Badira bost urte Steve Jobs zenak lehenengo iPhone sakelakoa aurkeztu zuela. Sakelakoen sektorea astindu zuen teklatu fisikorik gabeko gailu hark, eta iraultza teknologikorako bidea ireki. Egun asmakizun berriekin sektorea txunditzea zailagoa den arren, ikusmin handia piztu zuen Apple etxearen smartphone berriak. Tim Cook teknologia etxeko zuzendari nagusiak aurreko asteetan sarean bolo-bolo zebiltzan zurrumurruetako batzuk ziurtatu zituen.
Orain bederatzi hilabete kaleratu zuten Iphone 4s gailuarekin alderatuz, luzeagoa eta arinagoa da. Lau hazbeteko pantaila du, aurrekoak zuen baino handiagoa. 7,6 mm-ko lodiera du, eta 112 gramo pisatzen du. Aluminioz eta kristalez egina dago, eta beltzean eta zurian merkaturatuko da. Pantailaren teknologia berriari esker, egunsentian errazago ikusi ahalko da, eguzki izpiek eragindako distirarik gabe.
Teknologia etxeko ingeniariek nabarmen hobetu dute gailu berriaren prozesadorea. A6 deiturikoa erabiliko du, eta aurreko modeloaren abiadura bikoitza izango du. Irudi aldetik ere nabarituko da hobekuntza hori, indar eta kalitate handiagoa izango baitute. Aurkezpenean azaldu dutenez, kontsola erabilgarriek duten irudi kalitate paretsua izango du.
Prozesadorearen indarrak mesede egingo dio sakelako atzealdeko zortzi megapixeleko kamerari. Iphone 4s gailuaren antzekoa da, baina kristala hobetu egin dute, eta ilupean argazki hobeak aterako ditu. Horrez gain, zarata gutxitu, eta %40 azkarrago aterako ditu argazkiak. Hamar lagunen aurpegiak ezagutzeko ahalmena izango du, halaber. Aurrealdeko kameraren bereizmena ere hobetu dute.
LTE (4G) abiaduran erabili ahalko da sakelakoa, nahiz eta oraindik herrialde gutxi egon aukera hori eskaintzeko gaitasunarekin. Bateriaren aldetik, gailu berriarekin zortzi orduz 3G-an hitz egin ahalko da.
1080p bereizmeneko bideoak grabatu ahalko ditu, eta aurreko modeloaren antzera, irudia egonkortzeko sistema du. Mikrofono bat gehitu diote, eta biren ordez hiru edukiko ditu. Horrela, giroko zarata hobeto baztertu ahalko da.
Hilaren 21ean kaleratuko da AEBetan. Ipar Euskal Herrian bihartik aurrera eskatu ahalko da enkarguan. Hego Euskal Herrian, berriz, hilaren 28tik aurrera eskuratu ahalko da. 199, 299 dolar balioko du 16,32 GBko modeloak, eta 399 dolar, berriz, 64 GBkoak.
'Smartphone'-en arteko gerra
Apple konpainiak gailu berriaren kaleratzearekin azkenaldian merkatuan galdutako tokia berreskuratu nahi du. Izan ere, konkurrentzia ikaragarria dute egun teknologia etxeek. Gogorra izaten ari da lehia, merkatutik auzitegietara salto egiteraino. Samsung Hego Koreako teknologia etxea da Appleren areriorik zuzenena. Bai merkatuan, baita auzitegietan ere. Bi etxeek patenteak urratzea leporatzen diote elkarri, eta hainbat herrialdetan salaketak jarri dituzte. Applek Samsung etxearen 21 gailu merkatutik ateratzea eskatu du, haren patenteak kopiatu dituelakoan. AEBetako auzitegi batek arrazoia eman dio Kaliforniako etxeari, eta Samsung 1.000 milioi dolarreko kalte-ordainak ordaintzera behartu du.
Azken mugimendua AEBetako teknologia etxeak egin du. Hego Koreako monopolioaren aurkako erakundearen aurrean salatu du Samsung, haren jarrera menderatzailea legeen aurkakoa dela argudiatuta.
Auzitegiek ebazten dutenaren esperoan, azken boladan Samsungek aurrea hartu dio Appleri, Galaxy S3 smartphone-aren arrakastari esker. Samsungek berak adierazi duenez, iragan maiatzean gailu berria atera zuenetik 20 milioi ale saldu ditu hiru hilabetean. Smartphone guztiak kontuan hartuta, 51 milioi gailu saldu ditu azken hiruhilabetekoan, Apple, Nokia eta HTC etxeek batera saldutakoa baino gehiago. AEBetan Samsungen S3 gailua izan zen abuztuan gehien saldu zen smartphone-a.
Teknologia etxeek smartphone-aren merkatuan jarri dute jomuga, gailu horiek negozio aukera mamitsuak eskaintzen baitituzte. Europan, bigarren hiruhilabetekoan %26 igo ziren salmentak; ohiko sakelakoenak, berriz, %30 behera egin zuten, IDC aholkularitza etxearen arabera. Iturri berberak aurreikusi duenez, Applek iaz baino %51 unitate gehiago salduko ditu. Iphone 5 modeloaren aurkezpenarekin merkatua irabazteko teknologia etxe erraldoien arteko gerraren beste pasarte bat gertatu da.
Azkarragoa eta arinagoa
Apple etxeak iPhone 5 telefonoa aurkeztu du; aurreko gailuak baino pantaila handiagoa du, baina finagoa eta arinagoa daA6 prozesadorearekin aurreko modeloaren abiadura bikoiztuko du sakelakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu