Azaletik ateratzen ahal den artea

Tatuatzaileek sortutako artelanak ikus daitezke TAI tatuaje estudio profesionalak Iruñean antolatu duen erakusketan. Arte mota hori zabaldu nahi dute antolatzaileek, gizarteratu.

Nacho Rocasalvas TAI estudioko tatuajegilea, Iruñean antolatu duten erakusketan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Tatuajearen artea «atzeraturik» dago Iruñean. Halaxe uste du Nacho Rocasalvas tatuatzaileak. Labrit kaleko TAI tatuaje estudio profesionaleko langilea da bera, eta erakusketa bat antolatu dute Iruñean. Tatuatzaileen artelanak ikus daitezke San Jose plazako laugarrenean. Helburua: tatuajearen artea zabaltzea, eta «ohiko» irudiez haratago arte landu bat dagoela erakustea. Hainbat estilo eta ibilbidetako 22 artistaren lanak bildu dituzte erakusketan, bost euskal herritar daude tartean, eta prest daude Iruñeko pentsamoldea aldatzeko.

Erakusketa areto txikia da San Jose plazakoa, baina tatuajearen munduan barneratzeko egokia. Koadro landuak ikus daitezke, azalean margotu ezin direnak, baina badago ere betiko jantz daitekeen artelanik. Hainbat estilo bildu ditu TAI estudioak: amerikarra, ekialdekoa, arte klasiko akademikoa... Gaiak ere, hamaika: mitologia, erlijioa, heriotza... Tatuajearen inguruko bestelako ideia bat agertu nahi dute iruindarren aurrean.

Nafarroako hiriburuan jende askok egiten ditu tatuajeak, Rocasalvasen arabera, baina oraindik urruti ikusten ditu Europako, Japoniako eta Ameriketako Estatu Batuetako joerak. «Han jendeak tatuaje gehiago egiten ditu, eta modernoagoak, gainera». Dioenez, «garaiz kanpoko tatuajeak» egiten dituzte Iruñean. Arte hori «atzeraturik» dagoen arren garatzeko aukera dagoelakoan dago Rocasalvas.

Estilo aniztasuna

Adin guzietako pertsonak hurbildu direla dio Rocasalvasek: seme-alabekin joan diren gurasoak, nerabeak, 50 urte inguruko jendea... baina, batez ere, 20 eta 30 urte bitarteko gazteak agertu dira. «Jendeak jakin-mina du, eta, gainera, erakusketa oso zabala da; beraz, jende klase guztiei gustako zaie», azaldu du.

Tolosako (Frantzia) Ezequielek, adibidez, Asiako mendebaldeko dragoiak eta irudiak atsegin ditu. El Carlo katalanak, berriz, burezurrak margotu ditu batik bat; eta erlijioari begiratzen dio Deivid de Palmak. Dudarik gabe, burezurrak dira erakusketan gehien ageri diren irudiak, tatuajearen munduan nahiko txertaturik dagoen marrazkia, seguruenik. Heriotzari lotutako gaiak ere artelan askoren iturburu izan dira.

Rocasalvas tatuatzaileak azaldu duenez, «garrantzitsua» da tatuatzaileen estiloa ezagutzea. Izan ere, marrazki bera hamaika moduz egin daiteke; bakoitzak bere estiloa ematen dio. Tatuatzaile bakoitzak bere estiloa du: batzuk tradizionalak dira, beste batzuk modernoak, badira estilo perfekzionistagoa nahiago dutenak... «Marrazki batzuk aise ikus daitezke; beste batzuek, berriz, irakurketa konplexuagoa behar dute», azaldu du.

Tatuajeen mundua zabala eta askotarikoa da; Iruñeko erakusketan argi azaltzen da hori. Irudi bat bizitza osoan larruazalean tindaturik eramateko erabakia hartzerakoan ere, hamaika arrazoi egon daitezke. Batzuek oroitzapenak gordetzen dituzte tintaren azpian, beste batzuek estetika kontuengatik egiten dituzte. Arrazoi mistikoak ere badira, adibidez, babeserako tatuajeak ere egiten dira. Hori bai, gorputza margotzea «naturala» da, Rocasalvasek dioenez. «Gizakiak betidanik margotu du bere burua; elkarren berri ez zuten kulturetan ere egiten zen». Orduan xamanak arduratzen ziren azaleko marrazkiez, eta magia horrek oraindik jarraitzen du. Izan ere, bizitza berri bati ekiteko balio dute tatuajeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.