Sanferminak Iruñean. Iker Jaca. Uztailak 15 mugimenduko kidea

«Aurten El Jotas adarkada larriak emateko gogoz dagoela aditu dut»

Sanferminak ez dira uztailaren 14an akitzen; ez guztiendako, bederen. Gaua parrandan egin ondotik, azken entzierroa prestatzen du Uztailak 15 mugimenduak. Bertakoa da Iker Jaca.

IKER TUBIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Gaur ere, suziriarekin hasiko da entzierroa, 08:00etan. Urtero bezala, Uztailak 15 mugimenduak antolatzen duen entzierroarekin amaituko dira sanferminak. Lehen, Villabesaren aurretik korritzen zen, 6. zenbakia eramaten zuen autobusaren ibilbidea aldatu zuten arte. Orain, El Jotasek jarraitzen die korrikalariei, Indurain txirrindulariaz mozorroturiko gazte batek. Ekitaldi horren atzean dagoen mugimenduko kidea da Iker Jaca (Iruñea, 1977). Gazte iruindarrak 2001. urtetik korritzen du sanferminetako azken entzierroa, eta ordutik ez du hutsik egin.

Besta ez da uztailaren 14an akitzen, eta are gutxiago gauerdian.

Festa handi hau pixka bat luzatzen dugu, eta ongi pasatzen saiatzen gara. Nekatu arte, festarekin jarraitzea da gure asmoa.

Zeinek osatzen duzue Uztailak 15 mugimendua?

Jende asko gara; kuadrilla askotako jendea biltzen du mugimenduak. Nahi duena etor daiteke, herri ekimen bat baita hau. Norberaren esku dago etorri eta gozatzea. 2003. urtean sortu zen mugimendua, afari batean. Aspaldiko Villabesaren entzierroan sarturik zeuden kuadrilla asko elkartu ziren orduan. Hortik aurrera, elkar ezagutuz joan ginen.

Talde bat baino gehiago ideia bat zaretela diozue. Zein da ideia hori?

Jaia egiteko ideia. Jai herrikoia da, kalea geureganatzeko eta ongi pasatzeko. Marka kontsumistarik eta publizitatez josiriko karparik gabeko jaien aldekoak gara.

Dena den, 2003an talde gisa elkartu zineten. Zer dela eta?

Indar handiagoa izateko antolatu ginen. Etxean telebista ikusten geratu beharrean, gauzak antolatu nahi izan ditugu. Hala ere, gu ez gara Villabesaren entzierroa; hori 1985ean hasi zen. Hortik ateratako adar batda gurea. Talde gisa kamisetak eta pegatinak atera ditugu, besteak beste. Adibidez, urteurreneko kamisetak prestatu ditugu, eta salgai dira Iruñeko taberna batzuetan. Webgunea ere martxan jarri dugu.

Egungo sanferminetako eredua ez duzue gustuko, eta jaia herritik eta herriarentzat aldarrikatzen duzue. Zergatik prestatzen duzue azken entzierroa bakarrik?

Betidanik, egun horretan egin da besta, lehenbiziko urtean izan ezik. 1985ean urtarrilaren 1ean egin zen Villabesaren entzierroa, Urtezahar gaueko parrandaren ondoren. Geroztik, uztailaren 15ean egin da. Bestelako ekimenak egitea ere gustatuko litzaiguke, baina ez da erraza. Noizbait pentsatu dugu kontzerturen bat antolatzea, baina tira.

Villabesaren entzierroaren urteurrena ospatuko duzue, nahiz eta aurten 26 urte bete diren. Aurtengoa berezia izanen da?

Bai, baina sorpresa izanen da. Kontuan izan bat-batekotasuna dela ekimen honen gakoa, beraz, ikusiko dugu zer ateratzen den. Hori bai, segurtasun osoz esan dezakegu betiko pertsonaiak bertan izanen direla: Txarli tximinoa, El Jotas txirrindularia, San Fermin...

Noiztik korritu duzu uztailaren 15eko entzierroa?

2001. urte inguruan hasi nintzen. El Jotas txirrindulariaren berri izan nuen, eta entzierroan agertu nintzen. Primeran pasatu nuenez, hortik aurrera ez dut hutsik egin.

Zure ustez, zer du berezia azken entzierroak?

Herrikoia dela. Ez da programa ofizialean ageri, eta, batik bat, hemengo jendea etortzen da. Izan ere, uztailaren 15erako ez da kanpotarrik geratzen Iruñean. Gainera, bere historia du, 25 urte ez baitira gutxi. Tradizioa dela ere esan dezakegu.

Zauriturik egon da noizbait?

Villabesarekin istripuren bat izan zen. Oker ez banago, bi urtetan. Oraingo entzierroan ere zaurituak egon dira. Gainera, aurten kontuz ibili beharko dute korrikalariek, El Jotas adarkada larriak emateko prest dagoela aditu baitut.

Entzierroaren aurretik prozesio laikoa egiten duzue Alde Zaharreko kaleetan. Nola izan daiteke horrelakorik?

Txantxetan hartuz. Hori ere ongi pasatzeko egiten dugu. Ez dauka inolako kutsu erlijiosorik, ezta politikorik ere. Gauari saltsa emateko baino ez da.

Batzuek M-15 mugimenduarekin nahastu dute zuena. Aurten haserretu anitz espero dituzue?

Bai, izenarekin nahastu da bat baino gehiago. Dena den, ez dakit etorriko diren. Etortzen badira, ongi etorriak izanen dira.

25 urtetako tradizioa haustea ez da batere erraza. Etorkizunari begira, osasuntsu dago zuen mugimenduak antolatzen duen entzierroa?

Bai, orain oso indartsu dago. Azken bi edo hiru urtetan masifikatu egin da ekimena, eta jende asko biltzen da. Beraz, sasoian dago entzierroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.