Komunikazioa. Ekografiak

Axolagabea

Jokin Labaien.
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Urtxuegia auzia. Izenburu morbodun ederra litzate Tele5, Antena3 edo beste kate batzuentzat. Ekoitziko lukete kamera ezkutudun erreportajea edo bizpahiru ataleko telesaila. Gurean, berriz, albiste gisa ere, nekez izan dezakegu telebistan gertatu denaren berri.

Hutsune horri erantzun dio aste honetan, Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak. Hain zuzen, Luke Uribetxebarria EAJko parlamentariak egindako galderari erantzun beharrean aurkitu zen. Izan ere, Txilen eta Perun Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria den Ana Urtxuegiak iragan iluna duela zabaldu da azkenaldian. Lasarte-Oriako alkate ohiak 98 hektareako lursaila erosi zion Somoton, alkatetzatik babesten zuen gobernuz kanpoko erakundeari. Halaber, azken urteetan kooperaziorako diru laguntza gehien bideratutako herri nikaraguarrean, beste bost lur sailen jabe da. Eta, gainera, milioi eta erdi euro bideratu bide ditu izaera juridikorik ez duen senidetze bulego batera.

Surio ez da kikildu, kameren aurrean behinik behin. Zehatz erantzun du: «EITBk ederki daki albiste garrantzitsuak zein diren eta zein ez bereizten. Egunero egiten duguna da». Luzatu zen eztabaida. Erantzun horrekin, ordea, aski izan liteke arazoaren barrunbeak ezagutzeko. Ez zuen esan EITBko langileak informazioa kontrastatzen saiatu direla eta fede txarrez hedatutako zurrumurruak baino ez direla, oraingoz. Frogatu arte ez dela etiko, egoki zein profesional haiek ematea. Ez. Albiste deitu zion. Onartu egin zuen oinarria. Eta iradoki, albiste antzu edo indarge bat gehiago balitz bezala izan zela baztertua. Ordea, zenbat halako gertatzen dira gurean? Eta gertatzen direnean —hartu adibide Arabako Foru Aldundia—,ez al dute nahikoa tarte izaten? Eta estatu espainiarrean gertatzen diren kasuak? Zergatik merezi dute horiek jarraipena? Gehitu baitzuen Suriok gainerako hedabideek ere jarrera bera hartu dutela gertakari hauekin.

Galdetu egin beharko zaio zein hedabidetaz ari den. Zein dagoen hedabide horien atzean. Zein ideologia. Batzuek jarri baitute fokua Urtxuegia auzia delakoan. Alderdi batzuek jarri duten bezala. Beste batzuek balioa kendu nahi dioten bezala. Horregatik harritu nau halako erantzun sinpleak eta argumentazio eskasak. Bazekien iritsiko zela erantzun beharreko eguna. Eta, hala ere, gutxi landua dirudi. Axolagabeki emana. Axolagabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.