Segundoak, minutuak, orduak eta egunak neurtu arren, ordea, denbora arazo ari da bilakatzen gaur egungo gizartean jende askorentzat, iritsi nahi duten guztira iritsi ezin dutenen artean. «Lehen egiten genituen gauzak baino askoz ere gehiago ditugu egiteko, baina egunek lehen bezainbeste irauten dute», dio Aje Arruti idazle eta kazetariak (Donostia, 1967). Bere lanbidean denbora antolatzeko zituen zailtasunak abiapuntu izan zituen 1990eko hamarkadan, denboraren antolaketaren gaian sakontzeko, eta orain denbora antolatzeko ikastaroak ematen ditu. «Orain dela hamar urte hasi nintzen exekutiboei denbora ondoantolatzeko eskolak ematen, baina gaur egun etxekoandreak eta ikasleak ere etortzen dira. Inork ez digu denbora antolatzen erakutsi, eskolako ikasgaia izan beharko luke. Norberarentzat hamar minutu hartzeko ohitura hartuz, besteekiko eta norberarekiko asko irabazten da».
Denbora antolatzeaz mintzo da Arruti, izan ere, denbora kudeatu ezin den arren, antola daitekeela dio. Bere denbora antolatzen hasi zenetik bildu duen esperientzia liburu batean jaso du orain, La hora del tesoro, Cómo ganar tiempo de calidad cada día (Plataforma Editorial). «Hasieran denbora antolatzeko teknikak erakutsi nahi nituen liburuan, baina pertsona guztiak ezberdinak garela ohartuta eta gure beharrak ere ezberdinak direlako, jarraibide orokor batzuk azaltzen ditut; bizitza filosofia baten gaineko liburua da».
Liburuaren argitalpena ez da ustekabekoa. AEBetan orain dela 30 urte hasi ziren gai horretan sakontzen, eta ibilbide luzea dute. Euskal Herrian azken urteetan egin du gora denbora antolatzeko ikastaroen eskaria, batik bat lanak sortzen dituen beharrei lotuta, eta gai horretan sakontzen duten blogak eta webguneak ere gero eta ugariagoak dira. Gaur egungo bizimoduarekin lotzen du Arrutik behar hori: «Langilearen denbora lehen antolatuta zegoen, baina gaur egun norberak antolatu behar du berea». Orain arte lanerako denborarekin lotuta egon bada ere, familiari, lagunei eta aisialdiari eskaintzen zaiona ere gero eta gehiago lantzen da, bizi profesionalaren eta pertsonalaren arteko nahasketaren ondorioz.
Denbora zertarako?
«Ordularia da modernotasuna ondoen irudikatzen duen makina, eta presaren diktadura da gure garaiaren berezko gaixotasuna», dio Josetxo Beriain Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia katedradunak. Denbora ondo antolatzeko lezio eta aholkuek denbora irabaztea dute helburu, eta, horretarako, denbora lapurrak identifikatzea gomendatzen dute adituek, denbora zertan pasatzen duen jakin gabe, pertsonei egunak dituen 1.440 minutuetatik gehiegi kentzen dizkiotenak: espero ez diren etenak, funts askorik gabe luzatzen diren bilerak, ezetz esateko gaitasun eza...
«Zertarako nahi dugu denbora, ordea?», galdetzen du Arrutik. «Denbora antolatu nahi badugu, zertarako nahi dugun galdetu behar diogu geure buruari lehenik, denbora horrekin zer nahi dugun egin jakiteak lagundu egiten du. Gauzak zergatik egin galdetzen erakutsi digute, baina ez, ordea, zertarako. Adibidez, denbora nire seme-alabekin gehiago egoteko antolatu nahi badut, nire seme-alabekin gehiago egoteko antolatu nahi dudala pentsatu behar dut».
Kontua ez da, ordea, denbora asko izatea, ondo antolatzea baizik. Antolaketa on bat egiteko, horretarako denbora hartu eta egin beharrak zerrenda batean idaztea aholkatzen du Arrutik. «Nonbait idaztea komeni da, kontrolpean izateko eta modu horretan burua arintzeko». Egin nahi denarekin batera, egun horretan baztertu daitezken eginbeharretan ere pentsatu behar dela dio. Garrantzitsua da, haren hitzetan, eginbehar guztiek garrantzia berbera ez dutela jakitea, eta horietako batzuk hurrengo egunerako uztea. «Metafora bat erabiliz, hiru gauza hartu behar dira kontuan: iparrorratza, norantz joan nahi dugun, denbora zertarako irabazi nahi dugun, zer den gure bizitzan garrantzitsua; mapa, lortu nahi dugun hori nola lortuko dugun imajinatzea; bizitzan etenak eta desbideratzeak egoten direnez, horiek gainditzen lagunduko digun mapa; eta lupa, bizitzaren bidean detaileak oso garrantzitsuak dira, detaile txiki horietan ikusten baitugu bizitza, eta luparekin errazagoa da horiei erreparatzea eta gure altxorraren kutxara sartzea». Hori guztia lortu ahal izateko, borondatearen, imajinazioaren eta arretaren beharra azpimarratzen ditu liburuan, batik bat, azken hori: «Batzuetan bizitzak eraman gaitzala uzten dugu, eta guretzat garrantzitsua dena oharkabean pasatzen zaigu».
Konpromiso zerrendak
Denbora ondo antolatzeko erabiltzen diren teknika nagusiak David Allenek Getting Things Done (GTD) metodoan zehaztu zituenak dira. Beste aditu batzuk ez bezala, Allenek lehentasunak alde batera utzi eta zeregin zerrenda bereiziak egitea proposatzen du, esate baterako, egin beharreko deien zerrenda edo kalean egin beharreko enkarguena. Haren metodoa bost puntutan laburbiltzen da: egin beharrekoak bildu, prozesatu, antolatu, berrizaztertu eta egin. «Egin esaten duenean, amaitu esan nahi du Allenek. Gertatzen da batzuetan ondo antolatzeko denbora hartzea, baina azkenean egin beharrekoak ez egitea. Izan ere, batzuetan, asko mugitzen garelako gauza gehiago egiten ditugu iruditzen zaigu, eta ez da horrela», dio Arrutik.
Argibide horiek jarraituz, ohiturak sortu behar direla dio Arrutik, eta diziplinaren garrantzia azpimarratzen du, nahiz eta «fama txarra» izan. «Denbora antolatzen hasi nahi duenak bere bizitzan dituen konpromisoen zerrenda egiten hasi behar du, eta ondoren, horien inguruan erabakiak hartu, lehentasunak jarri eta tarteka zerrenda berriro aztertu, denbora baino gauza gehiago ditugulako egiteko». Egunak 1.440 minutu dituelako, bizitzak eskuetatik ihes egin ez dezan.
Bertsoa
Saiatzen gara lekuetarabeti ordurako joaten
Saiatzen gara gure eguna
ahalik ondoen zehazten
Baina orratzak ibiltzen dira
biraka bueltak ematen
Hamabi letra edo zenbaki
dituen borobil baten
Guk zertarako nahi ote dugu
orratzen ritmoa eten
Garrantzitsua eta larria
ez badakigu bereizten?
Denari baietz, izan nahi dugu
egun beteko errege
Gure orduak bete gurean
ibiltzen gara zelebre
Lana, etxea, aisialdia
bakoitzak ei ditu bere
Baina bete ezin honek egiten
gaitu orratzen titere
Presaz gabiltza ta presak nori
egiten dio mesede?
Leku berera helduko gara
mantso ibilita ere!
Onintza Enbeitaren bertsoak, denbora gaitzat hartuz.
Poema
Karmele Igartuaren hiru poema, denboraren gainean idatzitakoak. Pamiela argitaletxearekin 2009an argitaratutako Denbora enaren hegaletan liburutik hartuak. Marrazkia Idoia Beratarbidek erreportaje honetarako propio egindakoa da.DENBORA KONTUETAN
Denbora kontuetan
batzuetan bazakinagu nola datorren
baina ez zer izango den izan behar duenak
denboran;
bestetan bazakinagu zer den
eta ez, nola etorriko den badena
denboran;
eta beste batzuetan ez dinagu sumatu ere egiten
izango dena, ez eta nola izango den ere
denboran.
Ez jakiteak egiten din zirraragarri, irrikagarri
izateko dena
eta garena bizi guraz bizitzeak
egiten din ederra iragana edo geroa.
Baddakin,
haurdunaldi batek iragartzen din geroa,
existitzen ez den hori;
haurdunaldi askok bestelako gero bat,
existitu ez arren, oraindik.
'DENBORARIK EZ'
Denborarik ez -diozu-
baina denbora eza
denbora guztia gastatzea da,
eta dakar
denboraz ez iristea
benetako denborara.
Denborarik ez;
denbora eza aitzakia da,
egiten ausartzen ez garena ez egiteko
dagokigun denboran,
eta dakar
egin ez dugunarengatik
egitendugunarekin inoiz gustura ez egotea.
Denborarik ez;
baina denbora eza harrokeria ere bada,
denbora beti gure zain izango dugulako ziurtasuna,
eta dakar
guk ahaztea denbora geldi bat denbora-egilea,
eta ekar dezake
denborak gu betiko ahaztea inoiz eta inongo zurrunbiloetan.
DENBORA GELDITU
Denboran gelditu
eta gelditu denbora
eta gu ibili denboran
eta guk zeharkatu denbora -enara beltzak bezala-
eta guk egin denboretan denbora,
denborak zahartu, ihartu, baztertu, irentsi ez gaitzan,
denborak inoratu ez gaitzan,
eta denbora denak,
munduetakoak eta mendeetakoak,
ukitu, maitatu, laztandu eta gero,
utzi, haize epelak bultza gaitzan -enara beltza bezala-
utzi, denborak har gaitzan gure hegaldian.