ATZEKOZ AURRERA

'Azule', txingor euritan aurrera

Bi urtez derrigorrez eten ostean, Zapato Azule jaia egin dute Ondarroan. Giro aparta izan da kaleetan, Dinamartxakoei ongietorria eman diete eta pentsiodunak omendu dituzte.

Radixu irrati libreko kideek antolatzen dute Zapato Azule. URTZI URKIZU.
urtzi urkizu
Ondarroa
2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Zerua ez dago urdin. Baina herritarrei eta bisitariei ez die askorik axola. «Ipar beltzetan aurrera/ txingor euritan aurrera». Hala dio Ondarroako Aurrera kirol elkarteko ereserkiak. «Nahiz eta eguraldi iragarpena txarra izan, bagenekien herri guztia aterako zela kalera», aipatu du Mikel Santiso Aurrera elkarteko lehendakariak. Kamiseta azokara lehen urtez eraman dituzte elastikoak Aurrera taldekoek. «Herriko gaietan eta gizarte mugimenduetan presente egon nahi dugu», gaineratu du. Bi urteko etenaren ostean, Zapato Azule jaia egin zuten atzo Ondarroan (Bizkaia).

«Herritik sortu dena herriarentzako egin da», dio Zapato Azuleren leloak. Bolo Bolo herri aldizkariak asmatu zuen jaia, dirua lortzeko —ez zuen publizitaterik argitalpenak—. Zortzi urteren ostean, Radixu irrati libreak hartu zuen erreleboa. Txomin L. Aramaiok azaldu du jaia «erabat autogestionatua» dela. Bi urtez egin gabe pasatu ostean, pozik daude.

Radixuk berak zuzeneko irratsaioa egiten du jaian, hiruzpalau ordukoa. Kofradia zaharrean ari da Iban Rekalde esataria. Koldo Azpiazu arraun elkarteko lehendakaria ari dira elkarrizketatzen, umore zirtolariz. «Guretzat, Radixuk kalean presentzia izatea garrantzitsua da. Ikusgarritasuna ematen dio gure lanari», esan du Rekaldek.

Goizak aurrera egin ahala, gero eta beroagoa da giroa. Zubi zaharraren alde batean, Latxanbre plazan, Euskal Herriko kamiseta azoka dago. Hainbat herritatik joandakoak daude haien diseinuak erakusten eta saltzen. Sara eta Itsasuko (Lapurdi) Ez Kexa arropa markakoek, esaterako, propio elastiko berri bat eraman dute: Zapata azule. «Zapatistei ere keinu eginez», dio Jon Paternek. 2018an txapelketa irabazi zuten, eta zera gogoratu du: «Festa ere kristorena da hemen». Oiartzungo (Gipuzkoa) Xipiroi markakoek serigrafia artisaua egiten dute, eta Xabi Garate sortzaileak bigarren urtea du Zapato Azulen: «Serigrafia egiten duten beste lagun batzuk ezagutzeko primerakoa da hau, ikusgarritasuna emateko ere bai». Elorrioko (Bizkaia) Agurtzane Ugaldeak, berriz, 20 urte daramatza jaira joaten: «Asko gustatzen zait hona etortzea». Piztiak musika taldekoak ere ari dira kamisetak saltzen.

Zubi zaharraren beste aldean, kuadrillak poteoan hasiak dira. Erik Osa Radixuko kidea zubian bertan da, pasatzen den jendeari pegatinak banatzen eta dirua biltzen. «Jaiaren itzulerarekin oso pozik gaude. Giroa badago». Irrati libreak ez du txosnarik jartzen Zapato Azulen. Baina aurten badute berrikuntza bat: Auiminyuniblu Boga! garagardoa. Irratiko kamiseten mahaian bertan ari dira saltzen.

Dinamartxakoei harrera

Kofradia zaharraren parean, txarangaren doinuekin dantzan ari dira. Gutxi falta da Dinamartxakoak —Dina Bilbao zenaren omenez egiten diren martxak— iristeko. Alai jatetxeko balkoitik, Radixuko Nekane Akarregik abisua eman du: «Albo batera, atzera! Utzi tokia Dinamartxakoentzat». Eta nahiz eta bidea irristakor topatu duten, ohi baino arinago iritsi dira martxetakoak: 150 lagun bizikletan, eta 60 mendizale mendiz mendi. Irrintziak. Txaloak. Harrera bero-beroa egin diete herritarrek.

Aurretik eta ondotik izan dira irrintzi gehiago. Horietako asko Akarregik berak botatakoak. Txalo gehiago ere bai, sarituentzat eta omenduentzat: kamiseta diseinurik onenaren saria Busturialdeko (Bizkaia) Wannalua-rentzat izan da; Ondarroako onena Yaalah-k jaso du. Zapato Azuleko 2022ko omenduak, berriz, Alamedako pentsiodunak izan dira.

Arantza Agorria herritarraren iritziz, Dinamartxaren ongietorria da «momenturik ederrena». Airean nabaritu da herriko jendearen sentimendua une horretan. «Iluntzeko giroa okerragoa da». Hala uste du Esti Aranburuk ere: «Kanpoko jende gehiegi etortzen da arratsaldean, bere onetik ateratzen da». Festa luzea izan da bart askorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.