Jaiak. Lakuntza

Auzateak goiz eta arrats

Gaur hasita, sei egunez luzatuko dira festak Lakuntzan: erromeriak, auzateak eta kirol ekitaldiak nagusi izango dira egitarauanEguerdian, txupinazoak lakuntzarrak jai giroan murgilduko ditu

Erraldoi eta buruhandiak kalera aterako dira txupinazoaren ondoren. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Abuztua amaitzearekin batera, heldu da Lakuntzako (Nafarroa) festak ospatzeko unea. Gaur jaurtiko dute txupinazoa, 12:00etan, eta horren ostean, erraldoiak kalez kale ibiliko dira Ozarki txarangaren laguntzaz. Ekitaldi ugariz beteriko egitaraua osatu dute festek irauten duten sei egunetarako: festa gosez direnek, beraz, ez dute aspertzeko denborarik izango.

Hala ere, txupinazoa ez da eguneko lehenengo ekitaldia izango: goiztiarrek ere izango dute zer egina. Izan ere, plater tiroa izango da zabortegian, 09:00etan, eta ezkilen errepika 11:30ean.

Txupinazoaren ostean, lakuntzarrek ez dute jatekorik eta edatekorik faltako, auzatea izango baita, eta, horrekin batera, zapiak banatuko dizkiete 2010ean jaiotako haurrei.

Haizea elkartearen eskutik errepresaliatuen aldeko brindisa izango da, 13:00etan, eta ondoren, Elai Alai taldeak dantza erakustaldia egingo du. Jai giroan murgiltzeko, herri bazkaria izango da plazan; hori ere, Haizea elkartearen eskutik, 15:00etan.

Pilota partidak jokatuko diraarratsaldean, eta herriko pilotariak izango dira aurrez aurre, 18:30ean.

Tripa betetzeko aukera izango dute lakuntzarrek 20:00etako auzatean, eta, ordu berean, buruhandiak ibiliko dira Lakuntzako kaleetan, haurren atzetik korrika.

Ordu berean, dantzari eta parrandazaleen esku geldituko da plaza. Izan ere, Tximeleta taldeak dantzaldia eskainiko du. Bitan banatuko da saioa, 22:00etan etena egingo baitute zezensuzkoa irtetearekin batera. Tximeleta berriz igoko da taula gainera 00:00etan, eta lau orduz luzatuko da erromeria.

Etenik gabeko festa

Gaurtik ostegunera bitartean, ez da aspertzeko tarterik izango Lakuntzan. Hainbat txapelketa antolatu dituzte horretarako, guztiak ere herritarrak festa giroan murgiltzen lagunduko dutenak. Playback, kalderete, lore botatze eta mihiluze txapelketak prestatu dituzte, hain zuzen ere.

Dantza egitea gustuko dutenek, gainera, gauero izango dute erromeria plazan. Joselu Anaiak, Gaubela, Izargi eta Amets taldeen erromeriek jarriko dituzte lakuntzarrak dantzan.

Haur, gazte zein adineko jendeak, denek izango dute haiei eskainitako eguna. Astelehenean, adibidez, haurren eguna ospatuko dute. Gainontzeko egunetan ere haiei zuzenduriko ekitaldiak izango dira, baina astelehenean festen protagonista bihurtuko dira. Goiz eta arratsalde, buruhandiekin nekatu, eta puzgarriekin eta zezen mekanikoarekin jolastuko dute, beste ekintza batzuren artean.

Asteartean, berriz, adinekoen eguna izango da. Hamaiketakoa, bazkaria, auzatea... Jandakoak erre nahi dituenak Amets taldeak eskainiko duen dantzaldia aprobetxa dezake, 20:00etatik aurrera.

Ostegunean, berriz, gazteen egunaren txanda helduko da, festen azken egunean, hain zuzen ere. Biltokiren eskutik hamaiketakoa egingo dute, 13:00etan. Triki-kupela bazkaria egingo dute ondoren, eta amaitzean, lore botatze txapelketa. Musika kontzertuarekin eta Izargi taldearen erromeriarekin emango diete amaiera lakuntzarrek aurtengo festei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.