Hor dator, itsasoan barrena. Pasaiako badiatik begiratuz gero, ostertzean ikus daiteke Zabarre pirataren itsasontzia, olatuen gainean. Urtebeteko ondasunak bildu, eta Lezora (Gipuzkoa) bidean da berriro ere, herritarren artean altxorra banatzeko. Lezoko mendekosteak ailegatzear diren seinalea da.
Gaur iritsiko da Zabarre kaira(17:45), eta ongietorria egingo diote lezoarrek. Ohitura bihurtu da, jada, Zabarre taldeak antolaturiko egitasmoarekin hastea festak. Familia osoak gozatzeko moduko ekitaldia da, eta Lezoko Udalak eskatu du jendea mozorrotuta joateko eta gurasoek balizko istripuak saihesteko arreta berezia jartzeko.
Aldarrikapenetik ere badu egitasmoak, Zabarre taldekoek azaldu dutenez, «Lezok bere garaian itsasora bidea irekia zuen, baina, gaur egun, Pasaiako badian egon arren, ez dugu itsasoarekin lotura handirik. Ongietorria kaira eramanda, lotura hori aldarrikatzen dugu».
Baina Zabarrek ez ditu herritarrak soilik zain, Perutxo jauntxoa ere esperoan dauka, hura atxilotu eta lapurtutakoa berreskuratzeko asmoz. Jaiak gozatzen uzteko eskatuko dio Zabarrek Perutxori, eta igandean eskatzeko kontuak. Hala, etzi antzeztuko dute Zabarreren eta Perutxoren agurra. «Antzezlana desberdina izan ohi da urtero».
Etziko antzezlanaren aurretik, baina, badaude ekitaldi gehiago. Gaur, Zabarre iritsi ondoren, Pirata txikiek jaiei hasiera emango diote Gurutze Santuaren plazan (19:00), txupinazoarekin. Ondoren, herritarrek afari autogestionatua egingo dute —bakoitzak bere janaria eraman beharko du—, elkarrekin eta giro onean, mendekosteetako lehen otorduaz gozatzeko. Gainera, gauerdira arte jarriko du musika DJ Ikerrek.
Hogei bat pertsonak osatzen dute Zabarre taldea, eta azaldu dute badira aste batzuk entseguak egiten hasi zirela eta herritarrak ikuskizunaren musika entzuten ari direla. Ikastoletan ere azaldu dira Zabarre eta Perutxo egunotan. Helburu xumearekin hasi zenak «izugarrizko neurria hartu» du urteen poderioz. Zabarre pirata Lezoko ikurretako bat bihurtu da dagoeneko.
Mendekosteak Lezon
Badator Zabarre pirata festei hasiera ematera
Zabarre pirataren ongietorriak emango die hasiera Lezoko mendekosteei. Gaur iritsiko da kaira, eta zain izango ditu lezoarrak, asteburu osoa iraungo duten festekin gozatzeko irrikaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu