Ekaina ate-joka izanik, azken txanpan sarturik dago BERRIAren 10. urteurrenaren harira antolatutako ospakizun bira. Besteak beste, asteburu honetan izango da Metrokoadroka Sormen Laborategiak eginiko Zertarako hegoak antzezlana ikusteko azken aukera. Hilabete eta erdiz Euskal Herriko hainbat herri bisitatu ondotik, ikuskizunak Elgoibarko (Gipuzkoa) bidea hartuko du etzi, eta Donostiarakoa igandean. Pertsona bakoitzak inguruan eragiteko duen beharraz mintzo da antzezlana. Absurdotik zerbait badu, baita umoretik ere. Beraz, ongi pasatu nahi duenak ezingo du gehiago itxaron.
Joan den urteko uda baino lehenago iritsi zitzaien enkargua Oier Guillan antzezlanaren zuzendariari eta gainerakoei: urteurrenaren harira antzezlan bat sortzea, BERRIAri laguntza eman dion jende guztiarentzat opari gisa. BERRIA Taldeak emandako ideia muturrera eraman zuten: batzuetan ni izan arren besteetan gu izateko beharra du ardatz ikuskizunak.
Egoera absurdo batetik abiatzen da. Aurkikuntza harrigarri baten berri ematen du egunkariak: pertsona normal orok ditu superbotereak. Aurkikuntzak arazo bakarra du: ezertarako balio ez duten superbotereak direla topatutakoak.
Elgoibarren, etzi izango da ikuskizuna, herriko antzokian, 20:30ean, eta Donostian, berriz, igandean, Antzoki Zaharrean, 20:00etan.
Zertarako hegoak
Azkeneko aukera, asteburuan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu