jatetxeak Bilboko erdigunera egin zuen jauzi 2017ko udaberrian, Euskalduna Jauregian hemeretzi urteko ibilbide oparoa egin eta gero —Michelin Izar bat eta bi Repsol Eguzki zituen—. Jatetxe berriak ere bide berari eutsi dio; hain zuzen, Michelin Izarra mantendu du bi urteotan. Gaur, berriz, bi Repsol Eguzki jaso ditu.
Getariako Kaia-Kaipe jatetxeak, ostera, bost hamarkada baino gehiago daramatza puntako sukaldaritzan. Parez pare dauka itsasoa Igor Arregi sukaldariak gidatutako jatetxeak; horregatik, arrainekin prestatutako platerak dira Kaia-Kaipeko ezagunenak. Hainbat urtez Repsol Eguzki bat izan du jatetxeak, eta oraingoan, bigarrena eskuratu du.
Bina Eguzki jasotako jatetxe horiez gain, izen berriek ere izan dute tokia Repsol Giden zerrendan: Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako bederatzi jatetxek jaso dute lehenengoz Eguzki bana. Honako hauek izan dira sarituak: Bilboko Eneko Bilbao; Larrabetzuko Eneko (Bizkaia); Donostiako Amelia, Astelena 1997 eta Eme Be Garrote; Mendaroko Landa Erretegia (Gipuzkoa); Lekunberriko Maskarada eta Tuterako Remigio eta Treintaitres (Nafarroa).
Repsolen turismo gidak 40 urte bete ditu aurten; urteurrena aprobetxatuz, Euskal Herrian egin du aurrenekoz Eguzkien Astea. Madrili lekukoa hartu dio Donostiak, Gipuzkoako hiriburuan egin baita Repsol gidaren jai gastronomikorik handiena. Eta, Eguzkien Asteko ekitaldi nagusia gaurko sari banaketa izanagatik, iragan asteartetik bada zer ikusia eta dastatua hiriko kaleetan. Atzo, esaterako, Eguzkiaren ibilbidea egin zuten; eguzkiak irabazi dituzten sukaldariek pintxoak prestatu zituzten hiriko zenbait tabernatan.