Gaurtik larunbatera bitartean ospatuko dituzte Azpeitian (Gipuzkoa) hain estimatuak dituzten saninaziyuek. Aurten ere, ohi bezala, ekitaldi ugari aurkitu ahalko dira bertan, gustu eta adin guztietako jendearentzat: zezenketak, ekitaldi erlijiosoak, ekitaldi instituzionalak... eta, noski, azken urteetan bezala, Marea Arroxa kalejira ere ez da faltako.
Aurtengo jaietako berezitasun nagusietako bat, Azpeitiko herriaren eta argazkigintzaren arteko lotura ezagutaraztea izango da. Hain zuzen, Azpeitiko Argazki Elkartearen 30. urteurrena dela eta, bertako hiru kidek botako dute gaur, 12:00etan, txupinazoa herriko plazan: Luis Rey sortzaileak, Alberto Beloki gaur egungo lehendakariak eta Alaitz Ruiz bazkideak. Belokiren esanetan, oso pozik daude: «Txupinazoa botatzeko berria ilusio handiarekin hartu dugu». Elkartea bera arduratu ohi da herriko jaietako programa ekartzen duen liburuxkako argazki gehienak ateratzeaz; beraz, Belokiren ustez,«horrek frogatzen du elkarteak festekin duen lotura». Elkarteak aurten ere aterako ditu argazkiak festetako ekintzetan, «datorren urteko egitarauan argitaratzeko».
Arrosa kolorea nagusi
Azken urteetan saninazioetako ikur bihurtu da Marea Arroxa, herriko Haujijijai festa batzordeak antolatuta: txupinazoaren ostean egin ohi den kalejira. Azpeitiarrak kamiseta arrosaz janzten dira, eta herriko kaleak kalejiran pasatu ohi dituzte, giroa alaituz eta «olatu erraldoiak» eginez. Mikel Segurola batzordeko kidearen esanetan, kalejira «herritar bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunek» osatzen dute: «herriko jendeaz gain, malabaristak, musikariak, trikitilariak, Skandalue txaranga... irteten gara; beraz, herriko ezaugarri ezberdineko jendeak hartzen dugu parte».
Horrez gain, Marea Arroxaren jarraipen modura hartzen dira bai txupinazioaren ostean herriko plazan egin ohi den herri bazkaria, baita arratsaldean txosnetan izan ohi diren haur jolasak ere. Segurolak adierazi du, gainera, aurten ekintza berri bat antolatu dutela: «Herri bazkariaren ostean eta haur jolasak hasi aurretik, flashmob bat egingo dugu festa herrikoien alde».
Hain zuzen, batzordea duela urte batzuk arrazoi horregatik sortu zela adierazi du Segurolak: «Herri osorako egitaraua sortzen saiatzen gara. Herritik herriarentzat egindako festak dira: euskaldunak, parekideak, zero zabor filosofiadunak, auzolanean oinarritutakoak eta parte hartzekoak».
Azpeitia, marea arrosa baten erdian
Gaur hasiko dira Azpeitian San Inazio jaiak.Azpeitiko Argazki Elkartekoek botako dute txupinazoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu