Ezarian

Autokarabanen kultura handitzen

Gero eta gehiago dira autokarabanen mundura biltzen direnak. Mundu hori hobeto ezagutzeko, 150 autokarabana mota baino gehiago ikus daitezke Miarritzeko Irati erakustazokan, bihar arte.

Miarritze
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Herrian gero eta garatuago dago autokarabanak erosteko ohitura zein nahia. Horren erakusle, urtero Miarritzeko Irati erakustazokan egiten den autokarabanen azokara biltzen diren 4.500 lagunak. Euskal Herri osotik joaten da jendea, berrikuntzak eta, oro har, eskaintza zein den ikustera.

Ostegunetik abian da azoka, eta igandera arte egongo da zabalik. Hiru urte dira jada antolatzen hasi zirela. 5.000 metro karratuko eremua eskaini diote autokarabanen erakusketa eta saltokiari. Asteburuan, autokarabanez gain, auto, bizikleta eta moto elektrikoak ikusteko parada ere izanen da. 150 autokarabana desberdin aurki daitezke, berriak zein lehenagotik erabiliak izandakoak. Prezioen eskaintza, berriz, zabala da: 21.000 eurotik 120.000 eurora artekoa.

Aurtengo berrikuntzarik nagusiena eredu profilatuari sabaian atxiki zaion ohean oinarritzen dela adierazi du Unai Garciak, azokako arduradunetako batek. Bi edo lau lagunentzako lekua dauka, eta ohea jaitsi eta igotzeko aukera da duen ezaugarririk garrantzitsuena: «Orain gehien saltzen ari diren autokarabanak profilatuak dira. Jendeari atentzioa ematen dio eredu berriak, eta interes handiena horretan dute erosleek». Sabaian ohea atxikirik duen autokarabana profilatua duela lau urte sortu zen, eta azken bi-hiru urteetan salmentan ezartzen hasi dira. Berrikuntzez gain, aipatzekoak dira azokan aurki daitezkeen beste bi modeloak: bata, integrala, eta bestea, autokarabana txanoduna. Integrala, nahiz autokarabana den, bus txiki baten antza hartzera heldu da jada, «etxe moduko autokarabana da. Gama altuena du, eta garestiena da, beraz», esan du Garciak. Erabili materiala barruko osagaientzat larru zein marmolezkoa izan daiteke, eta espazioa ugaria du. Etxe batek dituen ia ezaugarri guziak ditu.

Bestalde, autokarabana txanodunaren garaia amaitzen ari dela nabari dute azokako saltzaile eta erakusleek. Eredu horretan, izenak adierazten duen bezala, sabaian duen eremuan bigarren ohea aurki daiteke. «Orain, jada ez du abantzu inork ibili nahi txanodunarekin, nahiago izaten da profilatua erosi. Arrazoia ulertzea erraza da. Duen forma berezi horregatik profilatuak baino askoz ere gehiago kontsumitzen du autokarabana txanodunak. Gainera, altuegia dela iruditzen zaie erosleei, bolumen gehiegi daukala, hain zuzen ere». Hala, salmenten balantzak profilatuaren alde iragaten ari dira.

Inbertsio errentagarria

Bisitariei dagokienez, azokara joaten diren lagunen ia erdiak Hego Euskal Herrikoak izaten dira, baina badira Madril, Galizia, Santander eta Bartzelonatik joaten direnak ere, Ipar Euskal Herrikoez gain, noski. Miarritzera Hego Euskal Herriko eta urrunagoko jendea etortzearen arrazoia eskaintza, berrikuntza eta ezagutza gehiago izatean oinarritzen dela esan du Garciak.

Bertaratzen den jendearen ezaugarriak aldatu egiten direla adierazi du. Hala, Ipar Euskal Herriko autokarabanazalearen ezaugarriak biziki desberdinak direla erran du Hego Euskal Herrikoekin alderatuz. Ipar Euskal Herrikoak 50 urtetik gorakoak izaten dira, maiz erretiroan daudenak eta zahartzaroan bidaiatzeko era horren aldeko apustua egin dutenak. Hego Euskal Herriko erosleak gazteagoak direla adierazi du. Pertsona gazteak zein familia osatu berrikoak. «Autokarabanaz lehenago gozatzeko duten joera argia da. Hego Euskal Herrian asteburu pasa joateko ohitura handiagoa dagoela uste dut», esan du Garciak.

Desberdintasunak desberdintasun, bada ezaugarri bat zeinetan erosle guziek bat egiten duten: erosle gehienek autokarabana bereganatzeko pausoa inbertsio gisara ulertzean datza. Miarritzeko azokako arduradunak azaldu duenez, autokarabana erostea askoz ere errentagarriago ateratzen zaie oporretan maiz doazenei. «Luzera, biziki errentagarria dela deritzot. Ez duzu ez lo egiteko lekurik alokatu behar, ezta janaririk erosi behar ere. Autokarabana batzuek energia iturria eguzki xafletatik ateratzen dute. Ekonomikoa eta ekologikoa izatera helduz hein batean», azaldu du Garciak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.