Egun bakarra. Ordu gutxi barru, begirada guztiak zerura begira egingo dira. Zeledon San Migel elizako kanpandorretik jaistearekin batera Gasteizko Jaiak hasi zain. Atzerako kontuhori sumatzen da Gasteizko kaleetan, suziriak eztanda egin arteko une horiek bizitzeko hamaika moduak ikus daitezke. Besteak beste, prestaketetan buru-belarri dabiltzan tabernarik eta jaiak aurreratzeko gogoz sumatzen diren hainbat eta hainbat pertsona.
Mugimendu gehien duen lekuetako bat, hain zuzen, hirigunetik ehunka metrora dago. Gasteizko Udalaren egitarauko txoko nagusiak prest daude. Gasteizko txosnetan, Unibertsitate eremuan, erritmoa bizian ari dira lanean. Txosnak egongo diren lekuan egongo diren arren, lana ez zaie falta: barrak muntatu, argiak jarri, txosnak apaindu, garagardo upelak eta freskagarri kutxak gorde...
Aihotz plazako eremuan, erritmoa bizitu dute. Han, Geu elkarteko txosnak atzora aurreratu zituen jaien atarikoak. 13:30ean inauguratu zuten eremua. Hasteko, Pako Eizagirre omendu, eta, horren ostean, ekintza sorta zabalari ekin diote: euskarapotea, pintxo bereziak, haurrentzako jarduerak... Gaur, adibidez, Aihotz plazako txosnetan, haurrentzako eta familientzako egitaraua prestatu du arratsalderako: 18:30ean hasi, eta egun amaiera aldeko txokolate jatera arte.
Tabernariek azken uneko prestaketak egiten ari dira, goizean goiz. Aiztogile kalean gora eta behera doazen kamioiek horren erakusgarri dira. Karlos Sobronek, Aiztogile kaleko Erdizka tabernako nagusiak, lan gehienak aurreratuta dituela nabarmendu du. Santiago eguna baino lehen hasi zen lanean, baina iragan astean «alor teknikoak» findu zituzten. Tabernariek derrigorrezkoa dute hori ondo egitea, gerta baitaiteke iaz bezala bederatzi eguneko jaiak izatea.
Gasteizko jaiak 4tik 9ra artekoak badira ere, iaz «aparteko giroa» egon zen aurreko asteburuan. «Eguraldiak zeresan handia izango du, baina espero dezagun jendea ateratzea». Badaezpada dena dute prest: bazkalorduetarako menu «landuak», gauetarako ogitartekoak...
Era berean, Gasteizko Udalak prestatutako ekintzak hartuko dituzten agertokiak zain daude, hutsik, jaiak hastearen zain.
Jaien aurreko festa
Jaiak heldu bitartean festa giroan murgilduta daude Gasteizko herritarrak. Zeledonen jaitsieraren aurreko egunetan eskaintza zabala egon da, eta jaiak aurreratu diren sentipena izan du batek baino gehiagok. Uztailaren 31etik Birra Zuzenean jaialdia egon da alde zaharreko tontorrean, kontzertuak eta garagardo artisauekin. Jaialdi hori hil bakoitzeko lehen larunbatean egin ohi duten azokarekin elkartu da, eta jendetza erakarri du alde zaharreko kaleetara.
Hirigunetik urrun egon arren,Mendizabalako feria Santiago egunaren bezperatik bertatik martxan dago. Uztailaren 24tik jendetza gerturatu da, eta, egutegiarengatik ez balitz, Gasteizko jaiak direla esango luke hara joandako edozeinek.
Ordea, Andre Maria Zuriaren plazan gertatu da ikusmin handiena piztu duen ekintzetako bat. «Munduko patata tortilla handiena» egiteko erronka. 1.600 kilo patata, 840 kilo arrautza, hamar kilo gatz eta 150 litro oliba olioa. Saskia betetzeko, 45.000 euro eman dizkio Gasteizko Udalak tortilla egingo duen enpresari. Kopuru hori eztabaida iturri izan da egunotan. Alkateak gizarte laguntzen onuradun batzuenganako susmoa zabaldu bitartean, tortillarako aurrekontua gehiegizkoa iruditu zaie askori.
Eztabaida hori ez da plazara heldu, baina bai, ordea, bost metroko diametrodun patata tortillari buelta emateko erabiliko duten sistemari buruzkoa. Hainbat pertsona bertaratu dira hori ikusi ahal izateko, baina halakorik ikusi gabe hartu dute etxerako bidea. «XXI. mendean ez da beharrezkoa tortillari buelta ematea, ondo eginda gera dadin», azaldu zuen Senen Gonzalez sukaldariak. Erresistentzia handi bat baliatu dute bi aldeetatik egiteko.
Juanma Bajo Ulloa zinemagileak tokian bildutako jendea baliatu du prestatzen ari den filmerako irudiak hartzeko. Antolatzaileen arabera, 10.000 lagunentzat prestatu dute tortilla. Zeledonen jaitsierarako, jaiak indartsu hasteko, indarrak bildu ei zituzten 10.000 pertsonarentzat.
Azken orduko lanen jai usaina
Gasteizko kaleak Andre Maria Zuriaren jaien hasierarako prestatzen ari dira; tabernak eta txosnak hornitzen diren bitartean, festa giroa sumatzen da ekitaldiei esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu