Irulegiko sotoak 1952tik kooperatiba moduan funtzionatzen du. Pixkanaka garatu da, eta gaur egun 80 bat langile ditu.
Nondik heldu zaizue Irulegiko Sotoetako ondarea?
Gure ondarea, mahastiak inplantatuak dituen lurraldea da, Euskal Herria. Eta zehazkiago Garazi eta Baigorri inguruko mendiak. Gure mahastiek ere osatzen dute, ezaugarri berezi bat dutelako, mendietako mahastiak dira. Honi esker anitz markatuak diren arnoak ekoizten ditugu. Ezaugarri horiek gure indarra dira arnoaren munduan garatzeko. Irulegi izena ere gure ondarearen parte da, eta oraindik garrantzitsuagoa da kolektiboa delako. Horren garatzeko eta aurrera ateratzeko beharra dugu. Maila orokorrean, Irulegiko sotoen ondarea bere historiarena ere bada, duela hirurogei urte sortua da. Bertan lan egin zuten lehen belaunaldien arrastoa edo ondarea ere bada. Mahastizainen kolektiboa da, komunean duten tresna.
Proposatzen duzuen arno kalitateak ba ote du oihartzuna inguruko biztanleen artean?
Kontsumo mailan ez hainbeste.Ez da eguneroko kontsumorako egina den arnoa, beraz egia da lokalki ez duela oihartzun handia. Aldiz, inpaktua badu inguruko biztanleriaren gainean, Irulegiko arnoaren arrakastari esker, gure mahastiak ongi doaz, eta 80 langile biziarazten ditu. Laborantza munduan Irulegiko arnoak aktibitate garrantzitsua suposatzen du Garazi eta Baigorriko kantonamenduentzat.
Irabazi dituzuen sariek zer suposatzen dute zuentzat?
Arlo komertzialean, ezagupen garrantzitsua da. Sarien izateak erosleak lasaitzen dituelako. Saria izatearekin erosleak badakielako kalitatezko arnoa izango duela. Fama aldetik ere badu eragina, batez ere Irulegiko arnoa kontsumitzen ez dutenentzat, baina izena ezagutzen dutenentzat. Eta azkenik, epaimahaiaren iritzi objektibo batekin aukera ematen digu gure produktuen kalitatea zein den neurtzeko. Gure ibilbidea baieztatzen du eta oraindik urrunago joatera eramaten gaitu. Sarien eskuratzeak arnoen hobetzeko pistak ematen dizkigu.
Sariak banatzeko zein ezaugarrietan oinarritzen da epaimahaia?
Epaimahaia produktuen kalitatea neurtzen saiatzen da. Horretarako arnoaren elegantzia eta indarra neurtzen dute, eta bistan da kontsumitzerakoan den plazera.
Noiz hasi zineten lehiaketetan parte hartzen?
Badu berrogei urte aurkeztu ginela lehen aldiz lehiaketa batera. Garaian ez genituen irabazten egun irabazten ditugun bezainbat. Noizean behin bat gerta zitekeen, baina ez zen batere erregularra. 80ko hamarkada bukaeran lan handi bat egin genuen arnoaren kalitatea hobetzeko, eta 90ko hamarkadatik sariak erregulartasun handiagoarekin errezibitzen ditugu.
Datozen hamar hamabost urteei begira zein dira apustu nagusiak?
Apusturik handiena mahastiaren garapena da. Gaurko egunean 240 hektarea ditu, hemendik hamar hamabost urtera 300 hektareatara hurbildu nahi genuke. Zergatik pario garrantzitsua da? Ba mahastia kultura interesgarria delako hemengo kontestuan. Hau da, alde batetik laborantzaren lanpostuak egonkortzen dituelako eta bestetik eskuragarria den lurra gutxi delako eta zelai asko aldapa handikoak direlako. Eta mahastien garapena, medio ona da abandonatuak izan daitezken zelai txikiak erabiltzeko. Beraz, garrantzitsua da mahastiaren garapenean segitzea. Bigarren apustua, gure produktuen ongi baloratzea da, hamabi herritan banatuak diren gure berrogei mahastizainak bizitzeko. Bukatzeko dugun azken apustua iritzi lokala konkistatzen bukatzea da, Euskal Herriko biztanleak Irulegiko arnoez harro izan daitezen. Ez dena oraindik egina.
Xavier Pierre. Irulegiko Sotoaren zuzendaria
«Azken apustua iritzi lokala konkistatzen bukatzea da»
Azken urte hauetan irabazi sariek agerian utzi dute Irulegiko sotoaren kalitatea. Berriki Parisen iragan den laborantzaren saloian urrezko hiru medaila irabazi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu