Ezarian

Azafraia, urre gorria

xabier martin
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Munduko espeziarik garestientzat jo daiteke azafraia eta, beraz, munduko elikaigairik garestientzat —kiloa 1.100 eta 11.000 euro artean saltzen da—. Mundu zabaleko herrialde eta kultura anitzetan baliatu izan dute historiaren joan-etorrian, dela medikuntzan, dela kosmetikan, lurrinak egiteko eta gastronomian. Duela 3.000 urte hasi zen ereiten, nahiz eta askoz lehenago ezagutu eta erabili.

Crocus familiako loreen estigmetatik lortzen da espezie gorria, urre gorria askorentzat. Banilla baino bost aldiz garestiagoa da, eta kardamomoa baino 30 aldiz garestiagoa. Kilo bat azafrai lortzeko 185.000 eta 285.000 arrosa bildu behar dira. 45 gramo azafrai lortzeko futbol zelai oso bat lore bildu behar da. Urri aldera jasotzen dira Iberiar Penintsulan, beti goizaldeko orduetan, loreak 15 bat zentimetroko altuera dutenean. Zapore mikatza dauka, belar onduarena gogoratzen du batzuetan. Bildu ondoren, pizarrak kendu eta lehortu egiten da. Azkenean, hasierako pisuaren %20 baino ez zaio geratzen. Ezaugarri guztiak bere horretan dauzkala ontziratzen dute. Hor dago azafraiaren indarra: zapore sotil baino iraunkorrean. Izpitxo bat erabilita, platerak goitik behera alda daitezke gastronomian. Kolorea nahiz zaporea gehitzen die eltzeei. Arrozari (paellari) izpitxo bat gehituz gero, edonork ikusiko du aldea.

Historia pixka bat

Aro klasikoan etengabe azaltzen da azafraia, bai Grezian bai Erroman. Azafraiaren bilketa margoturik azaltzen da antzinako Kretan, esaterako. Greziarren elezaharrek Siliziatik azafrai sortak ekartzen zituzten itsas gizon ausarten istorioak aipatzen dituzte. Dena den, historiaurrean ere baliatzen zuten: azafrai pigmentuarekin egindako margo piktorikoak daude gaur egungo Iraken. Sumerioek ere erabili zuten pozima magikoetan eta sendabelar gisa. Antzinako Pertsian, halaber, erein egin zuten Isfahan eta Derdenan, X. mendean. Orduko zenbait alfonbratan azafrai hariak aurkitu dituzte, hainbat hilobitan. Horrez gain, betidanik espezia preziatua izan denez, haren salerosketak bidaiarien ekina hauspotu zuen antzinatasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.