Ezarian. Euskal Herriko portuak. Pasaia (II)

Badia naturaleko portu naturala

Erromatarrek eta erregeek erabilia. Ezinezkoa da jakitea noiz hasi ziren Pasaiako portu naturala erabiltzen, baina gutxienez 2.000 urteko historia gordetzen dute Jaizkibel inguruetako urek.

Iberiar penintsulako arrantza portu nagusienetako bat izan zen garai batean Pasaiakoa. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Bizkaiko itsasoaren kostan, Donostiatik bost kilometrora. Hantxe dago Pasaiako portua, eta han egon da beti. Euskal kostarekin, eta batez ere Pasaiarekin, lotura zuzena du portuak. Izan ere, ez da gizakiak sortutako portua, portu naturala baizik. Naturak sortu zuen portua han, gizakiaren esku hartzerik gabe.

Ezinezkoa da jakitea noiz hasi ziren gunea ustiatzen. «Uste dut, leku naturala izanda, gizakia bertara hurbildu zenetik eta arrantzarako leku egokia zela ikusi zuenetik erabiliko zutela, baina auskalo noiztik erabiltzen den», esan du Xabier Alberdi historialariak.«Aurkitu diren lehen aztarnak erromatar rengaraikoak dira, orain dela 2.000 urte ingurukoak. Ez daukagu garai hartako dokumenturik; han eta hemen egindako aurkikuntzetan oinarritzen gara». Arditurriko meatzeek, Jaizkibel mendian aurkitutako Burdin Aroko erromatarren Mukitar izeneko topaguneak, erromatarrek ustiatutako meatzeak eta beste hainbat aurkikuntzek baieztatzen dituzte adituen usteak. Erromatarrek sortutako Oiasso hiriarekin ere bazuela lotura uste dute.

Erromatarrez gain, erregeak ere pasatu ziren bertatik. 1180. urteinguruan, kostaldeko lehen hiribildua sortu zuen Antso VI.ak: Donostiako hiribildua. Erdi Aroan, hiribilduarekin lotuta egon zen portua, eta mendeetan erregearen eta Donostiako merkatari eta armadoreen eskura egon zen: neguan itsasontzi eta arrantzontzi handiak gordetzeko erabiltzen zuten. «XVI. mendean, adibidez, han gordetzen zituzten Ternuara eta Artikora-eta joaten ziren baleontzien eta bakailaontzien flotak». Eta ez haienak bakarrik, «Lapurdiko baleazale eta bakailaozaleen flotaren zati bat ere gordetzen zuten».

Portuak, badia naturalean egonda, ezaugarri naturalak ditu. 1.200 metroko kanala du; 80 metroko zabalera eta 10 metroko sakonera. Ezaugarri horiei esker,historikoki, oso garrantzitsua izan da. Egungo itsasontzi handientzat neurriak ez dira nahikoak, eta sakonera arazoak izan ditzakete, baina «bere garaian ez zuen sakonera arazorik, nahikoa ur zuelako. Nabigatzeko oso egokia zen, eta babes portu oso ederra».

Jarduera askoren gunea

Hainbat jarduera izan dira betidanik portuan. Nagusienak, arrantza eta merkataritza. Bakoitzak bere urrezko garaia eta beherakada izan ditu, baina gorabeherak gorabehera, biek aurrera jarraitu dute.

XVI. eta XVII. mendeetan arrantza zen portuko jarduera nagusia. «Alturako arrantza egiten zuten gehienbat. Baleak eta bakailaoa arrantzatzen zituzten nagusiki, eta bidaia luzeak egiten zituzten: Ternuara eta Artikora, besteak beste». Legatzetan-eta ibiltzen zen arrastreko flota bat ere bazegoen.

Baxurako arrantza ez zen asko garatu, Donostiako Udaleko legediak muga ezarri zuelako: «XVI-XVII. mendeetan udalak hainbat legedi zituen, eta, ondorioz, baxurako arrantza ez zen garatu Mutrikun edo Getarian bezala, baina horrek alturakoa erabat garatzea ekarri zuen».

Arrantza jarduera merkataritza jardueren itzalpean geratu zen askotan; XVIII. mendean, esaterako. «Garaiak egon dira, batzuetan bat egon da goian eta bestea behean, baina inoiz desagertu gabe, biek jarraitu dute». XX. mendean gorakada nabarmena izan zuen arrantzak. 1919. urtean, Pysbe enpresa sortu zuten, bakailaotan aritzen zen enpresa. Atzetik beste hainbat enpresa sortu zituzten, eta, ondorioz, hainbat urtetan arrantza portu nagusiena izan zen. Ia 300 bakailaontzi biltzera iritsi ziren. Orduan, bakailaoarekin batera, legatza eta zapoa arrantzatzen zuten batez ere.

Egun, hirurehun itsasontzi haietatik oso gutxi aritzen dira Pasaiako uretan. «Arrantza gain behera dator», dio Alberdik. Portuko jarduera osoaren ehuneko oso txiki bat hartzen du arrantzak, baina oraindik badira ontziak eta arrantzaleak. Bakailaotarako ontzi bat geratzen da: «Aipatzekoa da Euskal Herriko bakailao flotaren %100 Pasaian dagoela». Pasaiatik irten eta Groenlandiara joaten dira bakailaoa arrantzatzera. «Historikoki eta kulturalki begiratuta benetan esanguratsua da Pasaian bakailao flota bat mantentzea, nahiz eta oso txikia izan».

Arrantzarekin oso lotuta zegoen ontzigintza. XIV. menderako, itsaso zabaleko ontzien konpontze eta fabrikazio lanetan aritzen ziren Pasaian. Izan ere, errege-erreginen ontziolak han kokatzen ziren. Hala ere, XVI. XVII. eta XVIII. mendeetan hartu zuen indar handiena, ontzien eraikuntza lanetan espezializatu zenean portua. 1729. urteak sekulako garrantzia izan zuen ontzigintza indartzeko garaian. «Compañia Guipuzcoana de Caracas konpainia sortu zuten, eta haien ontziak han eraiki, hornitu eta gordetzen hasi ziren, eta horri esker, Pasaiakoa ontzigintza gune garrantzitsua bilakatu zen».

Arrantzaren eta merkataritzaren nolabaiteko lehian, merkataritzak izan du garai onik; XVIII. mendean, esaterako. Caracasko Errege Konpainiaren gune nagusia zen, eta horrek leku handia ematen zion portuari.

Ezagutzen diren lehen merkataritza jarduerak Erdi Arokoak dira. Inguruetako burdinoletako produkzioa eta Nafarroako artilea esportatzen zuten, eta Europako manufakturak inportatzen.

Egun, merkataritza portua

Gaur egun, merkataritza portua dela esan daiteke. Egunero ikus daitezke itsasontziak iristen eta irteten kanalean barrena. Merkataritza jardueretarako hamazazpi garabi daude, bakoitza indar batekoa, salgai motaren edo beharren arabera portuan zehar banatuta. Hala, salgai mota guztiak lantzeko eta garraiatzeko aukera dute.

Produktu siderurgikoen salerosketa da Pasaiako portuko egungo jarduera nagusia. Gipuzkoan sektore siderurgikoak duen garrantziaren isla da. Txatar kopuru handiak inportatzen dira urtean, milioka tona, eta zirkulazioaren %36 hartzen du. Gainera, manufakturatutako produktu siderurgikoak ere handik ateratzen dituzte, eta jarduera guztien %27 inguru hartzen du. Arcelor taldea da berezo nagusietako bat. Portuko jardueraren %63, beraz, produktu siderurgikoen salerosketan biltzen da.

Neurri txikiagoan bada ere, beste produktu batzuk ere inportatzen dira: ikatza, aluminioa, granitoa, ongarri naturalak eta artifizialak, zementua, zura, papera eta zerealak , besteak beste.

Bigarren jarduera autoen inportazioa eta esportazioa da. Horretarako, 170.000 metro karratuko eremua dute, eta 600.000 ibilgailu mugitzeko gaitasuna dute. 80ko hamarkadatik, lau milioi auto baino gehiago kargatu eta deskargatu dituzte, batez ere, Opel, Mercedes eta Volkswagen etxeetakoak.

2.000 urte pasatu dira, gutxienez, Pasaiako portua erabiltzen hasi zirenetik. Beherakada handia izan du orain dela mende batzuekin konparatuta, «Bilbo batekin alderatzen baduzu, ez du inola ere hark duen dinamismoa». Baina «kontua da portua aktibo dagoela eta bizirik jarraitzen duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.