Aztarnategietako indusketa lanak, zuri-beltzean

'Historiaurrearen abentura Gipuzkoan' erakusketak indusketa lanen historia jasotzen du argazkien bidez

San Telmo museoko erakusketa. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Soraluze, Aranzadi, Barandiaran, Eguren, Altuna, Apellaniz... paleontologiako eta, oro har, historiaurrea ikertzen aritu diren XX. mendeko zientzialarien historia jasotzen du, argazkien bidez batik bat, Donostiako San Telmo museoan zabaldu berri duten erakusketak: Historiaurrearen abentura Gipuzkoan.

Aranzadi Zientzia Elkarteak antolaturik, erakusketak xede didaktikoa du, gaur egun baliatzen diren teknika aurreratuen aurretik indusketak nola egiten ziren erakusteko. Lehen ikerlari horien ahaleginak, lan egiteko metodologiak eta tresnak; izan zituzten zailtasunak agerian uzten dituzte dozenaka argazkik, aroka antolaturiko paneletan. 1879tik 1917ra doa lehen aroa. Aralarko Jentilarri dolmenaren aurkikuntzarekin abiatzen da kronologia. Haitzbitarte (Errenteria) ere aipatzen da (1905), esaterako, baita Biandizko kronletxak ere. Telesforo Aranzadi eta Pedro Manuel Soraluze ikus daitezke indusketa lanetan.

Arkeologia zientifikoaren lehen urratsak biltzen ditu bigarren aroak. 1917tik 1936ra doaz bigarren panelaren azalpenak. Enrique Eguren eta Maria Luisa Aranzadi azaltzen dira, besteak beste, Aralarko dolmenetan. Arkeologiaren etenaldia egon zen 1936tik aurrera, gerrarekin batera. Barandiaranek, Aranzadik eta Egurenek bertan behera utzi zituzten hainbat ikerketa. Urte asko geroago berrekin zioten lanari.

1947an abiatzen da hurrengo aroa, Arkeologiaren susperraldia esan diotena. 1953 arte hainbat proiektu jasotzen dira, Tomas Atauri, Jesus Elosegi, Manuel Laborde... Panela zuri-beltzezko argazkiz josita dago. Aurkikuntzak ez dira gutxi. Barandiaranen itzulerarekin beste aro bat hasten da. 1972 arte, Barandiaranek hartzen du protagonismoa; harekin batera Jesus Altuna agertzen da, esaterako, Leze Txikin eta Altxerrin. Gaur arte doan aroa da azkena. Aurkikuntza garrantzitsuak biltzen dira bertan, Ekain adibidez. Kiputzen berriki aurkitutako bisontearen garezurrarekin amaitzen da ibilbide aberatsa.

Hitzaldi sorta bat antolatu du Aranzadik erakusketa aberasteko, lehen mailako hizlariekin. Juan Luis Arsuagak zabaldu zituen ostegunean; atzo, berriz, Alvaro Arrizabalaga aritu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.