Elena Fraile. Perkusionista Iruñeko erraldoien konpartsan

«Auzi deserosoa da, baina Iruñeak erabaki behar du zer festa eredu nahi duen»

Gaitari talde bateko kidea; piano, gaita eta perkusio irakaslea; zezenketen aurkako militantea... Festaren ertz guztiak ezagun ditu Elena Fraile musikari iruindarrak. Sanferminzaletzat du bere burua, baina uste du tradizioek «buelta bat» behar dutela.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Aitzindaria da, baina duela gutxira arte ez zen horretaz jabetu. «Inoiz ez dut neure burua ezeren ikur gisa ikusi. Kalera atera eta perkusioa jotzen nuen, besterik ez». Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsan musikari aritutako lehen emakumea da Elena Fraile (Iruñea, 1966), eta, COVID-19aren izurriak azken bi urteotako sanferminak eten zituen arte, Joxepamunda erregina europarraren figura dantzarazi du urtero, uztailaren 6tik 14ra.

Sanferminei lotuta ageri da zure ibilbide profesionala. Gogorra da izurriarengatik festak eten izana?

Ni sanferminzale porrokatua naiz, baina ongi daramat. Gauzak beren neurrian baloratu behar ditugu, eta, uneotan, osasuna da lehentasuna: ni ongi nago, ez naiz kutsatu, eta nire ingurukoak ere ez. Hortaz, pozik nago. Gainerakoak ez nau hainbeste kezkatzen. Izurri bat bizitzea egokitu zaigu, eta egoera onartu behar dugu, pazientziaz eta arduraz. Bi urtez uko egin behar izan diegu sanferminei, baina baita beste hainbat gauzari ere. Itzuliko dira.

Hala ere, musikariek nabarituko zenuten aldea: emanaldi gutxiago, kontratu gutxiago...

Alde horretatik, bai. Musikariok asko nabaritu dugu izurriaren osteko lehortea: festarik ez, ekitaldirik ez... Ekonomikoki nabari da. Bi emanaldi hitzartu ditugu Iruñeko Udalarekin, sanferminen ordez antolatu duten kultur programazioaren barruan. Bi emanaldi, uda osoan. Niri eskas xamarra iruditzen zait.

Zein da musikari lotuta duzun lehen oroitzapena?

Musikarien familia batean hazitakoa naiz, eta nire bi neba zaharrek gaita jotzen zuten. Nik perkusioa maite nuen, eta danbor tradizionala jotzen hasi nintzen 8 edo 9 urterekin. Nebekin hasi nintzen kalean jotzen, eta handik, sanferminetan jotzera igaro nintzen. Urrats naturala izan zen.

Iruñeko erraldoien konpartsako kide izatea konplikatua da, ordea. Ez da edonor sartzen...

Gogotik prestatu behar izan nuen, bai, konpartsara sartu ahal izateko maila handia eskatzen zutelako. Ordu asko sartu nituen entseguetan, baina gauza izan nintzen erronkari aurre egiteko.

Ordutik, harreman estua izan duzu sanferminekin.

Bai, gaitari talde baten lanak ez du etenik sanferminetan: dianak, konpartsaren ibilbidea, dantzaldiak plazan... Denak du bere xarma eta denetarik egiten dugu.

Konpartsan, ordea, baduzu erraldoi kutun bat, ezta? Erregina europarraren atzetik ibiltzen zara beti.

Hala izan da konpartsan hasi nintzenetik, bai. Nire bi neba zaharragoek eta hirurok Hermanos Fraile gaitari taldea osatzen dugu, eta erregina europarraren figura dagokigu konpartsan. Maitasun handia diot.

1977. urtean hasi zinen konpartsan jotzen. Asko aldatu al dira sanferminak?

Egia aitortu behar badizut, ez dakit zein urtetan hasi nintzen ere... Ez naiz akordatzen, kar, kar, kar! Badakit 10 edo 11 urte izanen nituela; beraz, bai, 1977 edo 1978an izanen zen.

Edonola ere, ur asko igaro da zubi azpitik ordutik...

Bai, baina gaitari eta danbor jotzaileen lana apenas aldatu den. Sanferminak, oro har, bai, aldatu dira, gauza batzuetan onerako, eta beste batzuetan txarrerako. Adibidez, orain askoz jende gehiago etortzen da Iruñera. Gehiegi. Eta jakina, horrek beste ondorio batzuk eragiten ditu: kaleetako zikinkeria, zarata... Hala ere, sanferminek badute alde oso on bat: jai giroa oso espontaneoa da, kalekoa: txarangak, peñak, jendetza kalean ongi pasatzen... Hori ez da aldatu. Beti bezain ederra da.

Festen masifikazioa aipatu duzu. Musikariek ere nabari duzue zuen egunerokoan?

Nabari da, bai. Txupinazoan, esate baterako. Sanferminetan jotzen hasi nintzenean, gogoan dut Udaletxe plazara joaten ginela gaitari talde guztiak, suziriaren ondotik, eta jendea zegoela, baina ez genuen arazo handirik izaten udaletxearen parean jarri eta jotzen hasteko, itolarri sentsaziorik gabe. Gaur egun, izugarri zaila da: gaitari talde handi eta trinko bat osatu behar dugu plazan sartzeko soilik, eta, hala ere, udaltzainen laguntza behar izaten dugu, jendetzaren artean igarotzeko.

Arazorik edo istilurik izan duzue inoiz horregatik?

Nik ez dut inoiz arazo larririk izan. Jendea kontu handiz ibiltzen da, oro har. Bultzadak edo estropezuak izan ditugu, jakina, baina, normalean, jendeak errespetu handiz tratatzen gaitu. Bestela, musikariak ezinen ginateke kalera atera ere.

Erraldoien konpartsan, historikoki, oso gutxi izan dira emakumezko musikariak eta, are gutxiago, erraldoi edo buruhandiren bat daramatenak. Aitzindari sentitu zara?

Konpartsarekin lehen aldiz atera nintzenean, ez nintzen sentitu ezeren ikur, ezta aitzindari ere. Nik nahi nuen kalera atera eta musika jo, besterik ez. Hala ere, berehala konturatu nintzen kaleko musikariena gizonezkoen eremua zela, ni nintzela taldeko neska bakarra. Hala ere, naturaltasun osoz segitu nuen maite nuena egiten, eta pixkanaka, txokoa egin nuen esparru erabat maskulino horretan.

2017an, saria eman zizun Brontze peñak, konpartsan aritutako lehen emakume musikaria izateagatik. Orduan bai, jabetuko zinen eginiko bideaz, ezta?

Bai, orduan bai. Ohore handia izan zen niretzat. Une horretan konturatu nintzen, kaleko musikaren esparruan, bide bat irekitzen lagundu nuela, oharkabean, nire atzetik etorri ziren emakumeentzat.

Gaur egun ere, oso emakume gutxi zarete erraldoi eta buruhandien kalejiretan. Zergatik?

Gutxi ikusten dira, bai. Betidanik, gizonen esparrua izan da festarena, kaleko musikarena... eta garaiak aldatu arren, egiten ditugun urratsak ez dira behar bezain handiak edo eraginkorrak. Gaur egun, emakumeok ez dugu inongo oztoporik konpartsan sartu eta musika jotzeko, dantzatzeko edo festan parte hartzeko, baina urteetako joera bati aurre egin behar zaio, eta kostako da inertzia horri buelta ematea.

Bederatzi festa egun. Maratoi luzeegia dira sanferminak?

Musikariontzat lana da. Prestaketa berezia egiten dugu aurreko asteetan, jakinda bederatzi egun horiek gogorrak izanen direla. Askotan ematen du kalean edozer eta edozein modutan jotzen dela, baina ez da hala: errepertorioa oso landua daukagu uztailaren 6a baino lehenagotik. Hala ere, gustura egiten dugu: festa giroak blaitzen gaitu, umore onez ateratzen gara kalera, eta horrek asko laguntzen du. Neka-neka eginda iristen gara uztailaren 14ra, baina pozik.

Zer da zure lanetik gehien maite duzuna?

Une berezi asko dituzte sanferminek. Erraldoien kalejira, esate baterako, gozamena da: aspaldi ikusi gabeko lagunekin topo egiten duzu, jendeak agurtzen zaitu, haurrekin sortzen den giroa oso polita da... Iruñeko jendeak ohitura du, sanferminetan behin besterik ez bada ere, erraldoiak ikustera joateko. Hortaz, niretzat topagune ederra da. Dena den, gainerako ekitaldiek ere badute distira edo zapore berezi bat: Gazteluko plaza jendez lepo ikustea, denak aldi berean dantzan... gauza ederra da hori ere.

Inoiz penatu zaitu parrandari uko egin behar izateak hurrengo goizean emanaldi bat zenuelako?

Nik ez diot inoiz parrandari uko egin, kar-kar! Aukera guztiak baliatu behar dira. Tira, urteek aurrera egin ahala, gero eta gutxiago ateratzen gara parrandan, baina musikari izateak ez du eraginik izan horretan. Jakin badakigu sanferminetan, oro har, gutxi eginen dugula lo. Hobe da hori argi izatea hasieratik, eta indarrak dosifikatzea. Uztailaren 15a da indarrak hartzeko eguna.

Sanferminak maite dituzu. Ez, ordea, zezenketak.

Ez. Zezen plazan arratsaldero egiten dena sarraski hutsa da. Animalien aurkako tratu txarrak baimentzen dituzten hirien zerrenda beltzean dago Iruñea, eta pena handia ematen dit horrek. Nik sanferminetako giroa maite dut: peñak, musika, dantza, lagunekin egotea... Baina ez dut uste animalia bat torturatzea horrekin bateragarria denik.

Horregatik batu zinen Iruña Antitaurina plataformara?

Bai. Elkarretaratze batean ikusi nituen, eta, nire ideiekin bat egiten zutela ikusita, izena ematea erabaki nuen. Gero eta jende gehiago etortzen zaigu galdezka, informazioa jasotzera... Iruñeko jendeak gero eta kontzientzia handiagoa du zezenketen gainean. Badakigu afera deserosoa dela, baina bada garaia Iruñeak erabaki dezan zer festa eredu nahi duen. Tradizio batzuei eutsi, eta beste batzuei buelta bat eman edo kendu. Izurri urte hauek baliagarri izanen ahal zaizkigu behingoz gogoeta hori egiteko!

Erakundeek ez dirudite horretarako prest...

Ez, baina nabari da mugimendua. Peñek, esate baterako, esana dute bi urteko parentesi hau baliatu nahi dutela gogoeta egiteko egitarauaz, festetan betetzen duten rolaz... Espero dezagun gogoeta horren barruan zezenketak ere egotea. Hitz egin dezatela honetaz ere. Eztabaida publikoa ona da.

Entzierroa ere eztabaida horretan sartzen duzue?

Iruña Antitaurinaren lehentasuna da zezenketak debekatzea, ikuskizun odoltsua eta krudela delako. Aurrerago, ez dugu gaizki ikusten beste tradizio batzuen gainean ere eztabaida irekitzea, baina hiriak esanen du.

Zuk uko egin al diozu Zezen Plazan danborra jotzeari?

Bai, joateari utzi diot. Nire taldekideak joaten dira, baina ni ez. Bi ordu horietan, nahiago dut kalean egon eta giroaz gozatu.

Esan izan duzue Iruñea ez dela zezenzalea, festazalea baizik.

Hala da, bai. Zergatik ez da zezenketarik antolatzen sanferminetatik kanpo? Porrot izugarria direlako. Egin izan dituzte bakan batzuk, eta oso jende gutxi joaten da. Musikarik gabe, peñen girorik gabe, jendeak ez du maite hondarrean gertatzen den basakeria hori. Iruñeak festa maite du. Guk hortik eragin nahi dugu gogoeta: garaia da begiak irekitzeko, eta plazara parrandara doazenek ikusi nahi ez duten hori salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.