Hamar urtetik gora igaro dira Donostiako Aste Nagusian puntu morea hiriaren erdian jarri zutenetik: Bulebarreko kioskoan. «Beharrak hala eraginda» hasi ziren, Ana Txurruka Donostiako Udaleko Berdintasun teknikariak azaldu duenez. Informazio puntua geroago etorri zen, duela zortzi urte inguru. Puntu moreak, batez ere, bi zerbitzu eskaintzen ditu: babesa eta informazioa. «Gazteek orain badakite informazio puntu bat dagoela eta galderak egitera joan daitezkeela, zalantzak argitzera». Horrez gain, erasoren bat sufritzen edota ikusten badute segurtasun puntua izanen dute, babestuak eta adituak izateko. «Horixe da niretzat aurrerapausorik handiena: jakitea festagunearen erdian badagoela eremu seguru bat zeinetan emakumeak babestuta egongo diren», dio Txurrukak.
Sentsibilizazio kanpaina gizartearekin batera eraldatu dela uste du Txurrukak, gizarteak argi duelako bestek askeak izan behar dutela eta «gabezia handiak» daudela hori lortzeko. Bertze aldaketa bat elkarlanarena izan da; orain, Piraten puntu morearekin aritzen dira lanean Bulebarrekoak. Bestak hasi aitzinetik elkartzen dira, koordinazio eta prestakuntza lanak egiteko. Elkarrekin aurrelanketa egiteak emaitza nabaria dakar bestetako puntu moreetara; adituen arreta eta laguntza, Txurrukaren arabera: «Horretan ere, ez daukat zalantzarik aurrerapausoak eman ditugula; orain informazioa eta babesa kalitate askoz handiagokoak dira».
Behin aurrelanketan ari direla, arreta egokia nola landu eztabaidatzen eta erabakitzen dute. Txurrukak dio oinarrizkoena zalantzarako biderik ez irekitzea dela, hau da, sekula ez zalantzan jartzea emakumea kontatzera etorri den hori: «Gero, argi eduki behar da emakumearen borondatea jarriko dugula erdigunean beti». Emakumeak erabakiko du zer egin, eta txandalariek ezinen dute ez bultzatu, ez eta ezertara behartu ere.
«Indarkeria oso normalizatuta dago, eta guretzat ezinbestekoa da jakitea sufritzen dugun hori indarkeria dela, batzuetan ez baitugu identifikatu ere egiten»
ANA TXURRUKADonostiako Udaleko Berdintasun teknikaria
Gizartearen eraldaketa horri jarraikiz, gaur egun Donostiako Udala eta administrazio publikoak behartuta daude sentsibilizazio kanpainak martxan jartzera, eta halaxe gertatzen da Donostian ere. «Ez da gauza berritzaile edo aitzindaririk; legeek eta arautegi guztiek esaten dute egin behar dela», aitortu du teknikariak. Bulebarreko kioskoan jartzen duten puntu morea Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak kudeatzen du, baina bertze elkarte eta batzorde batzuekin elkarlanean ateratzen dute aitzinera; Emagin elkartearekin, kasurako.
Emagin, bertzeak bertze, txandak lotzeaz eta betetzeaz arduratzen da. Urte anitzeko esperientzia du elkarte horrek, eta horregatik hasi ziren elkarlanean Donostiako Udalarekin. «Guretzat ezinbestekoa zen, batetik, ikuspegi feminista profesionala izatea, eta, bestetik, adituak izatea. Lan espezializatu gisa ikusi behar dugu, ardura handikoa baita, delikatua eta krisi egoerak kudeatzea eskatzen duena», azaldu du Txurrukak. Halaber, aitortu du Emagin elkarteak ikuspegi feminista «oso landua» duela.
«Gizartea oraindik ere nahiko matxista da arlo askotan», adierazi du Txurrukak, eta horregatik, askotan, zalantzan jartzen da informazio puntua behar ote den; ezezkoan daude batzuk, jada indarrean dagoelako segurtasun zerbitzua. Txurrukak, kontrara, argi dauka indarkeria «estrukturala» eta «zehatza» dela, eta, beraz, arretak ere «zehatza» izan behar duela: «Festei dagokienez, batzuetan esaten da segurtasuna bermatua dagoela hirian, baina ulertu behar dugu hau ez dela sakelakoa lapurtzea bezala, hau beste neurri bateko arazoa dela».
Eskuorriak
Informazio guneak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu. Batetik, herritarrentzako informazio orokorra: indarkeria matxistaren inguruko oinarrizko azalpenak eta kontzientzia hartzeari lotutako informazioa. «Guztion ardura da indarkeria amaitzea; beraz, halako egoeretan zer egin azaltzen saiatzen gara, eta, bide batez, indarkeriaren garrantzia eskala errealera ekartzen», azaldu du Txurrukak. Aukera bat baino gehiago ematen dizkiote gerturatzen denari, argiago eduki dezan zer egin dezakeen erasoen harira.
Bestetik, eskuorriak banatzen dituzte, besta giroan ibiltzen diren emakumeei autodefentsa jarraibideak emateko. «Indarkeria oso normalizatuta dago, eta guretzat ezinbestekoa da jakitea sufritzen dugun hori indarkeria dela, batzuetan ez baitugu identifikatu ere egiten». Halako indarkeria kasuetan, aukera guztiak dira zilegi, eta informazio puntuan autodefentsaren azalpena eta jarraibide batzuk ematen ahalegintzen dira.
Emakumeentzako eskuorriak prestatzeaz gain, mutilentzat ere egiten dituzte, teknikariak erran duenez, besta giroan ibiltzen direnentzat: «Garrantzitsua da mutilen kuadrilletan ere indarkeria egoerei bide ematen dieten baldintzak gutxitzea». Gizonezkoak ere parte aktiboa izan daitezke indarkeriaren aurkako borrokan, eta hori argi adierazi nahi dute puntu morean.
«Garrantzitsua da mutilen kuadrilletan ere indarkeriari bide ematen dioten baldintzak gutxitzea edo moztea»
ANA TXURRUKADonostiako Udaleko Berdintasun teknikaria
Tabernetara ere joaten dira, banan-banan, eta lokalean erasoren bat gertatzen bada zer egin dezaketen zehazten duen materiala banatu: protokoloa, zuzeneko azalpena eta erakusleihorako pegatina. Tabernak ere eremu seguruak izatea da asmoa.
Azkenik, zerbitzu eta baliabideen inguruko informazioa eta telefonoa banatzen dituzte puntu morean: eraso bat gertatuz gero —larria baldin bada— erasoa jasan duena nora joan daitekeen zehazteko, eta larria ez bada, zer eskubide dauzkan azaltzeko. Gainera, Emakumeen Etxean zer tailer, zerbitzu eta baliabide dauden azaltzen da. Informazio punturako eduki hori guztia adituekin lantzen da lehendabizi, Emaginekin lantzeaz gain, eta eskuorriak osatzen dituzte elkarrekin, digitalki eta paperean banatzeko. «Diseinua urtero aldatzen dugu; edukia, ordea, ez dugu urtero eguneratzen», erran du Txurrukak.
Segurtasun puntua, ordea, «serioagoa» dela uste du teknikariak, eta eraso motaren arabera egiten dute lan. Hau da, protokoloan eraso guztiak jasotzen saiatzen dira, eta, erasoaren ezaugarrien arabera, protokolo bat edo bertze bat aktibatzen dute. Eraso mota guztiak aurreikustea «oso zaila» da, baina larritasunaren arabera sailkatzea da lehendabiziko pausoa: «Hori bereiztea ezinbestekoa da». Larria bada, pauso batzuk emanen dituzte, eta, hala ez bada, bertze bide bat hartu. Kasu bakoitza sailkapen horren arabera aztertu, eta, larria bada, zuzen jarraitu beharreko bide anitz daude.
«Oraingo emakume eta neska gazte asko ez dira aske sentitzen gauez»
ANA TXURRUKADonostiako Udaleko Berdintasun teknikaria
«Atzera begiratzen badugu, ikusten da kontzientzia askoz ere handiagoa dela gaur egun», dio Txurrukak. Kontzientziak arrakasta ekarri du, eta, arrakastak, emaitza. Azken urteetan «aurrerapauso handiak» eman dituzte, teknikariaren ustez, batez ere indarkeria ikusgai jartzeko eta salatzeko orduan. Aurrerapausoak ontzat jotzen dituzte, baina etorkizuneko bidea egin behar da orain. Gizarte heteropatriarkalak «ezinbestean» elikatzen du indarkeria matxista, eta, beraz, gaur egun ere «oso presente» dago joera hori: «Egunero ikusten dugu, nahiz eta askotariko aurpegiekin agertu».
Dena dela, teknikaria itxaropentsu agertu da gazteekin, eta aitortu du zentzuz eta jarrera onez ari direla lanean: «Kontzientzia eta aldarrirako indar handia bildu dituzte». Alabaina, Berdintasun teknikariaren ustez, gazteak gizartearen isla dira, eta jarrera matxista anitz ikusten dira oraindik ere; horregatik, aurten ere, puntu morea jartzeko beharra ikusten dute. «Norbere barrenean dauden ideia eta jokabide matxistak azaleratu egiten dira festetan, eta, urte osoan gertatzen diren eraso matxistak, horrenbestez, indartu egiten dira». Jai askeak eduki nahi dituzte, baina, horretarako, guztiek izan behar dute gozatzeko eta ongi pasatzeko aukera. «Oraingo emakume eta neska gazte asko ez dira aske sentitzen gauez». Horri arreta berezia jarri, eta beharrezko neurriak hartuko dituzte askatasuna bermatzeko. Besta ereduaren gainean hausnartzen, erasoak salatzen eta jarrerak eraldatzen jarraituko dute aurten ere, beraz.

Lan hori guztia Bulebarreko kioskoan eginen dute, hiri erdian eta festen erdigunean egoteko. Kioskoan 13:00etatik 5:00etara bitarte izanen dira; hortik eta 10:00ak arte, Emakumeen Etxean. «Taberna asko itxi egiten dituzte 5:00etatik aurrera, eta banatzaileak iristen dira. Mugimendu handia egoten da, eta kioskoa desagertu egiten da», azaldu du teknikariak. Horixe izan da aurtengo berrikuntzetako bat, toki bakarraren ordez bi erabiliko dituztela. Guztira 21 orduz egonen da puntu morea irekia, eta txanda bakoitzean bi lagun izanen dira, gutxienez. Kioskoa itxi eta Emakumeen Etxea irekitzen dutenean, sakelako telefonoa ere aktibatuko dute, behar izanez gero hara deitzeko: 630-93 49 94. «Batetik, inportantea zen informazio gunea festa eremuan egotea, baina, bestetik, arreta emateko leku lasai bat behar zen, babesleku bat», erran du Txurrukak. Funtzio eta zentzu jakina du etxeak.
Piratak
Zazpigarren urtez jarriko dute aurten Piratek beren puntu morea, Inge Ugarte Piratetako lantalde feministako kideak azaldu duenez: «Garrantzitsua baita edozein gertaera izaten dela ere jendeak erreferentziazko puntu bat edukitzea laguntza eskatzeko eta entzuna izateko». Bestalde, puntu more bat izateak lehen mailako prebentzioan ere eragiten du, adierazten baitu jai gunean ez dela inolako erasorik onartuko eta antolatzaileak halakoen aurka daudela. Gaueko eskaintza hasten denetik bukatzen den arte izanen dira txandalariak puntu morean, eta abordatze egunean are ordutegi zabalagoa izanen dute: «Eguna bera ere bereziagoa izaten delako jaiguneko eskaintzari dagokionez».
2018tik gaur egun arte, aldaketak egin dituzte, bertzeak bertze, kalitatean. «Guk nabarmentzen genuen gauzetako bat zen espezialistek egin behar zutela artatze eta laguntza lan hori, oso momentu zaurgarria delako eta erasoa jasandakoa zaindu egin behar delako», erran du lantalde feministako kideak. Dena dela, Ugartek dio gaurko egoerara iritsi ahal izateko kideek egindako lana «zoragarria» izan dela, eta, esker ona ez ezik «aitortza» ere zor dietela: «Aurrerapauso handiak izan dira, baina hiri guztirako puntu bakarra egotea ez da nahikoa guretzat. Piraten gunea erreferentziazkoa denez gero, hiriko beste gune batzuetan gertatutakoak salatzera etortzen zaizkigu, eta, guk, egoeraren arabera erabakitzen dugu nola bideratu».
Duela hiru urte bertze pauso bat eman zuten piratek, puntu morea mistoa izan zedin. «Asko hausnartu ostean, erabaki genuen erasoen prebentzioa, kudeaketa eta ardurak banatu egin behar direla», azaldu du Ugartek. Piraten mugimenduko kideak prest agertu ondotik, gizonak ere puntu moreko txandetan sartzeko hautua egin zuten, eta irizpide guztiak ondo zehaztu zituzten lehenik. Urteroko txandak ardura handiz bizitzen dituzte, Ugartek azaldu duenez: «Lehen aldia beti izaten da beldurgarri samarra: nahiz eta protokoloaren formakuntza jaso duzun, ez dakizu ondo nola izango den dena. Baina beti saiatzen gara talde orekatuak osatzen eta elkarren zaintzan arreta berezia jartzen, esperientzia ahalik eta ondoena bizitzeko».