Komunikazioa. Ekografiak

Baikortasuna

Jokin Labaien.
2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Ez da denbora asko ETB2 kateak saio berri bat martxan jarri duela. Bi aldiz ikusi dut Menú Estress, Ibon Uzkudunek gidatzen duen saioa. Lehen aldian galduta utzi ninduen, ulertu ez banu legez. Bigarrenak hirugarrena izateko gogoa kendu zidan. Eta hara non, atzo goizean egunkaria hartu eta aurkezleari berari egindako elkarrizketa bat aurkitu nuen. Izenburu ederra zuen: «Sukaldaritzako eztabaida positibo bat sortu nahi dugu lehiaketaren bidez». Eskerrak. Izan ere, hori ez dator bat nik bitan ikusitakoarekin. Jarrera baikorra baino gehiago, etsipen puntu bat dario saioari. Minutuak aurrera joan ahala, aurkezleak bere zeregina betetzen duen bitartean, lehiakideak kexua kexuari lotuz aritu ohi dira. Saioaren izenak berak adierazten du haien lehen etsipena zein den. Ez dute nahi luketen baliabiderik eta erraztasunik beren lana egiteko, eta horrek lehen unetik goibeltzen ditu, ez baitira sukaldari profesionalak. Beren intentzio onenarekin sukaldeko lanetan murgiltzen direnak baizik, etxean, elkarteetan eta egun berezietan. Ez dute testuingurua kontrolatzeko aukerarik izaten. Egin beharrekoa esan eta bi ordu ematen dizkiete beren maisutasuna erakusteko. Astero lauk. Batek, lehen platera; hurrenak, arraina; beste batek, haragia, eta azkenak, berriz, postrea. Etsita ageri dira beren zereginetan. Ohartzerako, gonbidatuak prest mahaian. Haiei justifikatu behar izaten diete egindakoa eta egin gabekoa. Mahaiaren bestaldean, gastronomiako aditu bi eta gonbidatu ezagun bat. Esaterako, Oscar Terol eta Oinatz Bengoetxea. Etsipena nagusitzen den bigarren aldia izaten da hori. Normalean, gonbidatu berezia sinpatiko hutsa izaten da. Dastatua gustatu ala ez, egiati baina jator, baikor. Gastronomiako adituetako bat zorrotz baina alde onak azpimarratuz aritu ohi da. Eta azkena, horrek bai jakin, Risto Mejide sindromez mintzatu ohi zaie. Gordin, egin dutenarekiko errespetu gabe eta harroxko. Inork ez dugu haren jakituria zalantzan jarriko. Baina ez du naturaltasunez egiten, begien bistara behinik behin. Eta ez du sukaldaritzarekiko eztabaida positiborako aukerarik uzten. Lehenik eta behin, sententziak ematen dituelako iritzien lekuan. Azkenik, baikortasuna lortzea zaila delako lehiakideak umiliatu eta gero.

Eta hori guztia, asteroko irabazleari ematen dioten El Corte Ingleseko 300 euroko txekearen truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.