Nerea Landaburu. Gazetako kofradiako kidea

«Auzoan egindako lana herrira ekartzeko modu bat da»

Lur Gil.
2014ko irailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Laurehun urte bete dira aurten Elorrioko Gazeta auzoko kofradia lehen idatzietan agertu zenetik. Horregatik, kofradiakoek Ferixa Nagusikoetako etxafuegoa botatzeko ohorea izango dute bihar, elorriar guztien aurrean. Nerea Landaburu kofradiako lehendakari izan zen iaz, eta aurtengo urteurreneko ardura nagusia hartu du: txupinazo aurreko pregoia irakurtzeko ardura izango du.

Zer esanahi dauka zuentzat Ferixa Nagusikoetako etxafuegoa botatzeko izendapenak?

Pozik gaude. Kofradia Elorrioko auzo bateko talde bat da, eta honelako urteurren bat ospatzea tokatu zaigu aurten. Badakigu herriko beste elkarte batzuek ere ospatzen dutela urteurrenen bat aurten, baina zerbaitegatik pentsatu dute laurehun urteak garrantzitsuak direla, eta ilusioarekin hartu dugu. Azkenean, jendea ez da asko ohartzen pregoian esaten dugunaz, baina auzoan egindako lana herrira ekartzeko modu bat da.

Laurehun urte kofradiaren lehen akta idatziak agertu zirenetik.

Hori da: 1614ko uztailaren 25ean datatutako idatzi bat aurkitu genuen. Hori da gordeta daukagun akta liburu zaharrena, eta kofradiaren estatutuak idatziz jarri zituzten. Badirudi, adituek esaten dutenez, kofradia existitu zela hainbat mende lehenagotik; segur aski, XI edo XII. mendetik. Badirudi Elorrioko herria sortu baino lehenago ere bazegoela bizitza auzoetan eta auzoetako antolamendua modu batera egiten zela, kofradien bitartez. Ordura arte, ordea, ez zuten ezer jarri idatziz.

Zer izan zen Gazetako kofradia?

Sortu zenean, auzoko bizitza antolatzeko sistema bat izan zen. Estatutuetan agertzen dira auzoko bizitzaren zenbait alderdi. Alde batetik, erlijiosoak: esaterako, norbait hiltzean, auzokideak derrigortuak zeuden hainbat kandela eman eta hiletara joatera. Bestetik, auzoko antolakuntzaren ardura ere bazuen; estatutuetan, adibidez, idatzita dago baserri bat erretzen bazen beste baserriak derrigortuta zeudela etxetik habe bat eramatera, baserria berreraikitzeko. Bestalde, bi errota zeuden auzoan, eta horien funtzionamendua auzolanean egiten zen, kofradiak idatzia zuen moduan. Kofradiak, azken finean, lege moduko batzuk egiten zituen, auzoko bizitza antolatzeko, eta arazoak izaten baziren auzoan, kofradiak gradu judizial bat zeukan: urtero maiordomoak eta diputatuak izendatzen zituen, auzoko desadostasunak konpontzeko autoritatea zeukatenak. Hori dena dago 1614ko aktetan idatzita.

Beraz, lan erlijiosoa baino gehiago zen Gazetako kofradiaren jarduna, ezta?

Bai. Izan ere, adituek esaten dute urteak aurrera joan ahala elizak aprobetxatu egin zuela existitzen zen antolamendu hori, bere eremura eramateko; baina honen jatorria ez da inondik inora erlijiosoa, ezpada auzoko bizitza, auzolana eta elkarlana.

Zer da gaur egun Gazetako kofradia?

1968an elkarte gastronomiko bat sortu zen, eta kofradiaren testigua hartu zuen. Baina daukan berezitasuna da ez dela elkarte gastronomiko bat soilik; auzolanaren aldeko lan handia egiten du, eta horrelako izpiritu bat mantentzen da auzoan, ekitaldi kulturalak egiten dira elkarrekin... Kofradiaren urteroko bazkaria egiten dugu oraindik ere; ez dauka lehen zeukan zentzu hain zorrotz hori, baina nik esango nuke auzolanaren izpiritua mantentzen dela oraindik ere.

Fernando Azkarate Elorrioko Kultura zinegotziak dio Gazetako kofradiak lan handia egin duela auzolanaren kultura berreskuratzeko.

Bai, eta, gainera, nahi gabe izan da alde batetik. Izan ere, duela pare bat urte hasi ginen lanean urteurreneko ekitaldiak antolatzeko, eta guk geuk egin dugu lan hori. Urteurrenaren ilusioa aprobetxatuz, auzoko bideak garbitu ditugu, baseliza konpondu, erakusketak antolatu... Eta hori dena, azken finean, auzolanean egin dugu. Nik uste dut merezi izan duela urteurrenaren aitzakiak, jendeak ilusioa berreskuratu duelako eta auzokideen artean giro ona sortu delako.

Zer lan egingo du kofradiak hemendik aurrera?

Orain arte bezala jarraituko dugu, eta aurtengo bultzada erabiliko lanean jarraitzeko. Baditugu proiektu batzuk esku artean, konponketa batzuk eta garbiketa batzuk. Orduan, ea jendeak animoa duen gerora ere, urte batzuetan honela jarraitzeko.

Auzoko baserritarrak joan ohi dira etziko azokara euren produktuak aurkeztera?

Gazetan ez dago ortuariak saltzen dituen inor; baten batek baddauzka behiak, eta beste batek zaldiak. Azken horrek azokara eramango ditu ziurrenik; ordezkaritza txiki bat, beraz, izango dugu Elorrion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.