Euskara

Auzolanean taberna euskaldunen bila

Euskara zaintzen duten tabernen mapa bat ontzen dabiltza Twitterren abiatutako egitasmo baten bidez.

Donostiako Juantxo tabernako menua euskaraz. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko apirilaren 13a
09:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskara erabiltzea, eta haren presentzia zaintzea. Bi baldintza horiek betetzen dituzten tabernen bila dabiltza Euskal Herriko txiolariak. @goikone erabiltzaileak martxan jarritako egitasmoa da, eta helburua da Euskal Herriko taberna euskaldunak mapa batean kokatzea: «Ezagutza horrek lagunduko gaitu Euskal Herrian barna bidaiatzean diskriminazio positiboa egiten».

Edonork parte hartu dezake: erabiltzaileak bere Twitterreko orrian finkatua duen harian tabernaren izena eta helbidea bertzerik ez dira idatzi behar, eta berak gehituko du mapara. Dagoeneko 40 taberna baino gehiago daude zerrendan. Ipar Euskal Herrian, adibidez, taberna hauek daude mapan: Menta kafe liburu denda (Ortzaize, Nafarroa Beherea), Urtxola jatetxea (Sara, Lapurdi) eta Zinka (Maule) ostatua, besteak beste. Hegoaldean, berriz, bertze hauek: Kataku ostatua (Bera, Nafarroa), Hala Bedi (Gasteiz), Baserri (Getxo, Bizkaia) eta Juantxo (Donostia), besteak beste.

Merkataritzan euskaraz

Erakundeak ere ahaleginak egiten dabiltza merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko. Joan den hilaren bukaeran, adibidez, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak Euskaraz barra-barra marka aurkeztu zuten. Helburua da Euskal Herriko merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz aritzeko guneak identifikatzea, «estres linguistikoa» murrizteko. Egitasmoarekin bat egiten duten saltokiek erakusleihoan markaren ikurra jarriko dute, eta hiru baldintza bete beharko dituzte horretarako: bezeroak artatzeko gutxienez langile euskaldun bat izatea, lehenbiziko eta azkeneko hitza euskaraz egitea, eta bezeroei euskaraz solastatu ahal izateko aukera bermatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.