Sanferminak Iruñean. Aritz Garmendia eta Karlos Goikoetxea. Garbitzaileak

«Aurreko urteetako erratzak eta zakarrontziak erabili behar ditugu»

Iruñeko Udalak 1,3 milioi euro gutxiago gastatuko ditu aurtengo sanferminetako garbiketan. Aritz Garmendiak eta Karlos Goikoetxeak urteak daramatzate garbitzaile lanetan.

K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
1,3 milioi euro gutxiago gastatuko ditu Iruñeko Udalak aurtengosanferminetako garbiketa lanetan. Besteak beste, errazteko makina gutxiago daude, garbitzaile gutxiago, eta %25 jaitsi da asteburuetan egingo duten garbiketa zerbitzua. 2011n hasi zen beheranzko joera, orduan 8,4 milioi euro kendu baitzituzten hiri garbiketara bideratutako aurrekontuetatik. Azken urteetan garbitzaile lanetan aritu dira Aritz Garmendia (Atarrabia, 1990) eta Karlos Goikoetxea (Irurita, 1986), biek bertatik bertara ikusi dute murrizketen eragina eta baldintzen okertzea.

Noiz hasi zineten garbitzaile lanetan?

Karlos Goikoetxea. Orain dela hiru urte.

Aritz Garmendia. Orain dela bost urte

Zer egin behar da lanpostu hori lortzeko?

A. G. Eskaera egin, eta zortea izan behar duzu. Gogoa izatea ere oso garrantzitsua da. Jende gaztea kontratatzen dute gehienbat.

Behin eskaera eginda, zer izaten dute kontuan lana banatzeko?

K. G. Egia esan, ez digute azaltzen zer hartzen duten kontuan.

A. G. Hizkuntza eta antzeko baldintzarik betetzea ez digute eskatzen, hori naranjito-ei eskatzen diete!

Aurten murrizketak direla medio, gutxitu egin da garbitzaile kopurua, baita eskura duzuen materiala ere. Nabaritzen al da lan egiteko orduan?

K. G. Gure brigadan pertsona bat gutxiago dago. Oro har, asko nabaritu da, askoz jende gutxiago kontratatu dute. Auzoetan garbitzaile gutxiago daude... Gu ongi gaude, baina garbitzaile gehiago behar ditugu.

A. G. Aurreko urteetako erratzak eta zakarrontziak erabili behar ditugu. Aurreko urteko materiala daukagu aurten ere. Lan egiteko orduan nabaritzen da ez dela material berria, eta ezin dugu guztiz ongi garbitu.

Aurreko urtean baino zabor gehiago ikusten al da Iruñeko kaleetan aurtengo sanferminetan.

K. G. Aurreko urtean baino material eta langile gutxiago dago, eta, beraz, normala da hiria zikinago egotea.

Zein da zuen laneko ordutegia?

K. G. Gure brigadan 06:45ean sartzen gara, eta 13:00ak arte egoten gara. Sei orduz lan egiten dugu egunero-egunero.

A. G. Asteburuetan, gainera, pare bat ordu gehiagoz aritu behar izaten dugu lanean. Baina ez gara askorik kexatzen, gustura gaude.

Denak parrandan daudenean zuek lanean ari zarete. Erraza al da halako giroarekin lan egitea?

A. G. Oso giro ona dago, hemen dabiltzanak pozik daude... mozkortuta. Anekdota asko dauzkagu, baina ez dira egunkarian kontatzeko modukoak.

Eta kontatzeko modukoa den anekdotaren bat?

K. G. Nik behin 20 euro aurkitu nituen, hori da gertatu zaidan interesgarriena!

A. G. Mozkorrek beti esaten dizute zer edo zer, baina jatorrak dira, eta errespetuz tratatzen gaituzte.

Eta zuek ez duzue parrandarako tartetik?

A. G. Norberaren arabera. Guk eguerdian bukatzen ditugu gure lanak, baina hurrengo egunean goiz sartzen gara.

K. G. Norberak ikusi behar du, bai, parranda egin ala ez. Baina, azkenean, parranda egitea erabakizgero, hurrengo egunean lanera bestondoarekin etorri behar izaten da, eta ez da batere xamurra izaten!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.