Badatoz inauteriak

Kaldereroek, Inude eta Artzainek eta Santa Ageda bezperako eskeak bat egingo dute gaur eta bihar, besteak beste, hainbat herritan

Donostiako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala Lasala plazatik abiatuko da aurten. LIDE FERREIRA / IRUTXULOKO HITZA.
Maialen Unanue Irureta.
2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Gero eta hurbilago daude inauteriak, eta bereziki nabarituko da hori gaur eta bihar. Izan ere, kaldereroak eta Inude eta Artzainak kalera aterako dira Euskal Herriko hainbat lekutan, inauterien iragarle. Donostian, esaterako, biak ospatuko dituzte. Gaur, kaldereroen txanda izango da: hamazazpi konpartsak girotuko dituzte auzoak aurten. Horietako bat sortu berria da, Intxaurrondo Hegoa konpartsa, eta Baratzategi kaletik aterako da. Zortzi konpartsa aterako dira gaur, eta bi hilaren 9an, ostiralean —atzo atera ziren gainontzeko zortziak—. Kaldereroen Konpartsa Tradizionala, berriz, Lasala plazatik abiatuko da aurten, 21:45ean, eta, ohi bezala, hemeretzi tribuk osatuko dute. Erregina eta haren damak Kukai konpainiako Nagore Martinez, Nerea Vesga eta Vanesa Castaño dantzariak izango dira aurten, hurrenez hurren.

Bihar ospatuko dute Inude eta Artzainen eguna, eta 150 lagun inguruk parte hartuko dute desfilean: inudeak eta artzainak, danbor jotzaileak eta beste hainbat pertsonaia gorpuztuko dituzte. Kresala elkartekoek Parte Zaharrean desfilatuko dute, Groseko Inude eta Artzainak auzoan bertan ibiliko dira, eta Ikasbide elkartearen konpartsa, berriz, Amaran. Horrez gain, Antiguotarrak euskal dantza taldeak ere inude eta artzainen desfilea egingo du Antiguan, gaur zortzi, hilaren 10ean.

Konpartsen asteburua

Donostiakoak ez ezik, Irungo eta Tolosako (Gipuzkoa) kaleak ere beteko dira kaldereroz. Tolosan, egun osoan hainbat ekitaldi egingo dituzten arren, iluntzean izango da desfile nagusia: Plaza Zaharretik aterako da konpartsa, Urdiña Txiki elkartearen eskutik, 19:00etan. Ordu berean aterako da Irungoa ere, Alberto Anguera plazatik. Irunen, gainera, Inude eta Artzainen konpartsa aterako da: bihar izango da, Santiago kalean hasita. Ezaguna da, baita ere, Berako (Nafarroa) inude eta artzainen desfilea: han, ordea, hurrengo igandean egingo dute, hilaren 11n.

Bestelako plana dute gaur Bilbon: kopla txikien lehiaketa egingo dute Kafe Antzokian: kantua, umorea, satira eta mozorroak uztartuko dituzte ekitaldian. Horren ostean, The Bon Scott Band taldeak kontzertua emango du, doan.

Iruñean, Kaldereroak eta Santa Ageda bezpera ospatuko dituzte. Kauteren kalejira San Lorentzo kaletik hasiko da gaur, 11:00etan: hantxe elkartuko dira Iruña taldeko zaldiko eta musikariak, San Lorentzoko dantzariak, Iruñeko gaiteroak, suzko erraldoiak eta beste zenbait talde. Herri kalejira arratsaldean egingo dute, 18:00etan, Nabarreria plazatik abiatuta. Bihar, berriz, Santa Ageda bezpera ospatuko dute Euskaldunon Biltoki elkartearen egoitzan, Txantrean, 18:30ean.

Miarritzen (Lapurdi), astelehenean egingo dute Santa Agedako eskea: arratsalde osoa emango dute kantuan, eta 17:00etan herriko etxera iritsiko da.

Kaldereroak, Inude eta Artzainak eta Santa Ageda

Gaur eta bihar, Donostian eta Iruñean, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.