Aturri belaren erritmoan

Escumayres-Talasta elkartea Aturriko Coralin belaontzi arraundun bereziaren abantailen promozioaren alde dabil luzaz, ibaian izan aktibitatea berrituz.

Nora Arbelbide Lete.
2007ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Hiritik hamar minutura, eta, jada, beste mundu batean. Baionatik atera eta, Lehuntzeko (Lapurdi) portuan uretara sartu du belaontzi arraunduna Philippe Saint- Arromanek. Lehuntzen portu bat? Itsasorik ez da Lehuntzen, ez, ez da,baina bai ibai bat. Aturri ibaia. 335 kilometrokoa, hainbat aukera eskaintzen dituena. Eta hori ongi ulertua du Saint-Arromanek. Itsasontzietako zurgina dela ofizioz, azken egunetako aro ederrek laster konbentzitu dute belaontziarekin urteko lehen ateraldia egiteko. Harekin zurgin lanean ikasten ari den Olatz Tarrega. Miarritzeko kasinoko langile, neskak urtea hartua du bere itsasontzia eraikitzeko. Bi pasionatu.

Uretara sartu, eta hasi aitzinatzen. Batzuetan, bela ezkerraldera; besteetan, eskuinera, haizearen kontra. Aturriko ur-lasterraren aurkako bidean, gora doan mareaz baliatuz. Lasaitasuna eta isiltasuna nagusi.

Orain galdua bada ere usaia, belaontzi arraundunak luzaz ibili dira Aturrin. Coralin izenekoak dira, bereziak, Aturrin baizik ez dira horrelakoak. Zola ordokiarekin, egonkortasun handiagoa izateko gisan, arrisku gutxikoak dira, hots, garraiorako egokiak. XIX. mendetik etortzen da ontzi mota hori, lehen gerla arte anitz erabili dena. Denetarako. Arrantzarako, herri batetik bestera pasatzeko, merkaturako, erosiak edo saltzekoak garraiatzeko. Uholdeak gertatzen zirelarik ere biziki egokia zitzaien. Kabalak hor sartzen zituzten, babesteko.

«Aturri luzaz komunikatzeko bide nagusia izan da. Aturri eta bere ibaiadarrak. Bastida, adibidez, Nafarroaren portu bat izateko sortu zuten Baionarako bidean. Eta horrek ere bere eragina izan zuen». Bide nagusi bat izan zen Lehen Mundu Gerla arte. Gerla bururatutakoan amerikarrek, joan aitzin, beren materialaren parte bat bertan utzi zuten, eta horien artean kamioi anitz. Laster ontziak ordezkatu zituzten kamioiek.

Gaur egun gelditzen dira zenbait Coralin, baina guztiak motorrarekin. Eta Aturri ibaiko bizi aztarnen lekuko, 40 bat arrantzale dira. Ofizialki, Aturriko arrantzale direnak. Beste lekuko batzuk badira, garraiatze lanetan aritu zirenak, baina aspalditik erretretan direnak. Haien hitzak biltzeko lan bat eraman nahian dago Saint- Arroman, justuki. Diru laguntzak ukanak ditu horretarako, baina mementoko ez du denborarik izan horri lotzeko. Hori bai, jadanik mintzatua da haietako batzuekin.Eta badute zer erran. Zeren, nahiz eta garraioen joan-etorrien gehiengoa Lehen Munduko Gerlarekin burutu, oraindik aritu ziren ondotik ere. 1960ko hamarkada arte, Biduze ibaiadarretik Baionara gisuduna ekartzen, Aturriko aroztegia eta zerrategiak elikatzeko. Hor, Coralinak baino Baxetak izeneko ontziak zituzten erabiltzen. Aturri ibaia oraino dinamikoa zela, «zinezko nortasun kultural baten sehaska zen. Ibaiaren bi aldeetako familiak nahasten ziren. Gaskoina zuten komunikaziorako hizkuntza. Bardozeko gazte batek, adibidez, garraioko ontzien gidari izan nahi bazuen, aitzin, eskuinaldeko bazterreko etxe batean egonaldi bat bete behar zuen gaskoina ikasteko. Bi aldeen artean harreman gehiago bazen barnealdekoekin baino. Bi aldeek erreferentzia berak zituzten, aldi berean arrantzale eta laborari».

Saint-Arromanek horiek oro ditu gogoan ibaiaren barna ari delarik. Ez da, haatik, gizon nostalgikoa. Egia da bereak ez duela motorrik. Egia da bela eder hori urrundik ikusten zaiola, beste garai batetik heldu den ontzi batean dagoela dirudiela. Baina bela plastikozkoa da, eta ez, lehen bezala, kotoizkoa. Eta beste egokitzapen zenbait egin dizkio Kurral Coralin ontziari.

Motorra ez du nahi, ez baitu lanerako, baizik eta plazererako. Eta plazera ukaitekotan, hobe «motorraren harrabots eta kutsadurarik gabeko izatea. Gainera, motorrarekin petrolioa duzu kontsumitzen». Jet ski eta halakoen praktika garatzen ari zela ikusten zuen, denbora pasatzeko beste aktibitaterik izan zitekeela erakutsi nahi zuen, «abilagoa den zerbait egiten ahal dela».

Duela lau bat urte bururatu zitzaion ideia. Aiherran bizi, Baionako bidea hartzen zuen guztiz Aturriren ondoan pasatzen zen eta ibaiari begira egoten: «Bere edertasunak liluratzen ninduen aldi oroz. Aukera anitz eskaintzen dituen eremu bat zela ikusi zuen, eta, memento berean, ez zela deus egiten damutzen. Egun batez, ur bazterrean, Coralin bat ikusi nuen, eta hor sortu zitzaidan horrelako baten eraikitzeko gogoa». Belaontzi horren neurriak hartu eta gaurko jakintzak horri gehitu eta Coralin bat egin zuen.

Hogei urte hauetan zurarekin lanean ari da, garaian itsasontzietako zurgin prestakuntza jarraitzen ari zen. Gaur egun lana dauka, Aturri ibaiaren ondoan daukan tailerran dabil, justuki.

Bide beretik sortu zitzaion elkarte baten sortzeko ideia. Pixka bat elkarte moduan antolatuak diren garajeak bezala. Norberak bere autoa konpontzen ikasteko parada ematen dituztela, Saint- Arromanek ontziekin gauza bera egin zitekeela pentsatu zuen. Eta konpondu baino gehiago ere, eraiki.

Hortik dator Escumayres-Talasta elkartea. Hark eraiki Coralin hura bezala, besteei ere ikasteko aukera emateko gisan. Berrikitan Coralin txiki bat eraikia du, galipota leku bakarrekoa «biziki irrigarria dena». Bere proiektuetako bat du, orain, asteburu batez horrelakoak eraikitzeko parada ematea interesatuei. Zatiak jadanik prest utzirik egingarria dela deritzo.

Elkartearen beste eginkizunetako bat ateraldiak itsasontziz egitea da. Heldu den ateraldi nagusia agorrilaren 25 eta 26rako finkatua dute. Belaontzidun guztiak gonbit dira ibilaldian parte hartzera. Ekainean 3an, bestalde, Errobitik Bokalera ibilalditxo bat eginen dute; ondotik, Bokalen herriaren sorreraren 150 urteen ospatzeko bestan parte hartuko dute.

 

Kutsadurak ibaiaren egoera eraldatu duurte gutxitan



Saint-Arromanek ezagutu zahar guztiek gauza bera diote. Aturri garaian anitzez ederragoa zen. «Paradisu bat». Horko uretan garbitzen zituzten jantziak, eta plazererako ere, hor pasatzen zituzten orduak, bainatzen, igerika. Bazterretan hainbat gune bazituzten, hondartzak deitzen zietenak. Gaur egun hondartza horiek buztinez bete ordokiak bihurtuak dira. Eta hobe ez bainatzea, zeren ura biziki kutsatua da. Ibai kutsatuenetako bat da Aturri. 1998a arte Baiona hiri barneko etxe guztietako ur zikin guztiak zuzenean horra botatzen zituzten, besteak beste. Orain, alde hori hobetua dute, gutxienez. Baina laborantzan erabili pestizidak eta gisa bereko produktuak neurri handian aurkitzen dira Aturriko uretan. Bada ere Tartas hiriko papertegia: «Zahar guztiek gauza bera diote. Hura zabaldu zutenetik ez dago gehiago arrainik». Eta diren arrainak ere hobe ez gehiegi jatea. Metal anitz badago barne horietan, iduriz, ez dakitena zehazki nondik heldu den.



 

jakingarriak



Escumayres-Talasta elkarteak ez ditu Aturri gaindiko ibilaldiak proposatzen. Izatekotz, interesatua denari ontzi baten eraikitzeko aukera eman diezaioke. Hori bai, ontzi bat ukanez gero, ibilaldi elkartuak proposatzen ditu.

Xehetasunak: (00 33) (0) 6 73 27 20 68 edo [email protected].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.