Badajozko bazter monumentuz beteak

Extremadurako Badajoz probintziak lurralde zabala biltzen du bere barnean. Paisaia ederra du, bazkaleku, labore lur eta muino antzeko goragune ñimiñoez osaturikoa; horrez gain, herri polit bezain erakagarriak aurkituko ditugu ibilbidean.

2007ko martxoaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aintzakotzat hartzeko moduko aukera franko dugu, Badajozko herririk ezaugarrienetan ibilaldi edo egonaldiren bat egitekotan bagabiltza. Ziur askorik, eta oporraldi luzerik izan ezean eskueran, ezin izango dugu ikusi helmugatzat edo ezinbestean ikusi beharrekotzat jotako den-dena ere. Proposamenetako bat da, besteak beste, lerro bat marraztea hasi Jerez de los Caballerosetik --Badajoz hegoaldean baitago, Huelvaren mugaldean-- eta Meridaraino; toki batetik besterako bitarte horretan hainbat geldialdi egingo ditugu, esate baterako, Zafra herrian edo Tierra de Barros izeneko lurralde arras landa girokoan.

Jerez de los Caballeros da abiagunea, eta ez du zerikusirik Jerez de la Fronterarekin. Sierra Morena mendilerroaren mendebaldean dago, multzo historiko artistiko bat da, eta merezi du han pare bat egunez ibiltzea batetik bestera. Lurralde horietan hurrenez hurren nagusi izan diren kulturen bizitoki izan da aspaldidanik. Feniziarren Ceret eta erromatarren Caeriana izan zen; bada haien iragaitearen arrastorik, kanpoaldeko zenbait aztarnategitan. Toriñueloko trikuharria da aztarrenik zaharrena, hiritik kilometro gutxira. Bisigodoek eta arabiarrek ere beren arrastoa utzi zuten; arabiarrek, batik bat, hiri tontorrean eraiki baitzuten gotorlekua. Izan ere, El-Edrisi geografo arabiar ospetsuaren ustez, Badajoz, Merida edo Evora hiri entzutetsuak bezain garrantzitsua zen Jerez de los Caballeros hiria.

Alabaina, Jerez de los Caballerosen garrantzi historikoa areagotu egin zen XIII. mendetik aurrera, Alfontso IX.aren tropa gaztelarrek hiria hartu zutenez geroztik. La Vila de Xerez zeritzona tenplario beldurgarrien mende geratu zen. Tenplarioek sendotu egin zuten arabiarren babestoki eta gotorlekua, eta harresi handi bat eraiki --auzoetako herri ugariz osaturiko-- Baylato eskualdeko hiriburuarentzat. Harresiak XV. mendearen hirugarren heren arte iraun zuen, orduan erabaki baitzuen Erromak Tenpluko Zaldunen Ordena ahalgabetzea. Elezaharrak dioenez, tenplarioek ez zuten alde egin nahi izan hiri kareztatutik, huraxe izaki Penintsulan geratzen zitzaien gotorleku bakarra. Ahal izan zuten artean aurre egin zieten gaur egun 'dorre odoltsua' esaten zaion horretan, barruti harresituaren erdian kokaturikoan; eman zioten izenak argi adierazten du zer-nola amaitu zuten Jerezko tenplarioek.

Aurrerago, beste agintzaile militar baten esku geratu zen Jerez de los Caballeros, Santiagoren Ordenakoen mende; haren agintaritzarekin batera, biztanle kopurua handitu egin zen, eta, ondorioz, hirigintza garatu. Extremadurako beste herri eta bazter asko bezala, Jerez hiria harro dago Mundu Berriaren konkistatzaile ospetsuen sorlekua izateaz. Erdi Aro garaiko egun loriatsuen ostean, hiriaren beraren hazkundeari lotu zitzaion nagusiki, eta batik bat txerri iberiarretik eratorritako produktuak ekoizteari. Betiere kontuan hartzeko kontua, inondik ere, mahaian otorduren bat egitera esertzen garenerako.

Jerez de los Caballerosen, barruti harresitua da lehen begiratuan ikusten dena; esparru horrek erdigunea du kontrolpean, etxe zuri orbangabeez teilakaturiko kale multzo amaigabea. Horien gaindik, inguruko elizen kanpandorre eskergak baino ez dira nabarmentzen. Almendra baten itxura osoa du, eta kilometro eta erdiko perimetroan hedatzen da, aterik ate --sei inguru-- eta hainbat dorretzar estrategikoetatik zehar. Harresiaren barrutian daude, batetik, gotorleku arabiarra, behin eta birritan sendotua, Al-Andalusekin eta Portugalekin izandako gatazka armatuen eraginez. Eta, bestetik, zalditegiak, patio handiak, ganberak, gelak, kaperak eta baita uraska bat ere. Guztiak ere behinola gune militar izandako esparru horretan eraiki zituzten; eta hiriaren airetiko ikuspegi halako bat eskaintzen digute begien gozagarri, Extremadurako ilunabar epel eta lasaietako argi itzalen pean.

Jerez de los Caballerosen Erdi Aroko barruti horretatik kanpo dagoen bizitegia, berriz, labirinto itxurako kale mordoak osatzen du. Kale estu-estuak eta aldapatsuak direnez, oinez ibiltzea komeni da horietan barna. Kalerik kale, eliza eta komentu pila ikusi ahal izango dugu, bertakoak fededun porrokatuak diren adierazgarri. Badira hainbat etxe dotore edo jauregitxo ere, esate baterako, Las Cigüeñas izenekoa edo Rianzuelako Markesaren eraikina. Nolanahi ere, kalerik kale ibiltzea da onena, nora gabe, hango arkitektura berezia miretsiz eta taberna zuloetatik datorren jai giroaz gozatuz.



ZAFRA ETA TIERRA DE BARROS. Zafra ere ezinbestean ikusi beharreko herrietako bat da, Extremadurako maparen beheko aldean. Emeritaren (Merida) -erromatarren garaiko Lusitaniako hiriburuaren- eta Betica Hispalisen (Sevilla) artean egotea erabakigarria izan zen inperioan bete zuen eginkizunari dagokionez, ez baitzen nabarmentzeko modukoa izan. Garaiko erraldoi biren arteko igarobidea baino ez zen izan; Zilar Bidea zeritzon erromatar galtzada entzutetsua bitarteko lotzen zituen bata eta bestea.

Baina Zafra arabiarren eraginpean egon zen garaian, lehen mailako garrantzia bereganatu zuen, Badajoz eta Sevillako taifa erreinuen mugaldean kokaturiko babestoki eta gotorleku izateagatik. XIII. mendean Leongo tropen esku geratu zen eta, hurrengo mendean, Feriako jaurerriak bereganatu zuen; eta, suarez-figueroatarren kudeaketari esker, etorkizuneko ardatz nagusi gisa bultzatu zuten Zafra. Alcazar inguruan eratu zen hirigunea, eta eskulangintza bilakatu zen hiriko ekonomiaren eragile. Gaur egun ere hala da. Zafrako eskulangintza suharraren eraginez, azokak eraiki zituzten ekoitzitakoa non saldu izateko. Azoka haien arrakasta ikusirik, San Joan eta San Migel egunetako azokak antolatu zituzten. Haien oinordeko da, hain zuzen, gaur egun Zafran egiten den eskulagintza azoka, Espainiako handienetakoa.

'Sevilla txiki' ere esaten zaio Zafrari, balkoiz apainduriko etxe zuriei darien kutsu andaluziarra aipatu nahirik. Zafrako monumentu gune aipagarria da, besteak beste, Feriako dukeen Alcazar eraikina; hiriko erdigune historikoan dago eta XV. mendean eraikitakoa da. Almenadun eraikina da eta oin angeluzuzenekoa. Oinak ia hogeita hamar metroko dorre bat du atxikia euskarri gisa, eta dorrearen Erdi Aroko oinoholek irudi geometrikodun margolanak ageri dituzte. Kanpoaldean, berriz, beste zortzi dorre --txikiagoak-- ditu. Barrualdean, bestalde, Pizkunde garaiko patio bat du, bizitegi itxura areagotzen diona. Patioaz gozatu nahi izanez gero, ordea, garesti ordaindu beharra dago, turismo ostatu batek hartua baitu bere gain gaur egun.

Alcazarretik hegoalderantz, kale bilbaldura interesgarria hedatzen da, eta horren barnean daude: udaletxea, XVI. mendeko komentu zahar bat, eta Solandako markesen jauregia, Extremadurako arkitektura neoarabiarra deiturikoaren adierazgarri fina. Alderdi horretatik jarraituz gero paseoan, aise topo egingo dugu Plaza Handia eta Plaza Txikia izenekoekin. Plaza horien izena eta izana bat-bat datoz; etxebizitzaz inguratuta daude, eta horiek euskarri dituzten ataripe arkudunek ematen diete aparteko edertasun hori. Zafran dauden gainerako eraikin antzinakoak erlijio helburu batekin sortu zituzten. Bat edo bat nabarmentzekotan, Santa Maria Kandelariokoaren tenplua aipatuko dugu, Zurbaranen hamar erretaula gordetzen baititu.

Zafra da, bestalde, Tierra de Barroserako sarbidea. Meridaraino hedatzen da Tierra de Barros, eta toki garrantzitsuak aurki daitezke lurralde horretan zehar, Feria herrixka kareztatua esate baterako: ezaguna, oso, jauregiaren ondoko haitz baten gailurrean dagoelako batik bat. Ordeka osoa nekazaritza laboreetako egokia menderatzen du han gainetik, eta, azken batean, horregatixe deritzo 'Extremadurako itsasargia' ere. Jauregi hori ikusteko ez ezik, ordea, merezi du Ferian barna paseoan ibiltzea.

Tierra de Barrosetik Meridaraino geratzen zaigun ibilbideak ez digu izuikara handirik eragingo. Villaba de los Barros, Fuente del Maestre edo Almendralejo herriak, besteak beste, labore lurrei zeharo emanda bizi diren adibide garbia dira, lursailez erabat inguratua baitaude begien ikusmira osoan. Halere, zenbait gaztelu nahiz jauregi txikik, edo beste hainbat ondarek ere ondo merezia dute geldialdi laburren bat.



EMERITA AUGUSTA, LUSITANIAKO HIRIBURU. Erromako Inperioak behin bere mende hartu zuelarik Iberiar Penintsula osoa, hiru probintziatan banatzea erabaki zuten; Lusitania izena eman zion hegoaldekoari, eta Emerita Augusta (Merida) izendatu zuen hango hiriburu. Hala, K.a. I. mendearen amaiera aldean, eta Oktavio Augusto enperadorearen aginduz, Guadianaren ibaiertzeko herrixka batean kokatu ziren V Alaudae eta X Gemina legio beteranoak. Handik aurrera eta hainbat menderen joanean, Mendebaldeko Erromako Inperioaren gune juridiko, ekonomiko, militar eta kulturala izan zen, hura gain behera etorri artean. Hondamendiaren ostean eta bereganatua zuen garrantzia zela bitarteko, lehenik sueboek eta ondoren bisigodoek ere jarraitutasuna bermatu zioten hiriburuari. Hala gertatu zen arabiarrak heldu ziren arte; haien etorrerak --tradizioan beste hainbat lekutan gertatu izan zenaren aurka-- beheraldi halako bat ekarri zion, aurreko aldietan goi-goian jarria zuen mugarekin alderatuz gero.

Harrezkero, Meridako biztanleek pairatu behar izan zituzten gorabeherek ez dute inolako zerikusirik erromatarren inperioak eskaini zizkieten opari historikoekin. Txalotzeko modukoa da zein ongi gorde izan diren hirian bildutako hainbat eta hainbat pieza arkeologiko; nolanahi ere, badirudi askoz ere egoera hobean zeudela Bonaparteren tropak handik iragan baino lehen. Arabiarren gotorlekuaren geldikinak alde batera utzirik, erromatarrak handik iragan izanaren ondorio dira garrantzi apurren bat duten gainerako ondasunak. Ez da harritzekoa, beraz, Gizadiaren Ondaretzat izendaturikoen artean egotea multzo arkeologiko hori. Eta, Extremadura Espainiako Estatuko autonomia erkidego bilakatu zenean ere, Merida aukeratu zuten hiriburutzat ezbairik gabe.

Meridan zehar eta ingurumarietan barreiaturiko aztarna erromatar mordo horretatik, badira batzuk ezinbestean ikusi beharrekoak; ezin barkatuzkoa litzateke horietan apur bat ez geratzea. Zirkuan, esate baterako: erromatarren inperioko handienetakoa, luzean ia 500 metro eta zabalean ehun metrotik gora den oina duena. Zirkuan ditugu ikusgai, orobat: «caves» zerizten harmailak, gizarte mailaren arabaera bereizitakoak; dozena bat «carceres» edo zalditegi; «espina» izeneko ardatz nagusi edo bizkarrezurra, hondarra bitan banatzen zuena; eta, «porta pompe» edo zeremoniazko segizioarentzako atea zena.

Berebiziko gunea da, bestalde, anfiteatroa eta antzokia biltzen dituena. Antzokia, Marko Agripak babestu baitzuen, hiriaren sortze datakoa da ia, eta 6.000 lagunentzako tokia dauka harmailetan; hantxe eserita ikusten zituzten agertoki gaineko antzezlanak. Oholtzak, berriz, sarguneak ('valvas') ditu, eta bi ilara zutabe, gainjarriak. Agertokiaren atzealdean badira beste hainbat zoko: lorategi bihurturiko peristiloa, eta, ganbera angeluzuzen bat, enperadorea gurtzeko. Antzokiari atxikita dago anfiteatroa, gladiadoreen eta ani- malia basatien ikuskizunetarako: 14.000 ikuslerentzako tokia du; gune horrekin burutu zituzten Emerita bezalako hiri batean ezinbestekoak ziren ikuskizun guneak eraikitzeko lanak.

Aisialdirako eraikin horiez gain, bi ubide edo akueduktu daude; ez da sinestekoa gaur egun ere oraindik hain sendo eta irmo dirautela ikustea. Bata bestearekiko paraleloan daude, apur bat aldendurik, eta Albarregas ibaiertzaren ondoan lorategi bihurturiko gune batean, Meridako iparraldean. San Lazaro izeneko akueduktuak sendoagoa dirudi, ez delako hain garaia, eta murruz eta arkuz eraikita dagoelako. Los Milagros akueduktua, aldiz, lan eskerga da, txapela kentzeko modukoa. Biak ere, Proserpinako --Meridatik bost kilometrora-- urtegitik ura garraiatu ahal izateko eraiki zituzten.



turismo argibideak

Jerez de los Caballeros.www.jerezdeloscaballeros.es Tel.: 924-730 372.

Villafranca de los Barros.www.villafrancadelosbarros.es Tel.: 924-520 835.

Zafra.www.zafraturismo.com Tel.: 924 551 036.

Merida. Turismo bulegoa, Santa Eulalia, 64. Tel.: 924- 330 772.

Info Extremadura.www.turismoextremadura.com.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.