Artean gaztea eta ezezaguna zenean, 2004. urtean, Nacho Vigalondok zuzendari askoren ametsa bete zuen: Oscar sarietarako hautagaien artean egotea, alegia. Pelikula labur batekin lortu zuen balentria, bere lagun Borja Kobeagarekin batera prestatu zuen 7:35 de la mañana filmarekin.
Izendapenak oihartzun handia izan zuen, eta zinemagileari laburretik luzera jauzi egiteko balio izan zion. 2007an bere lehen pelikula luzea estreinatu zuen, Karra Elejalde eta Barbara Goenaga protagonista zituen Los cronocrímenes, zientzia fikziozko istorio korapilatsua. Ezohiko filma izan arren, harrera ona izan zuen Vigalondoren estreinaldiak.
Bien bitartean, zuzendariak film laburrak egiten segitu zuen, baita telesail batzuetarako gidoiak idazten ere, Muchachada Nui ezagunerako, kasurako. 2011n, Extraterreste iritsi zen, eta orduan erabat argi gelditu zen Vigalondok zinema ulertzeko modu oso berezia zuela. Zientzia fikzioa eta komedia erromantikoa uztartu zituen B saileko ukitua zuen istorio hartan, baina filmak ez zuen harrera oso ona izan.
Ordurako, AEBetara begira zegoen zinemagilea. 2011ko Open Windows nazioarteko ekoizpen bat izan zen, Internet eta informatika kontuak baliatzen zituen thriller-a. Urte berean, oso bestelako kontu batengatik atera zen haren izena hedabideetan.
Izan ere, politikoki zuzenaren mugak ezagutzea tokatu zitzaion Vigalondori. Twitteren egindako txiste desegoki batek oihartzun handia izan zuen, eta, horren ondorioz, haren kontrako sorgin ehiza zabaldu zen. Besteak beste, Espainiako egunkari batean egiten zituen kolaborazioak utzi behar izan zituen.
Klasikoei omenaldia
Azkenean, Colossal-ekin, ematen du zuzendariak aurkitu duela aspalditik bilatzen ari zena. Batetik, Hollywoodeko izar handi batekin lan egiteko aukera izan du, AEBetan egindako pelikula batean. Horrez gain, aukera izan du horrenbeste maite duen zientzia fikzio klasikoari omenaldi sentitua egiteko, begirada garaikide baten bitartez.
Dena den, oraingoan ere gauzak ez dira espero bezain errazak izan. Izan ere, Colossal-en agertzen den munstroak antz handia du Godzilla izaki klasikoarekin. Hori dela eta, Toho ekoiztetxe japoniarrak pelikularen kontrako salaketa jarriko zuela iragarri zuen, plagioa zelakoan. Azkenean, baina, kontuak ez zuen aurrera egin, eta epaiketarik gabe konpondu zen afera.
Gloriak arazo larriak ditu lanarekin eta mutil-lagunarekin, eta, horren ondorioz, New York uztea erabakiko du. Sorterrira itzuliko da, eta hasieran galdu samar ibiliko da aspaldi batean utzi zuen herrixkan. Aldi berean, munduko beste aldean, Seulen, munstro ikaragarri bat hasiko da hiria suntsitzen.
Hasieran, Gloriak telebistaz izango du Koreako gertaeren berri , baina, poliki-poliki, ohartuko da estuki lotuta daudela berari gertatzen zaiona eta Seulen gertatzen ari dena.
'COLOSSAL'
Zuzendaria. Nacho Vigalondo.
Aktoreak. Anne Hathaway, Dan Stevens, Jason Sudeikis, Austin Stowell, Tim Blake Nelson.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2016.
Iraupena. 109 minutu.
Generoa. Zientzia fikzioa. Komedia.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Datorren asteko estreinaldiak
B saila maite duen zinemagilea
Nacho Vigalondok munstroen generoari begiratu dio 'Colossal' filmean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu