Uste baino beranduago, baina martxan da Donostiako Uba aterpetxea. Hilabete inguru pasatu da ateak estreinakoz ireki eta lehenbiziko bezeroak jaso zituztenetik.Ofizialki irailaren 20an ireki zuten aterpetxea, baina bi egun aurretik hasi ziren bezeroak jasotzen, Eduardo Fernandez koordinatzaileak azaldu duenez. Internet bidezko erreserbak 20tik aurrera jarri zituzten arren, hainbat bezero aterpetxera joan ziren, eta, logelak eta guzti prest zituztenez, horiek hartzea erabaki zuten.
Ametzagainako parkean dago aterpetxea. Bisitari askok hartu dute ostatu dagoeneko: asteburu honetan, gelen %65 bete dituzte. Hilabete eskas honetan, logelen erdiak egon dira beteta. Orain arte lortutako datuak hobetu egin behar direla uste du Fernandezek; baina, hala ere, pozik dago orain arteko emaitzarekin: «Hasiera izateko ondo dago».
Aterpetxe ekologikoa
Donostiako birika handienean dago Uba aterpetxea —hiriko parke handiena da Ametzagaina— , baina eraikina bera ere birika da. Eredu alternatiboa eskaintzen du. Gipuzkoako hiriburukolehendabiziko aterpetxe iraunkor eta eko-eraginkorra da Ubakoa. Berdea. Ez asmoan soilik, baita itxuran ere. Kanpoaldea eta gela guztiak berdeak dira, ekologismoarekin lotutako ideiak erraietan.
Biomasa bidez sortzen dute aterpetxeak funtzionatzeko behar duen ia energia guztia: ur beroa, aire girotua eta elektrizitatea. Beheko solairuaren atzealdean dituzte galdarak. Peleta —zerrauts prentsatuz osatutako pentsu moduko bat— galdaran sartzen da lehenbizi, torloju erraldoi batzuen bidez beste galdara batera pasatzen da gero, eta han erretzen dute peleta beste edukiontzi batera pasatu aurretik. Erretako pelet hori goiko solairura eramaten dute, eta handik banatzen da eraikin guztian, beharren arabera.
Logeletan eta korridoreetan ez dago aire giroturik: jatetxean soilik daukate. Fernandezek dioenez, eraikinak ez du horren beharrik. Beirate handi eta ikusgarriak dauzkate, batez ere azken solairuan. Beirate handiek beroa eraikin barnera sartzea bermatzen dute, baina binilo berezibatekin estalita daude, beroa gehiegizkoa izan ez dadin. Udan freskotasuna ahalbidetzen du; neguan, goxotasuna. Beirateari esker, gainera, ikuspegi ederra dute bezeroek.
Biomasaren bidez sortutako energia nahikoa ez balitz, teilatuan eguzki xafla fotovoltaikoak dituzte, energia iturri hori ere aterpetxean probesteko. Korridoreetako argia mugimendu sentsoreen bidez pizten da, kontsumoa apaltzeko.
Aterpetxeak 44 gela ditu, horietako hainbat elbarrientzat egokituak. Gelak bi, lau eta sei pertsonarentzakoak dira. Gela batzuk elkartzeko aukera dago, ireki daitekeen ate baten bidez komunikatuta baitaude. Guztira, 196 bezerorentzako lekua du aterpetxeak. Logelak ez dira oso handiak, lau eta sei pertsonarentzakoek bi pisuko ohaxkak dituzte; baina guztiek dituzte komunak, eta hori ez da hala aterpetxe gehienetan. Ostatu hartzen duenak espero dezakeen zerbitzuak ditu: wifia, garbitegia, sukaldea, bezeroentzako aparkalekua, atsedenerako eta aisialdirako tokia eta kirola egiteko gune bat, areto futbolean aritzeko zelai txiki batekin.
Sasoiaren arabera aldatuko dute prezioa, baina ez da inoiz gaueko hogei euro baino garestiago izango. Gazteentzako lekua da batez ere. Horrez gain, familiak eta taldeak bilduko dituztela uste du Fernandezek. Surf sektoreak balia ditzakeen aukerak nabarmendu ditu aterpetxeko arduradunak. Donostia barruan badaude antzeko bi aterpetxe. Bat, Antiguan, Igeldorako bidea hartu aurretik, eta bestea, Ulian. Bigarren hori, baina, familientzat da batez ere. Parte Zaharreko hainbat ostatu ere konpetentzia zuzena dira, nahiz eta leku horietan ezin duten antzeko zerbitzurik eskaini.
Internet bidezko erreserbak dira horrelako aterpetxeek bezeroak lortzeko daukaten modu nagusia. Horretarako, garrantzi bizikoa da bilatzaileetan ondo kokatzea. Nest Hostel sarearen parte da Uba aterpetxea. Sare horretan, Espainiako eta Herrialde Katalanetako sei aterpetxe daude. Atzerriko beste hainbat herrialdetan aterpetxeak dituzten sareren bat aukeratu zezaketen, baina hura egokiagoa zela pentsatu zuten. Fernandezen aburuz, «errazago» erakartzen dira Donostiara hiri horietan dauden bezeroak Europako beste hirietan daudenekin alderatuta.
Milatik gora bisitari izan dituzte jada, gehienak Espainiako, Frantziako, Herrialde Katalanetako eta Galiziakoak, baina %35 inguru beste lekuetatik etorri dira. Herrialde horien artean Alemania, Polonia eta Australia nabarmentzen dira, baina Japoniako eta Hego Koreako bezeroak ere izan dituzte.
Gertu, baina urrun
Kokagunea aterpetxearen indar gune eta ahulezia da aldi berean. Paraje eder batean dago, Ametzagaina parkean, eta oso ikuspegi politak dituzte logela guztiek. Baina hiriaren erdigunetik urruti gelditzen da, lau bat kilometrora, eta horrek atzera bota dezake bezeroa. Ordu laurdeneko osteratxo bat egin behar da Intxaurrondoko tren geltoki berrira edo Otxokiko autobus geralekura. Bizikletaz egiteko bide polita da, Ametzagainatik barrena, baina ez da gauez edo maleta batekin egiteko biderik egokiena. 400 bat metroko bide bat ere badago, laburragoa, baina malkartsuegia.
Hori dela eta, aterpetxeko arduradunak beste aukera batzuen bila dabiltza. Bizikletak alokatzeko sistema jar dezakete, edo autobus zerbitzu pribaturen bat. Nolanahi ere, oraindik ez dute hartu erabakirik.
Aterpetxea bera birika
Donostiako Uba aterpetxe ireki berriak turismo eredu alternatiboa eskaintzen du: ekologikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu