Elorriok (Bizkaia) egun handia dauka gaur. Ferixa nagusia egingo da herriko kaleetan, eta inguruko herrietatik jende andana bilduko da. «Aurtengo jaietako aurrekontua jaitsi egin da, baina azokarako diru kopurua ez dugu aldatu», dio Fernando Azkarate Kultura zinegotziak. Datu horrekin, garbi dago jaietako ekitaldinagusia dela gaurko azoka. «Azokak ematen dio izena herriko jaiei ere».
Goizean zabalduko dituzte erakustazokak. Denera, 160. Horietatik 100 abeltzainentzakoak izango dira, eta gainerakoak, artisau eta nekazarientzakoak. «Abeltzainentzako azokan, behi erakusketa ederra izaten da, arraza ezberdinak eta ugariak», dio. Batez ere Elorrio inguruko ganaduzaleak egoten direla zehaztu du Azkaratek. «Lehiaketarik ez da egiten dagoeneko, orain erakusketa bakarrik da. Lehen, tratua egiten zen, eta orain, ikusi bakarrik. Hau ere aldatu da», dio. Behiez gain, ardiak, behorrak, ahuntzak, kapoiak, txerriak eta beste hainbat animalia ere ikusgai egongo dira.
Artisau eta nekazarien postuak ere ikusi ahalko dira, denetariko ekoizpenekin. Gazta, ogia, txakolina, narruzko elementuak, beirazkoak, pilota postuak etabar. «Azoka garrantzitsua da inguru honetan guztian, jendea inguratzeko aproposa». Hain zuzen, aurten inoiz baino eskaera gehiago izan dituzte postuak jartzeko, baina udalak ezin izan die denei erantzunik eman, eta batzuk kanpoan geratu behar izan dute.
Azoka amaitu ostean, afizionatuen pilota partidak jokatuko dituzte, 18:00etan, Hilario Azkarate frontoian. Horiek amaituta, umeen danborrada egingo dute plazan. «Aurreko urteetan, bigaren igandean egiten genuen haurren danborrada, baina aurten, lehenbizikoz, lehen asteburura ekarri dugu», Azkarateren esanetan. Izan ere, jaiak amaitzen ari zirenean danborrada hori egiteak ez zuen jende sobera erakartzen. «Eta ez hori bakarrik, haurrek ere hurrengo egunean eskolara joan behar dute, eta, horregatik, egunez aldatzea pentsatu genuen». Aurten, beraz, egutegia aldatuta egingo dute proba, eta hurrengo urteetarako erabakia hartzeko giltza izango da.
Kuadrilla eguna, bihar
Asteburuko martxari, kuadrillenegunak hartuko dio lekukoa. «Egun polita izaten da, gazteen artean arrakasta itzela izaten duena». 14:00etan, tortilla lehiaketa egingo dute, lehendabizi, eta paella jana egingo dute, ondoren.18:00etan, kuadrillen jaitsiera egingo dute.
Parranda aurretik, kuadrillen arteko jokoak antolatu dituzte, eta, gero, Abiba DJa izango da giroa jartzen. Festak, ordea, ez dira hor amaituko. Hurrengo egunetan, oraindik, parranda gogoak bizirik iraungo baitu Elorrion.
Jaiak. Elorrio
Azoka beti bezain indartsu
Ganadu eta artisau azoka egingo dute gaur Elorrion; denetara, 160 postu jarriko dituzte herri guztian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu