Portua (Ondarroa, Bizkaia)Nagore Osoro

«Azken lau urteetan ezin izan naiz udan hondartzara joan»

Kontxako Badiako uretan egongo da gaur ondarroarra, gorriz jantzita, Zumaiako traineru gainean, arraunketako banderarik preziatuenaren bila. Baina patroiarentzat ez dago herriko portua bezalako lekurik: alde batera ibaia, eta, bestera, hondartza.

Nagore Osoro, Ondarroako portuan; atzean, herria eta ibaia. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Ondarroa
2013ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Kontxako Banderaren lehenengo asteburuaren biharamunean egin du hitzordua BERRIArekin Nagore Osorok (Ondarroa, Bizkaia, 1994), Zumaiako traineruaren patroiak. Lasai iritsi da, irribarretsu, eskuak patrikan eta ilea motots batean bilduta. Nabari da bizkarreko zama astuna arindua duela, Kontxako estropadan lan bikaina egin ondoren. «Aurten bai, neskak, aurten bai!», zioen bezperan. Horregatik, akaso, goxo-goxo mintzo da, trankilago. Hori bai, zumaiarren traineruaren ziztu berean, ondarroarren euskara ederrean. Kirolari gazte gutxik dute halako etorria komunikabideen aurrean. Kasta kontua.

Portu aldera jo du, Calatravaren zubi zuria atzean utzita. Metro batzuk barrurago dago Urtza Alkortaren atxiloketa saihesten saiatzeko erabili zuten zubia. Eskegita daude hainbat pankarta, herri harresiaren oroigarri mutu.

Esertzeko leku aproposa aukeratu, eta galderak erantzuten hasi bezain pronto, ozen jo du tutua itsasontzi batek. Agur herriari. Erabakitako tokiaren arrazoia azaldu du Osorok: «Ondarroako leku politenetakoa izango da hau, ziur aski». Alde batera, Artibaiko ibai ahoa, ur gazitan jada, ontzi txikiak zein handiak kulunkatzen. Erreka berezia da Osororentzat. Zumaian patroi lanetan hasi aurretik, lau urte eman zituen herriko taldean: «Urte asko entrenatzen Ondarroagaz, ordu asko, hor geratzen zaizu lotura».

Beste aldean, Arrigorriko hondartza. Iraila izanik ere, jendea azken eguzki printzak hartzen ari da, udari agur esateko gogo gutxirekin. Bada uretan igerian dabilenik ere, dagoeneko ura hotz samar egon arren. Azala beltzaranduta du Osorok, baina ez hondartzan eman dituen orduengatik. «Urte asko eman ditut horko plaian, baina azken lau urteetan, ezin izan naiz hondartzara joan udan. Eguzkiak kalte egiten du, energia kentzen du. Orduan, entrenamenduetan eta estropadetan sasoian egoteko, ez dugu hondartzarik zapaltzen. Uretan egon gaitezke, baina, kanpoan, toallan etzanda, ez». Noski, atseden egunetan ere, ezin da hondartzara jaitsi: «Errekuperatzeko ematen dizute jai, eta, plaiara joanez gero, gorputzak igarri egiten du berez hartu behar ez zenuen jipoia hori».

Kosta emakumea eta ondarroarra

Arraunlaria, ondarroarra; itsasoari lotuta bizi den kostako emakumea izan behar du Osorok. Dudarik balego ere, galdera egin orduko uxatu du zalantza: «Kosta barik ezin naiz bizi. Kostan bizi garenok zerbaiten falta sumatuko genuke, nola edo hala. Hemendik hamar-hogei urtera ez dakit non biziko naizen, hemen jarraituko dudan, baina seguru kostan biziko naizela». Eman izan ditu hilabeteak kanpoan, eta beti nabaritu du zerbait horren falta: «Etxe bat daukagu Arabako Errioxan, oso gustura joaten gara, baina, hori, apur baterako, ezingo nintzateke luze egon».

Kostako emakumea ez ezik, ondarroar petoa ere bada: «Bai, ondarroarra naiz, eta harro. Lekeitiarrekin gerra egin behar bada, gerra egingo dugu». Arrauna dela eta, ez du kanpora joateko aukera handirik, baina lehendik ere bazen Ondarroan geratu zalea: «Herrizalea naiz, hala tokatu zaidalako ere bai; baina noizbehinka, errutina aldatzeko, ondo dator egun-pasa».

Elkarrizketa hasi aurretik, esan du irakurleek ez dutela jakingo Nagore Osoro zein den. Ondarroan behintzat, neska ezaguna da egunotan. BERRIArekin egon den bitartean, pertsona batek baino gehiagok gelditu du kalean. «Harro» daudela esan diote, eta bandera etxera ekar dezala eskatu. Portutik bost minutu eskasera bizi dela azaldu du Osorok; behin eta berriro gelditu dutela animoak emateko. Ez dio buelta gehiegi eman nahi estropadari, astea lasai pasatu nahi du, kazetariei jaramon gutxi eginda. Ordu eta erdi lehenago etorri den moduan joan da elkarrizketa amaitzean, lasai, pozik, irri zabala ezpainetan. Astea osoa du aurretik urduritzen hasteko. Gaur, bai, gaur hasiko zaizkio kirioak dantzan; traineruan igo aurretik, bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.